euskal diaspora eta kultura

2008/02/01
FIVU --Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa, Federación de Instituciones Vasco Uruguayas-- elkarteak antolaturik, euskal jatorriko ehun bat gazte eta heldu bilduko dira otsailaren 14tik 17ra Río de la Plata delakoaren ertzean, Artigas-eko kanpaleku batean, euskal etxe uruguaitarren biltzaile den elkarte honek antolatutako udalekuaren laugarren edizioan. Ohi bezala, parte hartzaileak etxoletan egingo dute lo eta, joko eta jolasekin batera, euskal dantza, kantu eta kultura saioak izango dituzte, euren erroei dagokien ondarea hurbilago eta hobeto senti eta ezagut dezaten.
2008/02/01
Argentina izango da Josetxo Silguero irundarraren hurrengo geltokia. Martxoaren 10etik 26ra bitartean bere saxofoiarekin bira bat emango du Buenos Aires, Cordoba eta Rosarion. Denbora tarte horretan hiru kontzertu, bi tailer edo seminario eta bi klase emango ditu. Buenos Airesen joko duen bigarren aldia da eta hainbat konpositoreren lanak eramango ditu klasetara, hala nola, Gabriel Erkoreka, Alberto Posadas, Giacinti Scelsi edota Christian Lauba. Gainera, bertako konpositore den Jorge Sadekin batera lan berri baten aurkezpenean egingo du lan.
2008/01/31
Nafarroako presidente Miguel Sanz buru dela nafar erakunde eta merkatarien ordezkaritza zabal bat bidaiatuko da datorren astean Estatu Batuetara, Merkataritza Ganberak eta SODENAk antolaturik, foru lurraldearen irudia, ardoa eta elikagaiak Ipar Ameriketan sustatu eta ezagutarazteko asmoz. Nafarroako hogei enpresak hartuko du parte, aurten otsailaren 4 eta 5ean Miamin eta 6 eta 7an New Yorken garatuko den 'Estatu Batuetako Nafar Astea' izenekoan. Kointzidentziaz, joan den astelehenean, NYen zen Sanzberro nafar kontseilaria, munduko 'Ardo eskualde onenari' Wine Enthusiast saria jasotzen Errioxa sor-markaren izenean, Nafarroa, Araba eta Errioxa hunkitzen baititu aipatu jatorri izendapenak.
2008/01/31
Aurtengo inauteriak goiztiar datoz, 'toka daitekeen data goiztiarrenetako batean', Dantzan.com webguneko Oier Araolazak gogorarazten digun bezala. Otsailaren 5ean izango da Inauteri Asteartea, eta Ostegun Gizena hil honetan bertan dator, urtarrilaren 31ean. Data hauetarako mozorro eta dantzak inoiz baino azkarrago prestatu beharko ditugu eta herri askotan aurten inauteriekin batera tokatzen diren Santa Ageda edota Kaldereroak bezalako jaiak nola ospatu erabaki beharko dugu.
2008/01/31
FIVUk (Euskal Uruguaitar Erakundeen Federazioa) HABEko Euskara Munduan programako koordinatzailea hartu du aste honetan Montevideon. Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegik aurten lau euskal etxetan hasiko den euskara irakasleen trebakuntza programa azaldu du eta euskal etxeek kurtsoa nola bideratu eztabaidatu dute. Bileran Saltoko Euskaldunen Taldea (Saltoko Euskal Etxea); eta FIVUn federatutako beste hiru euskal etxe izan ziren: Rosarioko Gure Etxea, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Haize Hegoa.
2008/01/31
Argentinako Justizia eta Giza Eskubideen Ministeritzako Giza Eskubideen Idazkaritzak ikerketa bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, azkeneko diktaduran desagertutako euskal jatorriko hiritarren urratsen berri jakitearren. Emaitza legez, euskal jatorriko biktimen erregistro bat osatu nahi da eta honetarako bilaketa sakon bat egin nahi da Estatu Erakundeen barnean zein kanpoan. Argazki zein biografia erregistroak eratuko dira eta liburu bat argitaratu ere, hau guztia historia horien berri hedatzeko asmoz.
2008/01/30
Ibaiko Euskaldunak Euskal Etxeak anfitrioi lanak egin zituen euskarari buruzko lehen topaketa patagonikoan. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten inguruko Viedma eta Bahia Blancako euskal etxeek eta haien ordezkaritzak Rio Coloradoko lagunekin bildu ziren euskara eta euskal kultura ardatz zituzten jarduerak egiteko. Topaketen arrakasta ikusirik datorren urterako edizio berria beste euskal etxeei ere zabaltzea pentsatu dute antolatzaileek.
2008/01/30
FEVAk jakitera eman du datorren astean hasita San Frantziskon jokatuko den Pilota Txapelketan lehiatuko diren pilotari argentinarren izenak: Joseba Bilbao, Maria Lis Calderon eta Gaston Inchausti. Txapelketa San Francisco Basque Cultural Center (BCC) elkarteak antolatu du eta bertan San Frantzisko, Argentina, Mexiko eta Venezuelako pilotariak ariko dira. Txapelketa otsailaren 9tik 17ra jokatuko dute eta finala Ibarretxe lehendakariaren bisitarekin eta BCC-ren 26. urteurrenarekin bat gauzatuko da.
2008/01/30
Viña del Marreko Aita Karmeldarren elizan egin zen atzo Antonio Narvarte Sanzen hileta. Narvarte Txileko euskal komunitatearen kide nabarmena zen eta Valparaisoko euskal etxeko bazkide eta zuzendaria izan zen. Bere lagun mina zen Aita Kepa Bilbaok zuzendu zuen elizkizuna. Santiago eta Valparaisoko euskal komunitateko kide ugari bertaratu ziren, Txileko euskaltzale ezagunari azken agurra eskaintzeko. Narvartetarren familia zabalaren alboan, besteak beste, Jon Erdozia, Euskadiko ordezkaria Txilen, Archibaldo Uriarte, Jose María Narvarte eta euskal etxeen alde lanean emandako urte luzeetan eginiko lagun asko eta asko izan ziren.
2008/01/29
Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzarako diputatua, Mexikon da egunotan foru erakundeak herri honetan eta El Salvadorren sustatzen dituen kooperazio ekimenak bisitatzeko. Gaur Chiapasera heldu eta ostirala bitartean egongo da bertan. Besteak beste, Chiapaseko gotzain Felipe Arizmendirekin eta inguru honetan aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariekin bilduko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus