euskal diaspora eta kultura
2017/06/19
Rosarioko Udalbatzako presidente Daniela Leonek proposamena aurkeztu zion Hiriari Pilar Lopez 15 urteko jota kantari rosariotarrari diploma bat emateko. Harro daude bertan, hain ahots ederreko jota kantari bat Argentinan jaio eta kantari karrerari Iruñetik hamar mila kilometro baino urrunagotik ekin izanaz. Udalak proposamena onartu eta urrats berriak ematen lagunduko diola agindu du. Hiriko Nafar Etxeko kide da Pilar eta internetez Nafarroako Jota Eskolako ikasle. Ostegunean jaso zuen ohorezko diploma.
2017/06/16
Ideia joan den urteko Euskararen Egunerako ekintza bezala sortu zen: Gure Txokoa Euskal Etxeko euskara ikasleek bideo bat prestatu zuten ospakizunerako, etxean patxarana nola egiten den euskaraz azalduz. Beharrezko urratsak emanda, denbora pasatu da eta abenduan hasitako prozesuaren amaieran, patxarana egin dute eta dastagai dago. Kutsu argentinarrekoa atera zaien euskal edari tipikoa nola geratu zaien kontatu digute ikasleek.
2017/06/16
Zaletasun handia dago munduko euskal etxeetan musarekiko, eta Estatu Batuak ez dira salbuespen. NABO federazioko kide diren ia euskal etxe guztiek bidali zituzten ordezkariak joan den asteburuan Kaliforniako Caruthers-en egin zen final nazionalera. Fresnoko Euskal Etxea antolatzaile. Andrés Lejardi eta Gregorio Undabeitiak osatutako bikotea (Homedaleko Toki Onakoa, Idahon) izan zen irabazle; bigarren, Amador Zabalbeascoa-Victor Albistur bikotea, Kaliforniako Los Banosekoa.
2017/06/15
Bidaiaren programa trinkoa hasi aurretik aukera txiki bat izan zuten Gipuzkoako leku batzuk ezagutu eta ondoren Bilbora itzultzeko eta orain hor dabiltza Idahotik etorritako hamahiru pertsona hauek programa estu batekin Boiseko Merkataritza Ganberak lagunduta, bi herrialdeon arteko merkataritza harremanak areagotzeko aukerak lantzen. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak asteartean errezibitu zituen. Euren bidaiaren azkeneko egunetan, ekainaren 22an, Idahoko gobernadore Butch Otter gehituko zaio taldeari.
2017/06/15
Ekainaren 16tik 18ra Seinaren ibaiertzak kolore zuri-gorri-berdez beztituko dira, heldua baita dagoeneko Paris-Basque jaialdia, paristarrek eta bisitariek Euskal Herriko hainbat kultur ezaugarri, modu tradizional eta produktu ezagutu eta dastatzeko daukaten urteroko hitzordua. Bertan topatuko ditugu giro alai eta jolaskorrean, sukaldaritza menu eta erakustaldiak, kirola, jan-edariak, musika, dantza, kultur tradizioak eta gure baserrietako emaitzak. Turistendako euskal herriska tipi bat, hiriburuaren bihotzean.
2017/06/14
Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazio eta konfederazioentzako 2017ko dirulaguntza deialdiarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren aste honetako Gobernu Kontseiluak Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea onartu du elkarte berritzat eta Euskal Etxeen erregistro ofizialera sartuta, gainerako euskal etxeek dauzkaten eskubide eta obligazioez gozatu ahal izango du aurrerantzean. Ongi etorri saintpierretamiquelondarrak!
2017/06/14
Hogeita bi mila kilometrotik gora egin zituen oinez, eskorga bati bultzaka, Guillermo Larregui nafarrak (1885-1964). Iruñean jaioa, Puerto Iguazu-n hil zen, izan ere auzo zeuzkan Iguazuko urjauzien ondoan. Bere heriotzaren urteurreneko hilabetean omenaldi bat egingo dio bizileku izan zuen herriak ‘Eskorgako Euskalduna’ ezizenaz ezaguna egin zen Larreguiri, eta bere eskultura bat desestaliko dute Puerto Iguazuko ‘El Salvador’ hilerrian dagoen bere hilobian.
2017/06/14
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo eginiko bileran, Euskal Etxeentzako 2017rako dirulaguntza deialdi nagusia onartu zuen, aurtengoan 902.307 euroko kopurua banatuko dituena, iaz baino 40.000 euro gehiago. Atzoko pausoaren ondotik, deialdia EHAA buletinean argitaratzen denean --ekainaren 21ean seguruenik-- sartuko da indarrean. Erne, beraz, euskal etxe eta federazioak, egun horren biharamunetik aurrera hilabeteko epea izango baitute euren proposamen eta eskabideak aurkezteko.
2017/06/13
Seigarren edizioa bete du, eta Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak antolatzen duen Triki-Poteoa, publikoak gehien eskatzen duen aktibitatea da, batez ere publiko gazteak eta ez euskal etxekoek soilik. Argentinan bizi diren Euskal Herrikoek ere eskatzen dute. Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere beste hiri batzuetako euskal etxeetako kide eta lagunek ere hartu dute parte. Eta musikarien artean, Laurak Batekoek ere, EEko trikitilariak eta albokariak hain zuzen.
2017/06/13
Maiatzeko azken asteburua eta ekaineko lehenengo asteburu arteko egunak ospakizun --eta lan-- garaia izan ditu Bordeleko Euskal Etxeak, Garona ondoko euskal etxe akitaniarrak bere 70. urtebetetzea ospatu baitu, horretarako bazkide eta lagunak deiturik. Ekaineko lehenengo asteburuan, izan ere, Bordeleko euskal lagunekin bat egitera bertaratu ziren, besteak beste, Pariseko Euskal Etxeko lehendakari Sebastien Dagerre eta Gorka Alvarez Aranburu Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Zorionak zuri kantatu eta opariak trukatu zituzten elkarrekin. BEEak, bestalde, ia prest dauka bere historia biltzen duen liburua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus