euskal diaspora eta kultura
2017/05/22
Bere azken astera iritsi da Bartzelonan, bertako Euskal Etxea antolatzaile garatzen ari den Literaldia. Gaur bertan "Hitz egin al du euskal literaturak euskal gatazkari buruz?" gaia jorratuko da Sant Gervasi liburutegian, eta bihar Kirmen Uriberen "Mentrestant agafa'm la má" eleberria aztertuko dute, azkeneko bi ekitaldietan "Euskara kolokiala, euskara koloniala" titulu sujerentea izango duen hitzorduari ekiteko, euskaldunak komikigintzatik begiratzeko gaur zortzi, hondarreko bi saio hauetan Asisko Urmeneta tarteko.
2017/05/22
Aurten zazpigarrenez, Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, "Excellence in Basque Studies" bi eguneko ikastaroa eskainiko du atzerrian euskara eta euskal kultura irakatsi nahi dutenei zuzenduta, EHUko Udako Ikastaroen eskaintzaren baitan. Uztailaren 10 eta 11 bitartean Donostiako Miramar Jauregian gauzatuko da ikastaroa, eta izen ematea zabalik dago jada, maiatzaren 31era arte prezio murriztuan.
2017/05/22
Orain arteko kudeaketari oniritzia eman eta jarraipena eskaintzea erabaki zuten tandildarrek euren Euskal Etxearen azkeneko Batzar Nagusian eta ondorioz, hala bozkatuta, Marily Harguindeguyk segituko du lehendakaritzan bi urte gehiago. Euskal Etxean egiten dituzten aktibitateek ere ber gisan jarraituko dute, erritmo bizian gainera. Dantza, euskara, pilota eta sukaldaritza arloetako proposamenez gain, ‘Mujeres en Concierto’ (Emakumeak Kontzertuan) ikuskizunaren agertoki izango da Gure Etxea datozen asteetan. Honekin batera, ostiralean jokatutako Mus Txapelketaren emaitzak jakinarazi dizkigu Gure Etxeak.
2017/05/19
Proposamen interesgarria, maiatzaren 24, 25 eta 26rako --datorren asteko asteazken, ostegun eta ostiralerako-- Iruñea eta Lesakatik datorkiguna. Interesgarria, bertaratzeko aukera daukatenentzat, baina baita ere ekitaldia zuzenean internet bidez segitu nahi dutenentzat, Diasporatik esaterako. Jarduerak "Engraxitik Garazira, Izenen misterioa Nafarroan" du izena eta Nafarroako Unibertsitatetik datorkigu, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babes eta lankidetzarekin, dohanik.
2017/05/19
Ospakizun erraldoia antolatu zuen, Andeak zelatari, Rio Negro probintziako Bariloche hiriko Udalak, bere urtebetetze berria ospatzeko. Hiriaren eguneroko jarduna osatzen duten ehun bat erakundek hartu zuen parte ekitaldietan, tartean, eskolak, elkarte zibilak, gizataldeak, klubak eta indar biziak oro har. Kolektibitate kanpotarren kasuan, hiriko "Mendiko Eusko Etxea" Euskal Etxeak bermatu zuen euskal jatorrizkoen presentzia udal mailan ospakizun nagusia den urteurren festan.
2017/05/18
Joan den asteartean, aurrenekoz, elkarrekin bildu ziren Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Diaspora arloko arduradunak. Nafarroako Gobernutik, parte hartu zuten Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendari nagusi Pello Pellejerok; Jaurlaritzatik, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk.
2017/05/17
Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin du joan den asteartean, Maiatzaren 16an, Iparraldeko Euskal Etxeak, Moreno kaleko bere egoitzan, Buenos Airesen. Bileraren baitan, Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin dira eta Roberto Plorutti hautatu dute erakundeko lehendakari berri. Lagun izango ditu, besteak beste, Federico Sergio Baldoy, lehendakariorde; Norma Rios, idazkari; eta Alberto Sosa Montepagano, diruzain.
2017/05/17
Asteburu emankorra izan da joan den hau euskal diaspora alorrean, Europa, Asia eta Ozeaniako euskal etxeen hogei bat ordezkari bildu baitira Parisen, bertako Eskual Etxea eta Eusko Jaurlaritza antolatzaile. Jaurlaritzaren izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu izan dira partaide. Ostiraletik igandera hainbat gai jorratu dituzte, amankomuneko arazoak, finantziamendua, gazteak, teknologia berriak eta euskara tarteko.
2017/05/16
Ekimen familiarra da ‘Euskera’ garagardoa, "Made in Argentina", Misiones probintzia argentinarreko Apostoles herriko Urreaga sendiak sortua. Ekoizpen masibokoa ez bezala, etxeko produktuen zapore eta kalitatea aipatzen ditu 'Euskera'k berezko ezaugarri gisa. Aukeratutako izenarekin, jatorriari eta 19. mendean Nafarroa utzi behar izan zuten Urreagatarrak nahi izan dituzte gogoratu eta omenaldia egin Argentinako euren ondorengoek.
2017/05/16
Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxea izango da Argentinako Mus Txapelketaren 39. edizioko egoitza, ekainaren 16tik 18ra. Irabazleak Argentinako ordezkari izango dira abuztu amaieran Kalifornian jokatuko den Mundu Txapelketan. Parte hartzeko U$S 700 voucher bat ordaindu behar da (otorduak eta ostatua barne) eta izena emateko epea ekainaren 13an bukatuko da. Txapelketa Nazionalarekin batera, laguntzaileentzako Lehiaketa Paraleloa ere egingo da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus