euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakearen aldeko eta Gernikako bonbardaketaren oroitza ekitaldia Villegas-en, alkatea eta herritarrak partaide

2007/09/24

Bakearen Aldeko IV. Elkarretaratzea iragartzen duen deialdia, Argentinako General Villegas-en General Villegas herri argentinarreko Euskal Etxeak etzi Buenos Aires probintziako udal honetan egingo den Bakearen aldeko IV. Kulturarteko Elkarretaratzean hartu du parte, bertan toki berezia eskainiko zaiolarik Gernikari, bonbardaketaren 70. urteurrena bete den parada honetan. Eskola batek antolatua da guztia, 'Salomé Ureña de Henríquez' EPB 3 zenbakidunak, eta Euskal Etxearekin batera Villegaseko gainerako gizataldeak ere izango dira partaide. Alkateak hitz batzuk egingo ditu, 'Gernika Bakearen Alde' agiria irakurriko da eta Bakea hitza hainbat hizkuntzatan erakutsiko duten afixak paseatuko dira, tartean euskaraz, italieraz, frantsesez, maputxez, guaraniz, ingelesez, txineraz eta ketxuaz. Hori, zenbait uso aske utzi aurretik, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Cástor Narvarte Arregui, Euskadiko Orkestrako musikaria: "Euskal Herrian aurkitu dut nire lekua"

2007/09/24

Castor Narvarte Arregui musikaria Buenos Airesen eginiko elkarrizketan (argazkia EuskalKultura.com)

Cástor Narvarte Arregui Txilen jaio zen eta zortzi urterekin hasi zen musika ikasten, etorkizunean Donostiako orkestra bateko partaide izateko ametsarekin. Ametsa egia bihurtu da eta egun Narvarte Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) biolajolea da. Orkestrak Brasil eta Argentinan barrena bira bat egin berri du egunotan eta Buenos Aireseko azken kontzertuan biolajoleak tarte bat egin zuen EuskalKultura.com-ekin mintzatzeko. Hurrengo elkarrizketan Narvartek musika munduan Txilen emandako pausoak gogoratzen ditu eta Euskal Herrian bizitzea eta EOSeko kide izateak berarentzat duen esanahia azaltzen du.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeentzako 2007ko diru laguntzak eman ditu jakitera, orotara ia 1.400.000 euro

2007/09/22

Caracaseko Eusko Etxea da dirulaguntzen 2007 deialdian esleipendun izango denetako bat Eusko Jaurlaritzak, 2007ko irailaren 21eko ebazpenez, Euskal Etxeentzako 2007ko dirulaguntzen banaketa onetsi du. Orotara 1.359.340 euro dira banatutakoak, baldintzak bete dituzten 95 etxeren artean, herrialdeka honela sailkatuta: Argentina (55), Australia (1), Brasil (1), Espainiako estatua (8), Estatu Batuak (9), Frantziako estatua (2), Italia (1), Kanada (2), Kolonbia (1), Kuba (1), Mexiko (1), Peru (1), Txile (2), Uruguai (6) eta Venezuela (3). Euskal Etxe esleipendunek faxa bidali beharko dute dirulaguntza onartzen dutela esanez, ahal dela datorren astelehenaren aurretik, Gizataldeetako Zuzendaritzak euskal etxeentzako ohar batean adierazi duenez.

Gehiago irakurri...


Montevideoko Haize Hegoak euskaldunen lekukotasuna eraman zuen Uruguaiko Nekazal Azoka nagusira

2007/09/21

Haize Hegoaren standa gobernatu zuten bolondres gazteak standaren aurrean (argazkia Haize Hegoa) Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxea pozik agertu da Uruguaiko Nekazaritza Azokaren 102. edizioan egin duen paperarekin. Azoka irailaren 5etik 16ra izan zen eta ia 400.000 lagunek bisitatu zuten. Haize Hegoaren standean Euskal Herriko kultura eta historiari buruzko informazioa eta Uruguaiko abizen eta deitura euskaldunen berri eman zuten. 350 lagunek euren datuak utzi zituzten informazio gehiago jasotzeko.

Gehiago irakurri...


Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko lizeoetan ikasleen hamarrenak baino ez du euskara edo euskaraz ikasten

2007/09/21

Ikasleak, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasgela batean (argazkia Gaizka Iroz/Berria) Hamarretik bederatzik, euskara arrotz. Umezurtz da euskara Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan. Euskararen Erakunde Publikoak 2004-2005ean egindako inkesta kuantitatiboan agertu emaitzen argira, Ipar Euskal Herriko lizeoetan ikasten duten hamar ikasletik bederatzik ez dute euskara edo euskaraz ikasten. Murgiltze ereduari so eginez, emaitzak oraindik kezkagarriagoak dira, %2,4 baizik ez direlako. Gainerakoak eredu elebidunetan ari dira (%2,3) edo euskara ikasgai gisa dute (%4,4). Kopuruak ez dira geroztik emendatu eta urte luzeak beharko dira, neurri ausartekin batera, joera hori aldatzeko. Aitor Renteriak sinatua da Berrian agertu artikulua.

Gehiago irakurri...


Tandileko Euskal Etxeko kide den Gaston Inchausti argentinarra, San Frantziskoko Mundialeko aurkikuntza

2007/09/21

Gaston Inchausti pilotari gazte eta Tandileko Euskal Etxeko kideak bat baino gehiago harritu zuen San Frantziskon bukatu berria den Mundialean Gaston Inchausti aurrelari argentinarra, 17 urteko pilotaria, irailaren 6tik 15era South San Franciscon zazpi naziotako pilotareni artean jokatu den Mundu Pilota Batzarreko lehenengo txapelketako aurkikuntza izan da. Argentinak larruzko pilota paleta sailean lortutako brontzezko domina bakarrarekin konformetu behar izan bazuen ere, bertan zeuden herrialdeetako teknikoek txapelketako aurkikuntza gisa aipatu dute Insausti, bere kalitateagatik eta lanabesa erabiltzeko indarrarengatik. Batzuek esana dute jadanik Pablo Fusto berria izango dela, Bilbon profesional gisa ari den txapeldun argentinarrarekin alderatuz.

Gehiago irakurri...


Argentinako prentsak Iñaki Urlezaga dantzari euskal argentinarraren arrakasta profesionala azpimarratzen du

2007/09/21

Iñaki Urlezaga dantzaria Balletin Dance aldizkarian (argazkia ASanguinetti)
 Iñaki Urlezaga munduan zehar dantza ikuskizunak emateaz gain bere konpainia propioa mantentzen duen ballet dantzari pribilejiatu horietakoa da. Urriaren 19 eta 20ean 'Giselle' lana aurkeztuko du Buenos Aireseko Luna Park-en eta udazkenean bira egingo du Europan zehar (Espainia, Italia eta Turkia). Balletin Dance aldizkari espezializatua euskal argentinar dantzariarekin solastu da, jarraian itzuli eta laburtzen dugun elkarrizketan.

Gehiago irakurri...


Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Aita Madinaren 'Orreaga' suitearekin bukatu du bere amerikar bira Buenos Airesen

2007/09/20

Bruno Leonardo Gelber pianojolea entzulegoa agurtzen (argazkia EOS) 'Oso gustura' amaitu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Brasil eta Argentinan zehar egin berri duten bira, joan den asteartean, Buenos Aireseko Coliseo Antzokian emandako kontzertuarekin. Emanaldia oso berezia izan zen, batez ere bertara bildu ziren euskaldunentzat, orkestrak Aita Madinaren 'Orreaga' jo baitzuen, Buenos Airesen idatzi eta estreinatu zenetik 53 urte bete diren honetan.

Gehiago irakurri...


Hamaika Bide elkarteak Erbesteari Buruzko 8. Mintegia antolatu du Donostian urriaren 17tik 20ra bitartean

2007/09/20

Begoña Eguiluz, María Esther Etxebarrieta eta Arantza Ametzaga 2005ean Donostiako Udal Liburutegi zaharraren egoitzan, 'Erbestea eta Emakumea' mintegian Euskal Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren edizio berriaren egoitza izango da Donostia datorren urrian, Hamaika Bide elkarteak antolatuta. Aurtengoan 'Erbestea: Historia eta Kulturarako eztabaida bat' hertuko du mintegiak izenburu. Jardunaldiak irekiak izango dira eta Deustuko Unibertsitatearen egoitza donostiarrean eta Udal Liburutegian egingo dituzte. Diasporak leku nabaria izango du mintegian eta Sebastian Amorrortu edota Martin Ugalde bezalako pertsonaien lana aztertuko dute.

Gehiago irakurri...


Antzinako eta GHFPBAM elkarteek genealogia topaketak antolatu dituzte Biriatun, Lapurdin, urriaren 13 eta 14ean

2007/09/19

Topaketak urriaren 13 eta 14an Biriatuko Xoldo frontoian izango dira Euren sustraiak eta familia jatorriei buruz jakinmina izan baina sekula genealogia munduan sartzeko pazientzia edo astia izan ez dutenek aukera bikaina izango dute urriaren 13 eta 14ean Biriatun, Lapurdin, egingo diren I Genealogia eta Tokiko Historia Topaketetan. Antzinako eta GHFPBAM elkarteek antolatu dute 'genealogia azoka' hau eta hasiberri zein adituentzat eskainiko dituen proposamenen artean artxiboetan datuak bilatu eta genealogia software berrienak erabiltzen ikasteko doako tailerrak egongo dira.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia