euskal diaspora eta kultura

2008/09/25
Nekane Echeverria azpeitiarra 1982tik bizi da Argentinako Chaco probintziako Resistencia hiriburuan, senarrarekin batera bertara aldatu zenetik, eta 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide da. Immigrantearen Eguna ospatzeko ekitaldietan, Chacoko Diputatu Ganbararen omenaldia jaso du, beste hainbat nazionalitatetako jenderekin batera, komunitateari eginiko ekarpenengatik.
2008/09/25
Juanjo Olasagarre idazle arbizuarrak Italiako hainbat hiritan 'Ezinezko maletak' eleberriaren itzulpena aurkeztuko du. 'Valigie impossibili' izenburuarekin argitaratu du liburua Gran Via argitaletxeak, Roberta Gozziren itzulpenarekin. Liburua 2004an plazaratu zen eta urte berean Kritikaren Saria jaso zuen. Aipatzekoa da gaztelerazko itzulpena oraindik ez dagoela kalean, urriaren amaieran plazaratuko baitu Bassarai argitaletxeak. Italiako aurkezpenak asteartean, irailaren 30ean, Milanen hasiko dira eta ondoren Turinen (urriaren 1ean), Erroman (urriaren 2an) eta Pontederan (urriaren 5ean) izango da Olasagarre.
2008/09/25
2008/09/24
2008/09/24
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak lagunduta, Globalkultura Elkarteak "II. Memoriaren sareak 08" literatur lehiaketa antolatu du. Gizartea sentiberatzeko asmoarekin antolatzen den lehiaketa honek historia ezagutzea eta babestearen garrantzia nahi du zabaldu. Horretarako, 1901-2000. urteen arteko 160 bat argazki jarri ditu bere webgunean eta lehiakideek kontakizun labur bat osatu beharko dute horietan oinarriturik. Argazkiek Bizkaiko irudi, pertsonaia, pasarte, ofizio, ikuspegi edo lekuak erakusten dituzte. Iaz ere jaso ziren lanak Diasporako euskaldunek idatziak, Kolonbia, Peru, Txile, Mexiko, Argentina, Kuba eta Uruguaitik, hain zuzen, eta sarituetakoen artean Peruko lan bat sartu zen.
2008/09/24
Euskal sukaldaritzan izen ezagunak diren Xabi Gutierrez, Bruno Oteiza eta Mikel Alonso chef-ak Perú-ko Limara bilduko dira datorren asteburuan, bertan ostiraletik aurrera eta hiru egunez garatuko den Perú 'Gustu Handia' Nazioarteko Azoka Gastronomikoan parte hartzeko. Gastón Acurio chef-a buru duen Gastronomia Elkarte Peruarra antolatzaile, bilkurak Latinoamerika eta Europako hainbat sukaldari eta aditu ospetsu bilduko ditu Limara.
2008/09/24
Bartzelonako Euskal Etxeak 'Euskal Herria a la Mercé!' jaiaren aurtengo edizioaren balioespen oso baikorra egin du eta pozik agertu dira arduradunak Bartzelonako patroiaren jaiekin batera egiten den ekitaldiak izan duen harrera onarekin. Asteburuan zehar milaka lagun igaro dira Euskal Etxeak antolatutako ekitaldiak biltzen zituen jai gunera eta larunbat gauean egin zen Bakearen Aldeko Kontzertuan (Concert per la Pau) 5.000 lagun izan ziren Kerobia, Root Diamonds, Trikizio eta Dr. Calypso talde euskaldun eta kataluniarren musikaz gozatzen.
2008/09/23
Egun berezia izan zen joan den igandea Euskal Herritik oro har, baina bereziki Baztandik Ameriketara artzain joaniko jendeentzat, besta eta oroimen/omenaldi ekitaldi ederra antolatu baitzuen Elizondon bertako Udalak, Nafarroako Gobernua, Udalbide, Diario de Noticias egunkaria eta Artzain Mundua elkartea lankide. Mementu hunkigarriak eta elkarretaratze eta aspaldiko berriz-ikuste gogoangarriak gertatu ziren azkeneko berrogeita hamar urteetan Estatu Batuetako bazterretan urte batzuk emandakoen artean. Urte amerikanoak joan ziren, baina markak --batzuetan onak, beste batzuetan ez hainbeste-- segitzen du hainbat jenderen bihotzean. Hona argazki eta bideo kronika, lehenengo partea.
2008/09/23
Loriatu ziren joan den igandean Elizondora bildutako amerikanoak, erran nahi baita heien bizian urte batzu Ameriketan artzain ibili jendeak, aurtengo deialdian baztandarrak partikularzki, baina oro har nafarrak eta baxenabartarrak, bizkaitarrik ez baikenuen guhaurek ikusi. Ikusten ahal zen baxenabartar frango eta nafar ez-baztandarrak (antolatzailetan ere Lesakakoak ziren Neli Yanci eta Laura Igantzi, eta Kalifornian sortua, aita ezterenzubitarra eta ama bankarra, Josephine Etcheverry, Erratzun bizi dena Meliton Irigoien erratzuarrarekin esposatua). Elizondo, euskal artzain amerikanoen egiazko besta bilakatu zen. Argazki eta bideo kronikaren bigarren partea.
2008/09/23
Euskal Herriko Unibertsitateak OpenCourseWare proiektuarekin bat egin du eta hezkuntza internet bidez zabaltzeko asmoz unibertsitatean ematen diren hainbat irakasgaien materialak jarriko ditu sarean. Urte amaierarako EHUk 23 irakasgairi dagozkien materialak izango ditu sarean eta horiei beste 22 gehituko zaizkie 2009ko lehen hiruhilekoan. Edonork eskuragarri izango ditu internetez irakasgai horien material didaktikoak, irakaslearen aldetik erabateko bermea atxikiz materialari, jabetza intelektualeko eskubideak babestuz. Bide honetan, 2009ko urte amaierarako 100 irakasgai sareratu nahi ditu EHUk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus