euskal diaspora eta kultura

2011/12/22
Idahoko Boise State Unibertsitateak (BSU) Euskal Ikasketa Programaren zuzendaritza postua bete nahi du. Horretarako euskal ikasketa arloan eskarmentua duen Historian lizentziatu baten bila ari da. Beharrezkoa da irakaskuntzan esperientzia izatea eta ingeles maila altua izatea. Euskara, gaztelania edo frantsesa ezagutzea kontuan izango da. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du baina berriztagarria izango da. Boise State University-k 2005ean sortu zuen Euskal Ikasketa Programa eta 2007an Euskal Ikasketa Zentroa inauguratu zuen. Programak babes handia du Idahoko euskal komunitatean eta hazten ari da urtetik urtera.
2011/12/21
Gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeentzako 2012. urteko diru-laguntzen deialdia. Oraingo honetan deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak orotara 1.234.667 eurokoak dira. Deialdira biltzen diren programa eta jarduerak 2012 urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko otsailaren 29an bukatuko da.
2011/12/21
Gaur San Tomas da, jai egun seinalatua askorentzat Euskal Herrian, gabon merkatua bisitatu eta txistorra jateko ohitura tarteko. New Yorken, joan den asteburuan ospatu zuten. Izan ere, arrakastatsua izan zen oso Brooklyneko Eusko Etxean larunbatean egin zen jaia, eta jende andana bildu zen bertara. Olentzero ere bertaratu zen eta haur eta guraso asko erakarri zituen, eta haiek alde egin zutenean gazte jendeak hartu zuen lekukoa; goizaldera arte luzatu zen Santo Tomas eguneko besta eta ospakizunekin. New Yorkeko Txikito jatetxeak jarri zuen sagardoa eta Errioxako ardoa, Iban Ubarretxenak Olentzeroren bizarra, eta elkarteko kideek eta lagunek ondo pasatzeko gogoa. Argazki sorta honetan ikus daiteke eguneko giroa.
2011/12/21
Keiko Suzukik Filologia Hispanikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta ikasketak amaituta bertan geratu eta nafar batekin ezkondu zen. Alaba bikiak izan zituenean euskara ikasteari ekin zion, orain dela hamabi bat urte. Egun, japoniera irakaslea da Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean eta duela urtebete "Maitasunezko oihua, munduaren erdian", Inma Errearekin batera itzulitako eleberria aurkeztu zuen Durangoko Azokan. Argia aldizkariak jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio.
2011/12/21
Urtarriletik aurrera AEBetan ikasi duten bi sukaldari gaztek, Ruth Selbyk eta Elisha Ben-Haim-ek, sei hilabeteko trebakuntza beka hasiko dute Martin Besarategi sukaldari ezagunak Lasarten duen jatetxe nagusian. Euskal Herriko eta AEBetako gastronomia arloko aditu eta elkarteek sustatzen duten 'Basque Stage' programaren hirugarren bekaren irabazleak dira. Beka honek gastronomia arloko hezkuntza eta trebakuntza sustatzea du helburu, aldi berean euskal sukaldaritza munduan ezagutarazten lagunduz. Mundu osoko sukaldari gazteek parte har dezakete programan.
2011/12/21
Euskara Munduan programaren baitan 2008an hasitako lau urteko proiektua bere amaierara heltzen ari da. Ikasle/irakasle talde honen azken barnetegia Tandil hiri argentinarrean izango da urtarrilaren 21etik 28ra. Ikastaroa bertako Gure Etxea-n burutuko da, HABE, FEVA eta euskal etxea bera antolatzaile. Etorkizunari begira, euskal etxeetan euskara irakasle berriak prestatzeko dagoen beharra aztertzen ari da FEVA. Bide batez, eta azken 20 urteetan Argentinan trebatu direnei zuzenduta, HABEko 1, 2 eta 3. mailako azterketak egiteko deialdia luzatu du Federazioak.
2011/12/20
Mota askotako ekintzak garatu dira aurten Patagonia argentinarreko euskal etxerik australenean. Rio Gallegos herriko Discepolín Kultur Etxe eta Artisauen Kooperatibarekin batera, gitarra, literatura eta eskulan tailerrak gauzatu ditu bertoko euskal erakundeak 2011 honetan. Ekimenen artean, paleta txapelketak ere oso arrakastatsuak suertatu dira Argentinako hegoaldean. Horrez gain, eta euskal etxeko kultur arloko arduraduna den Martha Goyheix-ek prentsaurrean jakinarazi legez, bertako ordezkaritza batek Necocheako Euskal Astean hartu zuen parte eta euren etxe propioa eraikitzen hasteko lehenengo pausoak eman ditu etxeko Zuzendaritza Batzordeak: 3 zenbakidun errepidearen ondoan lurra prestatzeko lanak egiten eta alanbratzen hasi dira.
2011/12/20
Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lehendakariak aurtengo balantzea egin du eta 2012rako planak aurreratu ditu herriko ABC egunkariak islatu dituen adierazpenetan. Hector Altamirak aipatzen duenez pixkanaka baina beti aurrera ari dira euskal etxearen egoitza berriaren lanekin, eta 2012an ez bada, 2013an inauguratuko dira. EEaren dantza taldea berrabiatzea, sukaldaritza eta bestelako ikastaroekin segitzea xede dute berehala hemen den urterako, eta horretan lagungarri izan zaie doaike egoitzaren lanen amaiera progresiboa. Bonoaren zozketaz, eta zozketatzen zuen Euskal Herrirako bidaiaz, 056 zenbakiaren jabe zen Julio Wright-i egokitu zaio.
2011/12/20
Jakina da Olentzero abenduaren 24ko gauean ibiltzen dela munduan zehar opariak egiten, baina aurretik ere bisita bereziak egiten dabil han-hemenka, zenbait euskal etxek deituta. Horrela, abenduaren 11an, Australian izan zen, Gure Txoko elkarteak egin zion gonbiteari erantzunez. Sydneyko euskaldunek, urtero legez, Centennial Park delakoan gauzatu zuten hitzordua, eta elkarteko txikiak bertan ibili ziren, estu eta larri, ikazkina noiz agertuko zain. Olentzerok opariak banatu zituen haurren artean eta egun ederra igaro zuten denek, Australiako udako eguraldi ederraz gozatuz.
2011/12/20
Olentzero badatorrela eta aurten ere opariak erosteko berandu zabiltzala? Lasai, www.ibaimusic.com atariak azken minutuan salbatuko zaituen oparia egiteko aukera ematen du, musika bonoei esker. Hamar eurokoa da merkeena eta 50koa garestiena; jasotzen duenak webgunean sartu eta gustukoen duen CDa edo abestiak erosi eta zuzenean deskargatu ahal izango ditu. Aukera ez da nolanahikoa: une honetan 7.000 disko biltzen ditu IbaiMusic-en katalogoak. Diasporari begira jaio zen webguneak taldeei euren musika salgai jartzeko aukera ematen die, eta une honetan Boiseko 'Amuma Says No' eta Argentinako 'Baietz' taldeekin ari dira hizketan, euren musika ere katalogora ekartzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus