euskal diaspora eta kultura

2008/03/14
Gaur bertan heldu dira Eibarrera Utahko Unibertsitateko Character Dance Ensemble taldea osatzen duten 17 dantza ikasleak. Munduko herrialde askotan izan dira tokian-tokiko dantzak ikasten eta Eibarko Kezka Dantza Taldearekin www.dantzan.com webgunearen bidez jarri ziren harremanetan. Dantza atari honen kudeatzailea, Oier Araolaza, Kezkako dantzaria da eta taldeak ikastaroa antolatzen lagundu die estatubatuarrei. 'Inbidia sanoa baino amorrua ematen du han dantzak duen egoera ikusteak, hemengoarekin alderatuta. Hemen hitzetik hortzera darabilgu euskal dantza eta gero erakundeek eta Unibertsitateak ez dute sustatzen, ezta ikertzeko eta ikasteko biderik ematen...', azaltzen du dantzariak.
2008/03/14
Ibai Ondoko Euskal Etxeak joan den larunbatean inauguratu zuen egoitza berria, ehun bat bazkide eta lagun bildu zituen ekitaldian. Egoitzak 300 metro kuadro inguru ditu, bi solairutan banatuta. Bildutakoek elkartearen aro berriarengatik topa egin eta gero euskal etxeko dantzari txikiek erakustaldia eskaini zuten, Claudia Oterok eta Aitor Alavak zuzenduta. Hurrengo ekitaldiak prestatzen ari da jadanik euskal etxea: Dantzari Eguna eta Urteurren Jaia.
2008/03/14
Buenos Aireseko Katedrala eta Bahia Blanca eta Necocheako hiriak izango dira Araba Abesbatzak martxoaren 18tik 30era kontzertuak eskainiko dituen tokiak. Aitor Saez de Cortazarren gidaritzapean, 35 pertsonek osatutako taldeak kantu erlijiosoek, lehenengo partean, eta euskaldunek, bigarrenean, osatutako programa dakarte. Omenaldi txiki bat ere eskaini nahi diote publiko argentinarrari, bertako bizpahiru abesti kantatuz.
2008/03/14
Hezkuntza alorrean izan duen eskarmentu handiaz aritu zen joan den larunbatean Gral. Rodriguez herri argentinarreko Eusko Aterpea Euskal Etxeko liburutegian 84 urte aberats dituen Marta 'Pocha' Berse de Lavallen --komentario gisa, Lavallen, Labaien euskal deituraren bertsio bat da--, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat antolatutako 'Palabras Mayores' (Hitz Nagusiak) bertako zikloko hitzordu berri batean. General Rodriguezen bertan bizi den irakasle honek hezkuntzaren munduari eskaini dio bere bizitzaren zati handi bat eta, gaur egun ere, herriko irakasle erretiratuen elkarteko presidentea da.
2008/03/13
Bi egun baino ez dira falta FEVAren zuzendaritza batzordeko hauteskunte partzialak egiteko eta
areagotu baino ez da egin bi zerrenden adierazpen isuria eta alde bateko eta besteko jarraitzaileen arteko eztabaida. Jarraian bidalitako e-mail eta adierazpen horietako batzuk laburtu eta sareratu egiten ditugu, gure irakurleei eritzi propioa osatzeko lagungarri izango direlakoan.
2008/03/13
Euskal kulturak primerako erakusleihoa dauka egunotan Mexiko DFko Anahuac Unibertsitatean, bertan antolatu duten Euskal Astea dela eta. Erakusketak, mintzaldiak, euskal enpresen standak eta beste ekimen batzuk egiten ari dira eta asteartean Euskal Herriaren Eguna antolatu zuten, Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzaren laguntzarekin. Aste honetako ekimenen artean Jose Pablo Arriaga artista markinarra Euskal Etxean ari da lanean, Sustraiak bere nazioarteko proiektuko hirugarren eskultura prestatuz.
2008/03/13
Sei eta hamabost urte bitarteko 55 gazte euskal uruguaitarrak parte hartu dute aurten, FIVUk (Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioa) antolaturik Rio de la Plata ertzeko Artigas kanpalekuan arrakastaz bukatu berria den euskal udalekuan. Ekitaldiak iraun dituen lau egunak eguraldi ona --eta seguruenik sobera beroa-- lagun garatu dira, euskal edukiak eta aisialdikoak uztartuz, eta antolatuz besteak beste honelakoetan ohi diren joko eta jolasak, eta hainbat tailer, dantza, kantu, historia eta oro har euskal kulturakoak.
2008/03/13
She was born Basque in Oregon. In one of her life's proudest moments, Timmie was inducted into the Basque Hall of Fame on November 11th, 2007. Timotea Timmie Echanis was born to Jose White Horse and Claudia Yraguen on April 3, 1912, in a stone house with a mud floor on the Antelope Ranch located in Malheur County on the Oregon-Nevada border. She was delivered by a 'horse' doctor. Timmie started attending school in McDermitt when she was seven years of age and, as was true of all of her siblings, couldn't speak a word of English.
2008/03/13
Euskal Herriko kostako herri eta hirietako kaleak kalte ikaragarriekin esnatu ziren asteartean Kantauri itsasoko haize eta olatu erraldoiek sortutako hondamendiarengatik. Donostia eta Zarautz, herri batzuk aipatzeagatik, arras kaltetuak izan ziren, baina Bizkaian (Bermeo, Getxo, Ondarroa...) eta Lapurdin ere (Donibane Lohizune, Hendaia, Baiona...) kalteak eta material galtzeak agerikoak izan ziren. Zorionez, ez zen biktima pertsonalik egon gertaera natural ikusgarri honetan.
2008/03/12
San Frantziskotik internet bidez kantuan ariko diren bertsolariak, kantari euskal argentinar bat eta Ameriketako euskal artzainen esperientzia kontatzen duen 'Euskamerikan Artzain' pastoralaren estreinaldia dira, besteak beste, etzi hasiko den Xiru jaialdiaren 19. edizioak proposatzen dituen 'gutiziak'. Gotainen, Zuberoan, ospatzen da Xiru eta aurten 'Zazpiak ta Bat' izenburupean dator, euskal Diasporari begira. Jaialdiak Joseba Sarrionandiaren poema hartu du inspirazio iturri: "Itsasoaz bestaldera joan ziren, eta ez dira egundo itzuliko... Eta inoiz itzuliko balira ere, jadanik ez dira joan zirenak izango".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus