Berlineko Euskal Etxeak urriaren 30ean egingo du bere aurkezpen ofiziala, arratsaldeko seietan, Regenbogenfabrik-eko zinema aretoan (Lausitzer Straße 22, 10999 Berlin-Kreuzberg). Ekitaldia aukera bikaina izango da elkartea Berlingo herritarrei eta Alemania osoko euskaldunei ezagutzera emateko eta bazkide berriei ateak irekitzeko.
Eguneko egitaraua kultur-aperitibo batekin hasiko da, alde batetik pintxoak eta ardoa, eta bestetik dantza eta irudia uztartuz. Bertara bildutakoak agurtu ostean 'Gernika', Klaus Ihlauren ikus-entzunezko dokumentala, izango da ikusgai. Ondoren Berlinen 2009ko urrian antolatu zen Euskal Koreografoen 1.go Jaialdiaren bideo emanaldia egingo da eta jarraian Mikel Aristegik immigrazioaz eta atzerriratzeaz 'Euskal Herria' izeneko bakarkako dantza eskainiko du, Joseba Sarrionaindia eta Xabier Leteren olerkitan oinarrituta. Aurkezpena giro ederrean bukatzeko 20:00etan euskal afaria egingo da.