euskal diaspora eta kultura

2009/04/16
Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen literatur jaialdiak V. edizioa betetzen du eta beste behin ere Euskal Herriko gaur egungo literatura Kataluniara ekartzeko helburuarekin dator. Aurtengo Literaldia bihar bertan hasiko da, Kemen Lertxundi idazleak emango duen kontzertu poetiko musikalarekin. Ondotik, hilabete luze ekitaldiz beteta: Eider Rodriguez, Castillo Suarez, Leire Bilbao, Hedoi Etxarte eta Edorta Jimenez igaroko dira, besteak beste, euskal etxetik. Errezitaldi, irakurraldi eta musika emanaldiez gain euskal elkarteak lehiaketak, Bartzelonatik literatur irteerak eta bertso-afaria ere antolatu ditu.
2009/04/16
Itxaropen Euskal Etxe argentinarreko kideek helburu oso argia dute buruan azken aldian: euren egoitzaren eraikuntza zinez bultzatzea. Asmo horrekin, ‘adreiluaren kanpaina’ jarri zuten martxan joan den urtean, erakundearen hamargarren urteurreneko ospakizunekin batera. Kanpainaren bidez, euskal etxearen proiektuari lagundu nahi dionak adreilu dohaintzabat egin dezake: 170 peso argentinarren truke ehun adreilu eman ditzake. Ekimenaren lehenengo emaitzak ikus daitezke dagoeneko: sukaldea amaituta dago eta hurrengo urratsa bainugelak eta balio anitzeko aretoa eraikitzea izango da. Lagundu nahi baduzu, garaiz zabiltza.
2009/04/15
Cañuelaseko Dantzari Topaketak berezko lekua lortu du Argentinako euskal dantzarien urteko egutegian. Orain dela hiru urte Denak Bat euskal etxekoei Aberri Eguna dantzarien topaketa batekin ospatzea bururatu zitzaien. Hasieran erronka handiegia zirudien, Argentinan dauden distantziengatik, baina urteak pasa ahala gainditu egin da erronka hori eta aurten hainbat etxeetako berrehun bat dantzari elkartzea lortu da. Topaketa martxoaren azkeneko asteburuan gauzatu zen eta izandako arrakastarekin hitzorduak berretsi egin du bere lekua Argentinako euskal komunitatearen urteroko ekitaldi esanguratsuen artean.
2009/04/15
Juan Mari Beltran euskal musika aditua Frankfurteko Nazioarteko Musika Azokan izan da aurten, Ander Barrenetxea txalapartariarekin batera, eta hiri alemaniarreko Euskal Ikasketen Etxeak gonbidatuta txalaparta bat egin du bere egonaldian zehar. Txalaparta orain euskal alemaniar elkartearen eskutan geldituko da. Beltranek eta Barrenetxeak musika tresna estrenatzeko aukera izan zuten, elkarteak egin zuen euskal alemaniar sagardotegi-afarian.
2009/04/15
Montevideoko euskal komunitateak Korrika 16rekin bat egiteko aukera izan zuen orain dela egun batzuk, Euskal Erria elkarteak antolatu zuen lasterketa sinbolikoari esker. Ekitaldia apirilaren 4ean izan zen, lasterketa ofiziala Gasteizen, Euskal Herrian, bukatu baino egun bat lehenago. Eguraldi txarrari aurre eginez uruguaiar korrikalari talde polita bildu zen Gernika plazan eta Askatasunaren plazan bukatu zen bost kilometrotako ibilbidea egin zuten.
2009/04/14
Apirilaren 23tik maiatzaren 11ra bitartean egingo da hiriburu argentinarrean Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren hogeita hamabostgarren edizioa. Euskal argentinar komunitateak, aurreko bi edizioetan bezala, leku berezi bat izango du FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin antolatutako standari esker. Liburu aurkezpenak, musika eta dantza erakustaldiak izango dira euskarari buruz edota euskal kulturaz interesatutako bisitariek ikusi ahal izango dituzte ekintzetako batzuk.
Euskal standaren zenbakia 2418/20, Azokako aretoaren pabilioi horian.
2009/04/14
Pamiela argitaletxe iruindarra aurten ere Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan izango da, eta oraingoan gainera bereziki bertan aurkezteko prestatu dituen bi libururekin: alde batetik, 'Vascos', Juan Carlos 'Xamar' Etxegoienek euskarak munduan izan duen historia eta presentziari buruzko lana; eta bestetik 'Siete poetas vascos', euskal poeta garaikideen poema aukeratuen bilduma, euskaraz eta gaztelerazko itzulpenarekin. Egileek hainbat aurkezpen egingo dute azokan, Ruper Ordorika musikariaren partehartzearekin.
2009/04/14
Larunbat eta igandeko programa osatu batez gauzatu dute Kubako Habanan joan den asteburuan Aberri Eguneko festa. Kubako eta Euskal Herriko eragin uztartuak nabariak ziren giro erakargarrian, ekitaldiak Mus Txapelketa batekin hasi ziren, arratsaldeko hiruretan, larunbatez, ospakizun guztien egoitza izan den Habanako Vedadoko Centro Vasco jatetxean. Zortzi bikote partaide eta, giro oneko baina konpetizio gogorreko partiden ostean, 'egindako iragarpenen kontra' EuskalKultura.com-i protagonistek berek aitortu diotenez, Josemi Arrugaeta bertako egoiliarrak eta Daniel Velez Iparraldeko argazkilariak --egun hauetan Habanan argazki erakusketa bat aurkezten ari denak-- osatutako bikoteak jaso zuten txapela.
2009/04/13
Urtero bezala Bazko astelehenez, Idazleen Biltzarra bilduko du gaur Sarako herriak (Lapurdi), aurtengoan ere EuskalKultura.com-ek bere stand propioa bertan. Idazleen eta irakurleen arteko harreman zuzeneko eguna da urtero Sarakoa. Ateak goizeko 10etan zabalduko dira Sarako Kiroldegian eta egun osoan izango dira zabalik, arratsalde erdian, bostak-seiak irian itxi arte. Iparraldeko hamaika euskal idazleekin mintzatzeko aukera ezin hobea, eta bertan egiten den euskal kulturak bizi duen unea neurtzeko hitzordu egokia.
2009/04/10
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus