euskal diaspora eta kultura

2017/12/21
1991. urtean sortu bazuten ere, oso mugimendu gutxi izan du Gral. Belgranoko Gure Etxea Euskal Etxeak azken urte hauetan. Aurten, Buenos Aires probintziako euskal etxe honek berriro ere ikusi ditu kideak bere inguruan elkartzen eta kultur ekintza batzuk antolatu ondoren, Zuzendaritza Batzordea osatu eta Izaera Juridikoa bideratzen. 2018rako, oso helburu sendoak dituzte: kide gehiago lortzea eta dantzak, sukaldaritza eta euskara klaseak eskaintzea.
2017/12/20
Aurrekaririk gabeko eskaintza berezia egiten ari da bere katalogoan Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko Argitalpen Zerbitzua, hamarnaka libururi gutxienez %25a jaitsiz eta beste kasu batzuetan, liburuaren prezioa erdian utzita. Beherapen hauek lortzeko, "Basque Proud" behar da ipini gako hitz moduan. Renoko Unibertsitateko liburu bilduma, munduan ingelesez euskal gaiez dagoen garrantzitsuena da, eta opari polita izan daiteke norberarentzat edo lagunen bati erregalatzeko.
2017/12/20
Segitzen dugu urte amaiera hau euskal etxeetan uzten ari zaigun azken elkarretaratzeetako irudiekin. Egun gutxi batzuk geratzen dira urte zaharrari ‘agur’ esateko eta 2018rako planifikatutako proiektu eta helburuak abiarazteko. Diasporako euskara ikasle eta irakasleek helburu zehatza daukate datorren urterako: ikasten eta euskaldunen hizkuntza hedatzen jarraitzea. Urtea bukatzeko, Euskararen Nazioarteko Eguneko jaietan urtean zehar ikasitakoa eta klaseetan dagoen giro aparta erakusten ari dira.
2017/12/19
Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetan espezializatzeko 8 beka deitu ditu Gasteiz (4), Brusela (2), Santiago (1) eta Bogotan (1) aritzeko. Hala onartu du Gobernu Kontseiluak astearte honetako bilkuran. Urrats honen ondotik, EHAA buletin ofizialean argitaratzea baino ez da geratzen, horren biharamunean deialdiko epeak korritzen hasteko. Bekek hamabi hilabete iraungo dute eta Jaurlaritzako bulego nagusietan, Lehendakaritzan, Gasteizen, eta Euskadiren Brusela, Txileko Santiago eta Bogotako Ordezkaritzetan gauzatuko dira.
2017/12/19
Euskal Herriko eta Peru bertako lagun talde polit baten eskutik egitarau oparoa garatu du aurten ere Limako Euskal Etxeak. Urtarrilean Danborradarekin hasita, Euskal Herriko jai nagusiek euren oihartzuna izan dute Pazifiko kostaldeko hiriburuan. Haatik jaiak ez dira euskal elkarteak daukan proposamen bakarra; ekintza solidarioak ere antolatzen ditu erakundeak. Datorren urteari begira, segituko dute limatarrek euren jarduerekin, tartean Xabi Gil irakasle nafarrak ematen dituen euskara klaseekin.
2017/12/18
Nafarroako Unibertsitatetik datorkigu notizia, bertatik harremanetan jarri baitzaizkigu esateko urtarrilaren 8an hasiko dutela "Nafarroa: Historia eta Kultura" ikastaroa, internetez eta doanik, gaztelaniaz. Edukiak ikusentzunezkoak dira eta material osagarri idatzia daukate, autoebaluazioa eta foro bat, ikasleak irakasleekin harreman daitezen. Ikastaroak 10 modulu dauzka. Behin ikastaroa abiatu ezkero, izena emandako ikasleak noiznahi sar daitezke hamar moduluak otsailaren 18rako bukatu arte.
2017/12/18
Urte hasieran jarritako helburuak banan banan eta txukun ari da betetzen Salto hiri uruguaitarreko euskal etxea. Konparazio, iaz berreskuratutako Harriague Upeltegia kulturgune bihurtzeko proiektuari bultzada handia eman diote, eta Udalak lur eremu zabal bat ematea lortu dute, bertan ‘Gernika Lekua’ izeneko pasealekua eraikitzeko. Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Festa bat eginez ospatu ditu lorpenok, abendu hasieran Euskararen Eguna eta elkartearen 25. urteurrena programa berezi batekin ospatuz.
2017/12/15
Abenduarekin batera balantzeak eta jaiak egiteko momentua iristen da. Balantzeak barne lana da; jaiak, ordea, lagunekin elkartzeko une egokiak izaten dira, batez ere ospatzeko arrazoi ona dagoenean. Abenduaren 3an Euskararen Eguna izan da eta mundu osoko euskal etxeek ospatzen dute. Hego Amerikan abenduan zehar luzatzen dira ospakizunak jaietan ikasturteko amaiera ere ospatzen baita. Gaur, ENEren bigarren argazki galeria.
2017/12/15
Bostgarren edizioa duen lehiaketa honek bi kategoria dauzka: euskara ikasten ari diren pertsonena; eta euskara normaltasunez erabiltzen dutenena. Gutunak batuan edo edozein euskalkitan egon daiteke idatzia, eta originala beharko du izan, beste inon saritu edo argitaragabea alegia. Lan irabazleek argitaratuak izateko eskubidea irabaziko dute eta 2018ko urtarrilaren 20aren aurretik behar dira aurkeztu, emailez, postaz edo eskuz-esku. Animatu eta enseatu!
2017/12/15
1992an Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko irakasleek sortutako argitalpena da 'Euskara Denontzat', 25 urtez jarraian abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean argitaratu izan den aldizkaria. Mende laurden baten ondoren, eta Euskal Etxeko euskara taldeen ahotsa den agerkariari ‘aire berriak’ ekartzeko, formatu digitalera pasatuko da ‘Euskara Denontzat’, urtean zehar eguneratzen joango den bloga bilakatuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus