euskal diaspora eta kultura

2009/05/14
Karten eta kartajokoen historia ezagutzeko interesak, gaia ongi asko ezagutzen duen Fournier etxe gasteiztarreko aditu ikertzaile baten ikuspuntutik azaldua, jende multzo polita erakarri zuen hilabete hastapen honetan Habana hiriburuko Karten Museora (Museo del Naipe), Rufino Oyarzabal babazorroaren hitzaldia medio. Urte luzeak enpresa kartagilean pasatutako Oyarzabalek, historia errepasatzen zuten power-pointeko irudien laguntzaz, publikoa bereganatu zuen, kartak eta kartei buruzko azalpenak biltzen zituzten Museoko horma irakasleen artean.
2009/05/14
Joan den maiatzaren 10ean Lapurdiko Senpereko lakua Herri Urrats edo Iparraldeko ikastolen jaiaren edizio berri baten gunea izan zen. Bezperan, handik 12.000 kilometrora, Buenos Airesen, euskaltzale argentinar talde mardul bat Iparraldeko Euskal Etxera bildu zen, bertan ere jaia ospatzeko. Argentinarrekin batera Euskal Herriko ordezkaritza bat izan zen bertan: Ramuntxo Camblong lapurtarra, Udalbide/Udalbiltzako zuzendaritza batzordeko kidea, eta Joan Carlos Etxegoien 'Xamar' eta José Ángel Irigaray idazleak, euren azken lanak Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztu ostean.
2009/05/14
2009/05/14
2008ko azaroan Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Chivilcoy herria bisitatu eta kontzertua eman zuen bertako Euskal Etxean. Euskal Etxeko arduradunak eta Orkestrako kideak harremanetan jarraitu zuten eta hilabete batzuk pasata Santiago Torricelli Velazco pianojole chivilcoytarrak eta Eugenia Puente sopranoak bisita bueltatu eta kontzertua eskaini dute Aretxabaletan. Emanaldia bikoteak Europara egin duen biraren barruan gauzatu da, Madril eta Bartzelonara aurkeztu aurretik.
2009/05/13
2009/05/13
Aukeratu berria dute Cecilia Cenoz Argentinako Tandil herriko 'Gure Etxea' Euskal Etxeko lehendakari. Ez zuen Euskal Herritik etorritako aitatxi ezagutu, soilik aitak kontatzen zizkion pasadizoen bidez, baina horiek aski izan ziren denborarekin euskara ikasi, euskal sentimentua bereganatu, eta Tandilgo Euskal Etxea bere etxetzat hartzeko. Badaki berak euskal elkarteak une latzak bizi dituela, gazte gutxi biltzen baitu, eta gazterik gabe, gero gutxi. Hala ere eutsi dio EEko lehendakari izateko erronkari. Bere lana, 'arduraz eta koherentziaz' betetzea espero du, 'baina gehienbat maitasun handiz'. Helburua, Tandilgo euskal eraikin ederrari haur eta gazteen zarata eta bizitasuna ekartzea. Elkarrizketa Alma Vascako Jorge Gilabert-i dagokio.
2009/05/13
Belaunaldi aldaketa bat eman da, presidentetzari dagokionez behintzat, Argentinako 'Gure Etxea' Euskal Etxean. Aire berriak ekarri eta gazteek erakundean ardura handiagoak hartzeko erraztasunak izan ditzaten izango dira bere erronketako batzuk. Euskara irakasle den Cenozekin batera Zuzendaritza Batzordekide dira Juan Beguiristain, lehendakariorde lehena; Isidro Legarreta, lehendakariorde bigarrena; Miguel Herrera, idazkaria; Jorge Gilabert, diruzaina; eta Maria del Carmen Dindart, agiri idazkaria, besteak beste.
2009/05/13
Famatuena, eta jatorrizkoa, Nafarroako Iruñea baldin bada ere, munduan Pamplona izena duten beste hainbat hiri daude: 19 zehazki. Gehienak mendeetan zehar munduaz bestaldera aberastasun edo bizitza hobeago baten bila joanak ziren nafar konkistatzaile edo inmigranteek sortuak izan ziren. Diario de Noticias de Navarra egunkariak hiri hauen errepaso txikia egiten du, 2001ean Iruñeakin senidetu zen Kolonbiako Pamplonatik hasi eta Mexikoko Veracruzeko Pamplona nimiñoraino, jarraian laburtu eta itzuli dugun artikulu honetan.
2009/05/12
Joan den larunbatean iritsi zen Chascomus herrira, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, erakunde horretako kide gisa Argentina eta Uruguaira Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliaren barnean. Autobusez heldu zen, Mar del Platatik. Camblong-ek, berriz, bidaia segitu zuen Buenos Aireseraino, hitza emana baitzien hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxeko kideei bertako Herri Urratseko ekitaldian parte hartzeko. Arozena, Chascomuseko Udaletxean errezibitu zuten Liliana Denot alkateak eta beste zenbait goi ordezkarik; eta Chascomuseko Euskal Etxean, aurreskua dantzatu zioten.
2009/05/12
Datorren larunbatean, maiatzaren 16an, Txileko Santiagoko Eusko Abesbatzako kideak Bilbora helduko dira, elkartearen 70. urteurrena ospatzeko Euskal Herrira egingo duten lehendabiziko biran. Maiatzaren 24a arte izango dira Euskal Herrian eta zenbait emanaldi egingo dituzte, hala nola Plentzian, Donibane Lohizunen eta Bermeon, azken honetan herriko Habanera Jaialdian. Koraleko zuzendaria Patricio Aburto da eta presidentea Andoni Torrontegui.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus