euskal diaspora eta kultura
2017/05/15
Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxearen bultzatzaile nagusia eta sortzaileetako bat izan zen Maria Julia Ercoreca, lehenengo lehendakaria eta pertsona gakoa elkartea zein elkarteko dantza taldea arimaduna eta sustrai sendoduna sortzen. Tupustean eta gazterik joan zen, eta erakundea nola jaio zen gogoratzean, Maritaren alde egin zuten topa Puerto Madryngo Euskal Etxeko lagunek brindis hunkigarri batean.
2017/05/15
Egun osoko txangoa antolatu zuten 2017ko Aberri Eguna ospatzeko ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko kideek. Ateraldia Limay ibaiaren ertzean dagoen China Muerta parajera izan zen eta bertako baserri batean euskal herritarren eta argentinarren ohitura kutunenak partekatu zituzten bildutakoek, esan nahi baita bazkari eder bat eta bazkalosteko kantaldia.
2017/05/12
Gaur hasiko dira heltzen eta arratsaldeko 6etan egingo zaie ongietorria Pariseko Eskual Etxean, ondoren igande eguerdira arte luzatuko den egitarau bati eusteko. Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeek Eskualde Bilera egingo dute asteburu honetan Parisen, Eusko Jaurlaritza eta Pariseko Euskal Etxea antolatzaile. Gizataldeen Mundu Batzarrak hala erabakita bi urtero, Kongresu arteko bilera hauek egiten dira eskualdeka. Europa, Asia eta Ozeanikoen azkeneko bilera orain lau urte egin zen Bartzelonan.
2017/05/12
Euskal Herritik etorrita, 'Garapen' garapen-agentziako presidente Fernando Nebreda Dias de Espada Argentina iparraldean da bilera-programa batekin, eta azken egunotan Misiones probintziako Obera hirira heldua da. Posadas probintziako hiriburutik, Euskal Jatorri Euskal Etxeko ordezkaritza bat hurbildu zaio bertan emaniko hitzaldira, herriko Udalak deiturik. Posadasko Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu duela ere adierazi digu.
2017/05/11
Bidaia egin zuen atzo Urkullu lehendakariak Bruselara, europar hiriburuan zenbait instituzioetako ordezkariekin bildu eta, besteak beste, Europar Batzordeko presidente Jean-Claude Juncker, Gai Ekonomiko eta Finantziero, Fiskalitate eta Aduana komisario Pierre Moscovici eta Europar Parlamentuko Brexit negoziazioen koordinatzaile Guy Verhofstadt-ekin solasteko. Hitzordu horien aurretik, eguerdi aldean, harrera-ekitaldi bat eskaini zion Bruselan bizi den euskal komunitateari.
2017/05/11
1954ean inauguratu bazen ere, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen baitan funtzionatzen duen euskal liburutegiak ez dauka izen berezirik bere lana eta nortasuna identifikatzeko. Horretaz ohartuta, erakundeko Zuzendaritza Batzordeak gonbitea luzatu dio Rosario barne eta kanpoko euskal gizataldeari, Liburutegiari nortasun sendoagoa emango dion izen bat aukeratzeko. Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da.
2017/05/11
Sakelako telefonoak eguneroko bizitzara iritsi direnetik, lagungarri diren tresnak gailu horietara egokitzea da erronka. Sarean dauden milioia aplikazioen artean, euskarak ere badu tokitxoa. Horietarik asko euskara ikasteko gutizia elektronikoak dira. Artikulua Garbiñe Ubedak sinatzen du Berria egunkarian.
2017/05/10
Joan den igandean heldu ziren Euskal Herrira, Eibarrera, Gipuzkoan, eta astebete emango dute, Euskal Herriko dantzak ikasten. Ez dira euskaldunak, eta ez dute berez loturarik Euskal Herriarekin, baina dantza eta balleta ikasten dute Utah-ko Salt Lake City hiriburuan. Aurretik ere, dantza talde bereko kideak etorri ziren, 2008an, eta argi daukate euskal dantzak ikastea interesgarria zaiela dantza gisa formakuntza hartzeko orduan. Artikulua, Kezka dantza talde eibartarrak sinatzen du Dantzan.eus webgunean.
2017/05/10
Esaldi ezaguna da komeni dela historia ezagutzea eta memoria bizia izatea, errepika ez dadin. Ideia horri atxikitzen zaizkio munduan zehar hainbat euskal etxe eta komunitate, urtero Gernikako Bonbardaketaren urteurren garaian, eta halaxe izan da aurten ere, baina indar eta oihartzun bereziz, sarraski haren 80. urteurrena iritsi delarik. Inoiz baino gehiago izan dira euskal etxeek han-hemenka antolatutako ekitaldiak, gertatutakoa salatuz eta Bakearen aldeko aldarria eginez.
2017/05/09
Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako taldea, duela hiru hilabete eskas bertako arduradun den Gorka Alvarez Aranburu buru, Madrilen izan da joan den asteburuan, euskaldunekin zerikusia daukaten bertako lekuetako batzuk bisitatzeko eta hiriko euskal elkarteetako ordezkariekin biltzeko. Bisita oso interesgarritzat jo dute. Madril eta bertako euskal bizitza bereziki ongi ezagutzen ditu Gorka Alvarezek, zortzi urtez bizi izan baitzen Madrilen, elkarte hauetako batzuetako kide izanez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus