euskal diaspora eta kultura

2011/12/19
Estatu Batuetan zein Vancouver eta Quebec-en euskara ikasleen kopurua igotzen ari da emeki-emeki, NABO euskal etxeen federazioak eta HABEk sustatzen duten programari esker. Euskara ikasleen ahalegina laguntzeko eta herrialde hauetan euskaraz ikasi nahi duen edonori topagune bat eskaintzeko, NABOk www.naboeuskaraz.com webgunea jarri zuen abian uztailean, ingelesez. Webguneak ikasleentzako informazioa, ikasgaiak eta lotura erabilgarriak eskaintzen ditu; badira ere haurrentzako jolasak, ikastaroetako argazkiak, berriak, txata... Izan ere euskara ikasle euskal amerikarrentzako topagune birtuala bihurtu da. Ezagutu nahi dituzu? Abentura honetako parte izan nahi duzu? Zabaldu atea eta aurrera!
2011/12/19
Joan den azaroaren 26an Juan Angel Goizueta eta Gracia Mariezcurrena bikotearen ehun bat ondorengo elkartu ziren Villa Elisako Cabaña El Rincon-en. Laugarren topaketa honetan, 2001. urtetik hona bilaketei esker aurkituz joan ziren Goizueta eta Mariezcurrena senar-emazte nafarren ahaideak bildu ziren; lehenengo topaketa egin zenetik hamarkada pasa eta gero, euskal giroa inprimatu nahi izan zioten antolatzaileek festari. Ikurrinek, euskarak eta Buenos Aireseko Ekin Dantzari taldearen dantzek bermatu zuten Euskal Herriko kulturaren presentzia jaian.
2011/12/19
Joan den ostiralean orrialde hauetanxe aipatu genituen Gasteiz (2), Argentina (1) eta Estatu Batuetarako (1) lau bekez gain, Eusko Jaurlaritzak beste 13 beka deitu ditu "Kanpo Harremanen arloan profesionalak espezializatzeko" xedez, kasu honetan honako lekuetarako: Gasteiz (4), Brusela (4), AEB (1), Mexiko (1), Txile (1), Kolonbia (1) eta Argentina (1). Honakoan 12 hilabeterako dira, EAEko herritarrak eta euskal etxeetako kideek eska ditzatekelarik. Diru-kopuruari dagokionez, 16.000 eta 24.000 euro arteko hornidura dauka bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16an bulatuko da.
2011/12/19
Joan den astean zendua da Txilen Castor Narvarte Sanz, jaiotzez euskalduna, Txilen hazia eta txiletarra bizilekuz eta adopzioz, Diasporako euskal familia bateko aita eta aitona, seme eta bilobak Euskal Herrian, Txilen eta Estatu Batuetan zeuzkana. Idazle eta filosofoa, bere ekoizpena, bere ekarri intelektuala eta Diasporako euskaldun gisa eman zigun lekukotasuna utzi digu herentzia. Hamaika Bide Elkartetik (Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko Elkartea da Hamaika Bide) honako artikulua iritsi zaigu zendu berria oroituz, Jose Angel Ascuncek eta Jose Ramon Zabalak sinatua, 'Castor Narvarte, amaiera gabeko beste erbeste bat' izenburupean.
2011/12/16
Hiru urteko ahaleginen emaitza da 'Baietz' talde euskal argentinarraren lehenbiziko diskoa. Hiru urteko lan eta esperientzien, ikastaldien eta hazkuntzaren ondorioa. Jaio zenetik, lan handia egin du Cordobako taldeak Euskal Herriko musika barneratu eta aldi berean ezagutarazteko. Bi norabideko mugimendu honek musika tresnak egiten ikasi eta Argentinako hainbat euskal etxetan musika-tailer eta kontzertuak eskaintzera eraman du taldea. Diskoa, euren esanetan, “ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera da”. EuskalKultura.com-ek egindako galderei erantzunez, Baietz osatzen duten Agustin Alonso, Jose Noe Fernandez, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrek euren CDaren xehetasunak partekatu nahi izan dituzte Diaspora orokorreko publikoarekin.
2011/12/16
Erromako euskal komunitateak italiar hiriburuko biztanleak harritzen darrai, elkartearen marka diren proposamen koloretsu eta orijinalekin. Berriena "@roma basco-euskara" izeneko jaialdia izan da, asteburu honetan bertan bukatuko dela. Azaro hondarrean abiatu zen ekimenak euskal, italiar eta nazioarteko sortzaile, artista eta sukaldarien topagune bihurtu du Erroma, fusio zirraragarriak sortuz: pintxoak eta bertsolaritza, estatubatuar kantariak eta euskaraz kantatzen duten talde erromatarrak, bertsolariak eta italiar poetak... Larunbatean kontzertu eta itxiera jaiarekin bukatuko da jaialdia: taulagainean ariko dira Xabier Montoia poeta eta kantaria, Mursego txelista eibartarra, Ibon Rodriguez musikaria eta Banda Jorona talde erromatarra.
2011/12/16
Datorren abenduaren 21ean Euskal Herriko hainbat lekutan Santo Tomas eguna ospatuko da, eta Donostia eta Bilbo bezalako hirietan milaka lagunek baserritar arropak jantziko dituzte eta azokara joango dira txistorra pintxo edo talo tipikoa dastatzeko. Jaia Diasporako zenbait komunitatera ere helduko da aurten, hala nola Bartzelona, Madril... eta New York. Sagar Handiko jaia bihar bertan egingo da, euskal etxean, eta bertan izango da ere Olentzero, elkarteko txikientzako opariekin.
2011/12/15
Eusko Jaurlaritzak atzoko buletinean (EHAA-BOPV) argitaratu zuen 2012. urteari dagokion Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dekretua, 24 hilabeteko eperako eskaintza egiten duena, languneak euskal gobernuaren egoitzak direlarik, Gasteizen (2 beka), Argentinan (1) eta Estatu Batuetan (1). Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrak eta onartuta dauden Euskal Etxeetako kideak aurkez daitezke. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16 izango da.
2011/12/15
2006an, hiriburu argentinarreko San Jose Eskolako kaperan, eskuz idatzitako izen gabeko partitura bat aurkitu zuen Enrique Godoy organogile eta konpontzaileak. Zegozkion ikerketak egin ondoren, obra J. B. Abbadie apaiz, konpositore eta organistarena zela ohartu zen Godoy. Pieza 1862 eta 1908 urte bitartekoa dela ondorioztatu zuen eta dokumentuari lotutako misterio batzuk dirauten arren, Ana Paula Segurola organo-jotzaileari eta Euskal Echea Institutuari esker, bi kontzertutan entzun ahal izan da Buenos Aires hirian abenduaren 6an eta 13an. Ekimenak Argentinako Kultura Idazkaritza Nazionalaren babesa eta Jose Luis Castiñeira Arte Zuzendariaren laguntza izan du.
2011/12/15
'Euskaldunak ozeanoari begira' izan da bukatu berria den Euskal Koreografoen II. Jaialdiaren gaia, eta itsasoaren gomuta Berlinera ekartzea lortu dute jaialdian parte hartu duten artistek, dantza, musika, literatura eta bertsolaritzaren bitartez. Zazpi dantza konpainiek arlo honetan Euskal Herrian egiten den artea erakutsi dute; are gehiago, bertso eta olerkiekin uztartuz ikuskizun zinez bereziak sortu dituzte taulagainean. Horren adibide Mikel Aristegui koreografoak zuzenduriko 'Bertsolari/dantzari' saioa: bertsolariak botatzen zuen bertsoari bapatean pausoak jarri zizkioten dantzariek. Arrakasta kari, datorren urtean Londresen antzeko jaialdia egingo dela iragarri du Aristeguik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus