euskal diaspora eta kultura

2007/08/02
Besta da nagusi egunotan Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Munduan egun dauden elkarteen artean zaharrena da Laurak Bat eta aurten bere sorreraren 130 urteak betetzen dira. Data garrantzitsua behar den moduan ospatzeko elkarteak aste beteko ekitaldi sortari hasiera eman zion asteartean, San Inazio eguneko mezarekin. Gaur Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politika sailburuordeak mintzaldia eskainiko du eta datozen egunetan dantza, musika eta lagunarteko giroaz gozatzeko makina bat aukera izango da Laurak Baten.
2007/08/01
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere 95. urteurrena eta San Inazio eguneko jaia batu egin ditu joan den asteburuan, elkartearen bizitasuna eta aldarte ona erakutsi dituen ekitaldia eginez. Urriaren 5etik 7ra bitartean Rosarion bertan Euskal Astearekin biziko den giroaren aurrerakina baizik ez da izan; afarian janari goxoaz eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.
2007/08/01
Jorge Eztala doktoreak eta bere emazte María Leonor Echavarríak 1993an erosi zuten 50 urtez Mario Tittarellirena izana zen bodega. Mendozako senar-emazteek 'Viñas de Euzkadi' bataiatu zuten bidega berria, bion arbasoen ohoretan. Gaur egun, konpainiaren ardoak Argentina osoko bazterretara iristen dira eta baita hainbat lurraldetara ere, hala nola Espainia, Danimarka, Brasil, Australia, Txina eta Estatu Batuetara.
2007/07/31
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Euskal Curriculum berria prestatzen aritu da azken hilabeteetan, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Euskal Herriko ikastoletako haurrek 2007-2008 ikasturtean ikasiko dituzten gaiak bilduz. Aurten lehenengo aldiz euskal Diaspora eta emigrazioaren esperientzia curriculum horren parte izango dira. Iraila hasieran eduki berri hau eta beste asko irakasteko material lagungarria bilduko duen web gunea jarriko du abian Hezkuntza sailak.
2007/07/31
Basque Research webgunea Euskal Herriko zein kanpoko komunitate zientifikoari, ikertzaileei eta orohar publiko interesatuari zuzenduriko ataria da eta bertan ikerkuntza eta berrikuntza arloko ekimen eta aurkikuntzei buruzko informazioa argitaratzen da. Bost urtetako ibilbidean arlo honetako berri iturri bezala bere lekua lortu du webguneak eta orain diseinu eta edukin aldetik eraberritua datorkigu, beti ere eskaintzen duen zerbitzua hobetu eta erabiltzaileen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin.
2007/07/30
Irakasle taldearen jarduerak larunbaterainon luzatu baziren ere, joan den ostegunan bukatu zen ofizialki Argentina Euskaraz programako 2003-2007 laurtekoaren irakaskuntza zikloa. Programaren arduradunak, José Francisco 'Kinku' Zinkunegik ekimenaren balantze oso positiboa egin zuen eta programaren barruan lau urte hauetan trebakuntza jaso duten iraksleen etorkizunari buruz mintzatu zen BasqueHeritage.com-ekin.
2007/07/30
Duela 70 urte 36ko gudako bonbardaketetatik ihesi 4.000 euskal haur heldu ziren Ingalaterrako hegoaldean dagoen Eastleigh herrira. Ezer gutxi zekarten eta herri txiki honetako bizilagunak buru belarri aritu ziren laguntzen euren egonaldia ahalik eta atseginen izan zedin. Orain, Eastleigh-ek esperientzia hura gogoraraziko du datorren urrian egingo den kultur aste batekin. Ingalaterra eta Euskal Herriko artista, musikari eta dantzariak arituko dira bertan, horien artean Kukai dantza taldea eta Tanttaka, '1937' antzezlanarekin.
2007/07/29
Buenos Aireseko Alkartasuna euskal koralak gonbidapena luzatu die kantuzale direnei --'euskaldunak, euskaldunen ondorengoak edota beste edozein nazionalitateetakoak izanik'-- abesbatza ezagutu eta, hala nahi balute, bere kordetara bil daitezen, batez ere kontralto, tenore eta baxuen kasuan. Alejandra Blech-ek zuzentzen duen Buenos Aireseko koral honek asteartero egiten ditu errepikak hiriburuko Gure Echea Euskal Etxean, bi orduz arratsaldeko zazpiak eta laurdenetatik aurrera. Xehetasun gehiago entsaioetara bilduz edota telefono bidez.
2007/07/28
Iritsi gara beste urte batez uztail hondarrera eta horrekin batera San Inazio egunera. Beste hamaikatxo herri eta hiriren artean euskal diasporako hainbat tokitan indar bereziz bizi den festa hau, Estatu Batuetako Boise Idahoko hiriburuan ospatzen da modu partikularrean. Izan ere, Boisen atzo arratsaldean eman zitzaion hasiera aurtengo edizioari, hiriaren erdigunean dagoen Basque Block delakoan. Kaleak festetarako moztuz, Grove karrika kolore estatubatuar eta euskaldunez bete zen. Gaurko eta biharko egitarauak musika emanaldiak, dantza ikuskizunak, euskal meza Saint John katedralean eta bi berbena ere biltzen ditu jende orori zabalik.
2007/07/28
Mendiguren familiak bere laugarren topaketa ospatuko 2008ko apirilaren 13an Amurrion, Araban. Bilkuraren helburua 'familia arteko harremanak estutzea eta elkar ezagutzea' izango da, antolatzaileek adierazi dutenez. Xabier eta Fernando Mendiguren dira bileraren antolatzaileak eta abizen hau dutenei bertaratzeko gonbitea egiten diete. Familiaren azken topaketa Gernikan izan zen, joan den apirilaren 22an, eta 130 lagun bildu zituen guztira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus