euskal diaspora eta kultura

2008/07/24
Argentinako FEVA euskal etxeen elkarteak Gastronomia Proiektua sustatzen du eta horren barruan Borja Blazquezek sukaldari donostiarrak Buenos Aireseko Laurak Baten ikastaroa emango du datorren ostegunean. Ikastaroa dohainik izango da baina Blazquezek proposatuta partehartzaileek jaki ez galkorrak eraman beharko dituzte. Biltzen den janaria Jose C. Pazeko itsuentzako eta elbarrientzako 503. eskolarentzat izango da.
2008/07/24
Eusko Jaurlaritzak fresatzeko makinen hainbat dohaintza egin ditu aurten, Argentinako eskola teknikoentzako. Lan-pieza baten azaletik metala kentzeko askotariko ahoak erabiltzen dituen tresna hau jaso duen azkeneko zentroa Las Floreseko (Argentina) 1go Eskola Teknikoa izan da. Dohaintza ekitaldian Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko arduradun eta kideak, eta Cesar Arrondo irakaslea aritu ziren. Azken hau fresatzeko tresna emateaz arduratu zen eta 'Gaurkotasuna eta Euskal Kultura' gaiari buruzko hitzaldia eskaini zien zentroko ikasleei.
2008/07/23
Espainiako Urruneko Hezkuntza Unibertsitate Nazionalak (UNED, Universidad Nacional de Educación a Distancia) euskara eta euskal kultura ikasketak eskainiko ditu datorren ikasturtetik aurrera bere zentro guztietan, Eusko Jaurlaritzarekin sinatuko duen hitzarmena medio, adierazi zuen atzo euskal exekutiboak astearteroko ohiko bileraren ostean. Horrekin batera, Jaurlaritzak beste zazpi unibertsitaterekin ere hitzarmenak sinatzea onetsi zuen, haien baitan ematen ari diren euskara eta euskal kultura ikastaroen segida bultzatzearren.
2008/07/23
2008/07/23
Tandileko Euskal Etxeak bat egin zuen Nafarroan eta Diasporako hainbat lekutan ospatu diren Sanferminekin eta ganoraz egin ere, euskal elkarteak astebeteko ekitaldi egitaraua antolatu zuen eta. Jarduerak kultura, elkartasuna eta euskal ohitura eta dantzen sustapena izan dute helburu. Ekimenak uztailaren 7an hasi eta 13an bukatu ziren, elkarteko kide asko eta herriko lagun andana bildu zituen afari batekin.
2008/07/22
Gaudeamus Korala talde bizkaitarrak urrezko bi domina eta zilarrezko beste bat lortu zituen Austrian hilaren 9tik 19ra bitartean egin ziren Abesbatza Olinpiadetako bosgarren edizioan. Bi taldetan banatutako 8 eta 20 urte bitarteko haurrek hiru kategoriatan parte hartu zuten: Erlijiosoa, Polifonia eta Haur Polifonia. Gogor saiatu dira gernikarrak hain maila handiko ekitaldiraino iristeko, baina emaitza ere handia eta 'oso ona' izan dela aitortu du abesbatzako zuzendari Julia Foruriak.
2008/07/22
Oroitzapen ederrak eta egindako lanarengatik atsegina, horixe utzi du Txileko Santiagoko Euskal Etxeak antolatutako I.go Nazioarteko Dantza jaialdiak. Hitzordua 'arrakastatsua' izan zen, 'bai maila artistiko eta ikusle kopuruari dagokionez', antolatzaileek adierazi dutenez. Euskal Etxera bildu zirenek munduko hamaika dantza ikusi eta gozatu ahal izan zituzten: euskaldunak, arabiarrak, Pascua irlakoak, aymarak, zeltak...
2008/07/22
Nazioartean ospe handia duen San Fermin jaiaren ospakizunak mirespena jasotzen jarraitzen du munduan zehar, besteak beste Diasporan dauden euskal etxeei esker. Chascomuseko Zingirako Euskaldunakek, adibidez, santua euskal dantza erakustaldi batekin omendu zuen. Ekitaldian Aurreskua, San Migel eta Ezpatadantza bezalako dantzak ikusi ahal izan ziren eta jaia girotzeko zapi gorri tradizionalak salgai jarri zituzten Txikien Amen Taldekoek.
2008/07/21
Argentinako Entre Rioseko Urrundik Euskal Etxeak eta Paranako Xake Biltokiak probintziarteko Xake Eskolen arteko topaketa antolatu zuten uztailaren 12an euskal elkartearen egoitzan. Ekitaldian 50 neska-mutil baino gehiagok parte hartu eta egunean zehar xakemate, endroke eta beste mugimenduek hartu zuten euskal elkartea. Mauricio Daros eta Franco Zamboni izan ziren garaile kategoria bakoitzean. Herriko zenbait hedabidek jardunaldia jarraitu zuten.
2008/07/21
Euskal Herritik etorritako gonbidatu bereziek parte hartu zuten pasa den asteazkenean Buenos Aireseko Euskara Ikastolak (Euskaltzaleak) antolatutako kultur ekitaldian. Alde batetik, Koldo Zabalondo arotzak Euskal Herria, baserria eta haritzari buruzko hitzaldia eman zuen. “Baserrietako sukaldea euskararen santutegia, tenplua da” azpimarratu zuen Zabalondok. Bestalde, Basauriko Soinu Bidea abesbatzak kontzertua oparitu zien Mexiko kaleko egoitzara hurbildu ziren hainbat ikasle eta bazkideri. Emanaldia bukatzean, gonbidatuek eta etxekoek askaria egin zuten eta goizaldeko ordu txikiak arte kantuan aritu ziren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus