Mexikon dira dagoeneko 18 herrialdetako ordezkaritzak, ostegunean hasiko den Munduko Euskal Pilota Txapelketan lehiatzeko gogotsu. Guztira, 347 pilotari ariko dira lehian hainbat kategoriatan (trinketea, pala, frontenisa...) Zinacantepec hiriko Pilotaren Jauregia izeneko kirolgunean. Mexikoko Frontoi Federazioak antolatu du txapelketa, eta irailaren 21a arte luzatuko da lehia. Munduko pilotazaleek egunez egun jarraitu ahal dute txapelketa antolakuntzaren webgunean eta sare sozialen bitartez.
Zinacantepec, Mexiko. Ostegunetik eta datorren irailaren 21a arte Mexikoko Munduko Txapelketan ariko dira lehian 18 herrialdetatik etorritako pilotariak. Argentina, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Costa Rica, Kuba, Salvador, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Guatemala, Mexiko, Nicaragua, Panama, Peru, Polonia, Puerto Rico, Uruguai eta Venezuelak bidali dituzte ordezkariak 2014 Mundialera, eta kirolariak eta euren entrenadoreak bertan dira dagoeneko, azkeneko prestakuntza saioak egiten eta lehia noiz hasiko irrikaz.
Partidak Zinacantepec hiriko Pilotaren Jauregia izeneko kirol gune berrian izango dira. Jakingarri gisa, aipatu Zinancantepec náhuatl jatorriko izena dela eta “saguzaharren muinoaren ondoan” esanahia duela. Saguzaharrik ez baina espero egoitzak dituen instalazioetan: 30 metroko bi kantxa dira, bi trinkete, 36 metroko bi kantxa, 54 metroko beste bat eta 20 metroko beste bat. Orotara 4.500 lagunentzako tokia dago eta antolatzaileek 45.000 ikusle espero dituzte txapelketan zehar.
Bertaratu ezin direnentzat partidetako emaitzak eta berriak jarraitzeko aukera zabala izango da, internet eta sare sozialei esker. Antolakuntzak txapelketari buruzko webgune mardula sareratu du (www.pelotavasca2014.mx) eta bertan jarrai daiteke pilotarien etorrera, entrenamenduak eta asmoei buruzko informazioa. Twitter bidez jarrai daiteke baita ere (@pelotavascafipv) edo Facebook-en (www.facebook.com/pelotavascafipv). Eta noski, federazio bakoitzaren sare sozialen bidez.
Zorte on partehartzaileei eta has dadila ikuskizuna!