euskal diaspora eta kultura

2007/05/12
Lapurdiko Senpere herriak beste behin hartuko du Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen jaia, joan den astean izandako uholde larriek eragin dituzten kalte eta hondamendiari aurre eginez. Zazpi herrialdeetatik heldutako euskaldunek bat egingo dute jaiarekin eta bildutako dirua ikastolen elkartearentzat eta zati bat uholdeek kaltetuentzako izango da. Diasporan, Buenos Aireseko Iparraldeko Etxeak gaur bertan egingo du jaia eta datozen asteetan Pariseko Eskual Etxea eta Mar del Platakoa ere bilduko dira.
2007/05/12
Aurrera darrai Brasilgo Sao Paulon, bertako Euskal Etxeak antolaturik Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrenaren karietara garatzen ari den kultura asteak. Gaurkoan 'Emakumeak gerletan: gogoeta bat' izeneko mahai-inguruaren txanda izango da, eta ondotik 'Libertarias' filmea ikusi ahal izango da. Biharkoan, dokumental eta mahai-inguru berri bati ekingo zaie. 1936ko gerlari buruzko testigantzak eta zenbait proiekzio eta debate biltzen dituen programa hau datorren asteko asteburuan amaituko da, Julio Medemen 'Euskal Pilota' emanez larunbatean, eta Aberri Egunaren jaia eginez igandean.
2007/05/11
Berdintasun politika, emakumeen lidergoa eta bake prozesua izango dira Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak Argentina, Paraguai eta Txilera gaur hasiko duen bidaiaren ardatzak.
Hamaika eguneko iraupena izango du birak eta Bilbaok gai horiei buruzko mintzaldiak eman eta bilerak egingo ditu. Euskal komunitateekin ere bilduko da eta bidaia bukaeran Michele Bachelet Txileko lehendakariaren gonbidatua izango da Iquiqueko Itsas Guduaren urteurren ekitaldian.
2007/05/11
Boiseko Ikastolak, 'Euskal Herritik kanpo murgiltze sistemari jarraiki euskara hutsean klaseak ematen dituen eskolaurreko zentru bakarrak', bere irakasle taldeko kide izan nahi duten hezitzaileei zuzenduriko lanpostu eskaintza argitaratu du. Lanpostua lanaldi osokoa da, 40 ordu astero, datorren abuztutik hasita 2008 ekainerarte. Interesatuek Mara Davies Boiseko Ikastolako zuzendariari bidali behar diote kurrikuluma.
2007/05/11
Pare bat aste ez dira orrialde hauexetan aipatu genuela Arrecifeseko Euskal Etxe argentinarrean apirilaren 21ean egin zuten Batzar Nagusia 2006ko txostena eta kontuak onartu eta bertako Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritzearren. Bilkuraren ondotik, afari herrikoi batek agertokia ipini zien Aberri Eguneko ospakizunei (ikus hemen ). Hona Buenos Aires probintziako herri honen Zuzendaritza Batzorde berria osatzen dutenen izenak.
2007/05/10
'Patrimonio Tresarroyense' edo 'Ondare tresarroyostarra' saria emateko ideia 2004an sortu zen, anonimotasunean eta ezagunak izan gabe herriko kulturaren edo ongizatearen alde lan egiten duten pertsonei omenaldia egiteko. 'Ohartu ginen jende asko dagoela gizartearen toki desberdinetatik ingurukoen eta komunitatearen alde gogor ari dena lanean. Gure asmoa pertsona horiei errekonozimendua eskaintzea, euren ekarpen solidarioa eta gure herriaren alde egiten duten lana sarituz', azaltzen du José Luis Artuch, Hiru Erreka Euskal Etxeko lehendakariak. Aurten, Euskal Etxean jaio baina Tres Arroyos osorako den sari honek herriko bost bizilagun saritu ditu: Miguel Ángel Sandez, Claudia Adelina Cinalli, Miguel Zotarelli, Honorino Pellitero eta Mirta Bertide. Agian beste euskal etxe batzuk bilduko dute idea euren komunitateetara egokitzeko.
2007/05/10
Segitzen dute iristen gure erredakziora mundu osoan zehar hamaika euskal etxek Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenarekin bat antolatutako ekitaldien berriak. Argentinakoak dira honako biak: Pergamino hirian, 'Lagun Onak' Euskal Etxearen eskutik, meza eta ekitaldi nagusi bat egin ziren, azken hau Merced Plazan, Gernikako Haritzaren kimuaren aurrean, alkatea eta Euskal Etxeko zuzendariak bertan zirela. José C. Paz herrian, berriz, 'Toki Eder' Euskal Etxeko bazkide batek Picassoren 'Guernica'z eginiko erreprodukzio bat inauguratu zen.
2007/05/09
Euskarazko hitz horietxekin zoriondu zuten Nevadako Estatu Batzarreko kideek Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentrua-Center for Basque Studies bere 40. urteurrenean. Zentruko ordezkari taldea izan zen Estatu Batzarraren asteleheneko bilkuran, eta Gloria Totoricaguena CBSko zuzendariak hartu zuen errekonozimendua jasotzen zuen ebazpena. Alta, Totoricaguenak William A. Douglass-i, CBSren sortzaileari, pasa zion dokumentua, Douglassek zentruaren sorreran eta garapenean izan duen garrantzia aitortuz.
2007/05/09
Nafarroako Artaxoa herrian astebeteko kultur ekitaldiak egiten ari dira egunotan, Jimeno Jurio Sarien 3. edizioa dela eta. Sari hauek Artaxoan jaiotako Jose Maria Jimeno Jurio etnografo eta historialariaren omenez antolatuak izan dira, eta aurtengoa Juan Antonio Urbeltz dantza aditu eta antropologoak jasoko du. Sariak Artaxoako udaletxeak eta Nabarralde aldizkariak sortu dituzte, besteak beste, Artaxoa eta Nafarroako kultura, historia, hizkuntza edota tradizioaren alde lan egin duten pertsonak omentzeko.
2007/05/09
Arrakastaz bukatu zen apirilaren 27an 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketak Eusketxen, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean, eman duen denbora tartea. Apiril osoan izan da ikusgai Argentinako euskaldunen historian zehar eginiko ibilbide sakona eta hunkigarria eskaintzen duen erakusketa. Eusketxek, gainera, mintzaldi eta ekitaldi osagarriak antolatu ditu erakusketa dela eta. Horietako bat Maria Elena Etcheverryk eman zuen mintzaldia. Bertan, abesti eta poesiak oinarri hartuta Argentinako euskaldunek sentitzen zuten herrimina aztertu zuen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus