2009/11/26

Deia egunkari bizkaitarrak elkarrizketa emana du argitara duela gutxi, New Yorkeko euskal gizataldeko kide ezagunak diren hiru euskal-amerikarrekin. Nork, Etxeorratzen Hiriko euskaldunen artean ez ditu-eta ezagutzen Emilia Doyaga, Itziar Albisu eta Ray Yturraspe? Esan dezagun, dena den, Emilia Doyaga Brooklynen jaiotako unibertsitate-irakasle erretiratua dela, ama bakiotarra eta aita berriztarra. Itziar Albisu, berriz, donostiarra da, aspaldi newyorkeratua, eta bertakoak ditu seme-alaba nerabeak, egun NYeko Eusko Etxeko lehendakari delarik; Ray Yturraspe, azkenik, Manhattanen jaio zen, gurasoak mundakarrak. Deiako Nuria Ferragutcasas kazetaria eurekin mintzo da euskal etxe newyorktarrean, Barack Obamak agintean 12 hilabete bete behar dituela-eta.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

'Hoy no se fía, mañana sí' du izena Francisco Avizanda (Izaba, 1955) nafarraren lehenengo luzemetraiak eta horixe izango da hilabete honetan zehar Venezuelako hiriburuan antolatu den 'Zine Vasco' euskal zine erakustaldiaren bigarren edizioa itxiko duen izenburua. Antolatzaileen esanetan, bigarren edizioak bete ditu helburuak, xedea "zazpigarren arte deitua den honetan euskal gauzak (Euskadiko, Nafarroako zein Iparraldeko, diote) islatzen dituzten ekoiztetxe, zuzendari, gidoilari, aktore, leku eta gaien ikuspegia ematea" baita. Gaur arratsaldeko emanaldia arratsaldeko zortzi t'erdietan izango da, Trasnocho Cultural-ean.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

Lagunen Etxea Euskal Etxeak 20 urte beteko ditu datorren abenduaren 3an, halako egun batean, San Frantzisko Xabier egunean, alegia, eta Euskararen Egunez baita ere, sortu baitzen mundura Buenos Aires probintziako Laprida herrian. Ospakizuna, berriz, aurreko asteburura ekarri dute, datorren larunbatera, alegia. Programari segituz, iluntze aldera, meza batez ekingo diote ekitaldiari, eta afaria egingo dute ondoren, Necocheako Otxote Osasuna taldearen doinuak partaide; eta euskal dantzak eta erromeria ere lagun izango dituzte. Euskal Etxetik, antolatzaileek gomitea luzatu diete hala nahi duten guztiei, bertaratu eta festa, barnetik eta euskal giroan ongi murgilduta bizi dezaten. FEVAko Zuzendari Batzordea, bere aldetik, goizeko 10etatik bilduko da Lapridako EEan, urteurrenarekin bat eginez.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

New York Times egunkariak aditu gisa aipatzen du Eder Montero euskal sukaldaria gaurko alean patata tortilari buruz argitara eman duen artikulu batean. Gastronomia alorrean ere erreferentzia den egunkariak Elaine Louie kazetariaren patata omeletari buruzko artikulua kaleratzen du, eta bertan aditu gisa islatzen du New Yorken 'Txikito' jatetxeko sukaldari eta ugazaba den euskal chef honen iritzia tortila on bat nola egin behar den azaltzerakoan.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

Joan den urriaren 23, 24 eta 25ean, eta hiriaren urteurrenaren ospakizunen barnean gauzatu da aurten Pergaminon Gizataldeen Azoka. Jaiaren agertokia Mitre Geltokiko Nasa ohia izan zen, eta tren baten hiru bagoi sukalde bihurtu ziren kolektibitateetako ordezkariek euren janari tipikoak bertan prestatu ahal izan zitzaten, tartean izen ezagun zein bitxidunak, hala nola kepiak, sfija-k, chucrut-a, enpanadak edota rabak. Jaiaren inaugurazioa ostiral eguerdiz izan zen eta ondoren mota askotako ekintzei zabaldu zitzaien txanda. 'Lagun Onak' Euskal Etxearen eskutik Goizeko Izarra dantza taldea eta Ahotsak abesbatza aurkeztu ziren; euskal etxeak gonbidaturik baita ere, Cesar Arrondo immigrazioaz aritu zen hitzaldi batean.
Gehiago irakurri...
2009/11/24

Chascomuseko euskal etxe antolatzaileak atzo arratsaldean plazaratutako ohar batean aditzera ematen denez, Euskal Udalekuaren prezioa 120 pesotan ezartzea erabaki da, ez eta aurretik adierazitako 250 pesoak, erdia baino gehiagoko beherapena eginez beraz, jakinaren gainean egonik egoera ekonomiko latzak askoz aukera gehiago ematen ez duela eta zenbait gastu murriztu eta gero egokiagoa dela parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoei partaidetza erraztea azkenean kuota aipatu 120 pesotan utzita. Interesatuek Maria Laura Egurenekin harremanetan ipini beharko dute, beti ere azaroaren 30a baino lehen. Udalekua urtarrilaren 4tik 9ra bitartean egingo da Buenos Aires probintziako Chascomusen, 12 eta 16 urteko haur eta gaztetxoei zuzenduta.
Gehiago irakurri...
2009/11/24

Nafarroako Gobernuak 2009ko Nafarroaren Eguneko egitaraua aurkeztu zuen atzo Iruñean. Aurtengoan Gobernuaren web atariaren barnean Abenduaren 3ko ospakizunaz zabaldutako webgune berezitua da nobedade, egun horretako berri eta jakingarriak bildurik eta baita ere karia horretara propio egindako telebista spot-a, bere bizitza ia osoa Argentinan eman duen Sandalio Suberviola emigrante Nafarroara berriz itzulia protagonista. Nafarroako Ereserkiaren orkestra bertsioa ere badakar webguneak, MP3an.
Gehiago irakurri...
2009/11/24

Irungo Real Union futbol taldeko ordezkaritza batek, Ricardo Garcia presientea buru, Murtziako Euskal Etxea bisitatu du joan den asteburuan, talde irundarrak partida Murtzian jokatu behar zuela-eta Euskal Etxe murtziarrak eginiko gonbidapenari erantzunez. Azkenean Real Murcia ekipoaren kontra Nueva Condomina estadioan jokatutako partidaren emaitzei dagokienez ondorioak oso euskaldunen aldekoak izan ez baziren ere, aipatu bi elkarteak harreman polita hasi dute eta Unai Sanchez Euskal Etxeko lehendakariak, irundarra berau, harro erakuts dezake Euskal Etxeko paretean Real Uniongo jokalari guztien sinadura daraman elastiko dedikatua.
Gehiago irakurri...
2009/11/23

Viedma eta Carmen de Patagones herri argentinarretako bazkideak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' delako euskal elkarteak bere 13. urteurreneko festa egin zuen atzo Rio Negro Probintziako Banketxeko langileen partzuergoaren Laket Gunean, bere bazkide eta lagunetako ehun bat pertsona bertara bildurik. Elkarretaratzeak zahar, gazte eta haurrak ere batu zituen eta guztientzat garatu ziren ekimenak. Musika, dantza, kantua, kirolak, joko eta jolasak ez ziren batere falta izan, ezta ere alaitasuna, bizitasuna eta umore on eskuzabal eta guztiekin partekatua.
Gehiago irakurri...
2009/11/23

Argentinako 'Udako Euskal Unibertsitatea'ren antolatzaileek gonbitea luzatzen diete ikasle ohiei eta oro har parte hartu nahi dutenei 2010eko Ikastaroaren programaren aurkezpenera. Iazko lehenengo esperientziaren ondotik, aurtengo edizioa otsaileko lehenengo bi astez luzatuko da eta aurrekoak bezala, Euskal Herriko historian eta kulturan zehar paseatzea du helburu. Aurkezpena bihar asteartez egingo da eta horrekin batera 2009ko edizioko ikasleek egindako idazlanak ere aurkeztuko dira, guztiak liburu batera bilduta. Ekitaldia arratsaldeko sei t'erdietan izango da, Euskal Echea Institutuaren egoitzan, Buenos Aires hiriburuko Sarandi 735 helbidean.
Gehiago irakurri...