euskal diaspora eta kultura
2017/06/02
Cordobako Gure Txokoak Euskal Herrira joateko txartel bat zozketatuko du irailean eta zozketan parte hartzea oso erraza da. Euskal Etxeak kaleratutako 1000 pesoko laguntza bonoak erosi behar dira, 200 pesoko kuotetan. Irabazteko aukera handiak daude "zeren eta 150 bono baino ez baitira kaleratuko". Berri honekin batera Gure Txokoa Euskal Etxeak jakinarazi du uztailean San Inaziori buruzko hitzaldi bat antolatu eta San Fermin eta San Inazio egunak ospatuko dituztela.
2017/06/01
Musikaria bazara eta euskal instrumentu tradizional bat jotzen baduzu, ez zazu aukera pasatzen utzi. Izan ere, sekulako aukera da --bizitzan errepikatzen ez den horietakoa-- jotzen duzun instrumentu horretan aurreratu, munduko gainerako euskal etxeetako musikariak ezagutzeko eta Euskal Herriko aditu hautatuak irakasle dituen goi-mailako ikastaro bat egiteko. Guztia Euskal Herrian, eta gastuak ordainduta. Baldintzak, ikasitakoa zeure euskal etxera eraman dezazun. Ez utzi, astelehena da azken eguna.
2017/06/01
Asteartean, bidaiako lehenengo egunaren iluntzean egin du elkarretaratzea eta Bogotako hotel batean eskaini die harrera-ekitaldia Kolonbian ari diren euskal enpresei eta bertako euskal gizataldeari. Kolonbia barruan hartzen duen Euskadiren Ordezkaritzako buru den Rafael Kutz donostiarra eta Euskaditik etorritako espedizioa lagun, jende multzo polita bildu zen aukeraz baliatuta. Lehendakariak, bestalde, , Gernika plaza ere bisitatu du, Bogotako Euskal Etxearen ondoan, bertan dauden Picassoren obraren replika eta Xabier Santxotena artista arizkundarraren eskultura ere.
2017/06/01
"Merezimendu osoz Urrundik-en lagun kuttun bati", honela azaldu du Paranako Euskal Etxeko lehendakariak joan den astean Mikel Ezkerrori egin zioten omenaldia. Batetik, euren egoitzako areto nagusiari 'Mikel Ezkerro' izena ipiniz, eta bestetik omenaldi saioa gauzatuz hiriko Urrundik Euskal Etxearen eta Presencia Vasca irratsaioaren urteurrenak ospatzeko bildutako jendearen aurrean. Ezustean harrapatu zuten Ezkerro, urteurren horiek ospatzera joana Paranára. Urteurren programako bazkariak ehundik gora lagun batu zituen.
2017/05/31
Aurten Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena bete dela-eta, Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Euskal Liburutegiak bat egin nahi izan du efemeridearekin eta ahotsa eman die bombardaketa nozitu zutenekin eta sarraskiak utzitako ondorioekin, eta erakusketa bat antolatu du "Gernika, Voices after the Bombs" (Gernika, ahotsak bonben ondotik) izenburupean. Datorren urrira arte egongo da zabalik liburutegiaren sarreran, Mathewson-IGT Jakintza Zentruan,
2017/05/31
Sukaldaritza arloko bi ekintza bereziki oihartzuntsu egin dira maiatzean Rosarion eta bietan dastatu ahal izan dira Euskal Herriko zaporeak. Aste Gastronomikoan klase irekia eskaini zuen Itziar Aguirrek Zazpirak Bat Euskal Etxeko bere jatetxean. Eta Rosarioko Street Food jaialdian ere hartu du parte sukaldariak Oroño bulebarrean muntatutako stand batekin. Ekainean ere, beste Street Food bat antolatuko da hirian eta ekainaren 12an Dastaldi Gaua egingo du euskal-argentinar sukaldariak Zazpirak Bat-en.
2017/05/30
Urtero Nafarroako Gobernuak, Nafar Etxeen Federazio Nazionalarekin eta egoitza izateko hautatzen den nafar herriarekin batera antolatzen duten jai-egun hau bere 29.ediziora heldu da aurten eta ospatu ere, Cascanten ospatuko da, Nafarroa utzi eta kanpora atera behar izan duten nafarrak eta euren ondorengoak gogoan izan eta omenaldi txiki bat egiteko ohiko helburuarekin.
2017/05/30
Berri itxaropentsuak iritsi zaizkigu egun hauetan Roldango Euskal Etxetik, Santa Fe probintzia argentinarrean. Larunbatean, Urteroko Batzar Nagusia burutuko dute euren Batzordearen zati bat berrizteko eta ondoren ‘Euskaldunak atez ate’ proiektuarekin jarraituko dute. Azken ekimen honi esker, 30etik gora kideko dantza talde bat dauka gaur euskal etxeak eta beste hainbat lagun ari dira euskara ikasten, Euskaltzaleak-en online ikastaroaren baitan eta aurrez aurreko elkarretaratzeetan.
2017/05/29
Estatu Batuetako Mendebaldekoak dira, bertako euskal komunitateetan jaio eta hazitako 'Amerikanuak'. Utah-ko Jean Flesher akordeojolea dute taldeburu; nork, Kalifornia, Utah, Nevada, Idaho edo Wyoming-eko euskal jaietan ibilia denik, ez du dantzatu Jean-ek jotako jota-fandango eta bestelako euskal-amerikar aireekin? Oraingoan, bere musikarikide finenak lagun, euskal-amerikar dantzaldietako aire horietako batzuk hautatu eta diskoratu egin ditu. Berehala jarriko da salgai. Erreserbatu zeure alea.
2017/05/29
Europa eta Ameriketako bost unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakasteko lau irakurle hautatzeko prozesua martxan jarri berri du Etxepare Euskal Institutuak. Unibertsitateak, Pariseko Sorbona (Frantzia), Moskuko Lomonosov (Errusia), Los Angeleseko UCLA (AEB), eta Txileko Txileko Unibertsitatea zein Txileko Unibertsitate Pontifizioa dira. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 5ean bukatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus