euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Agenda rss

Itziarren Semeak taldearen Argentina eta Txileko birako lehenengo kontzertua

2014/11/06

Non: Buenos Aires, Argentina

Bilbo inguruko Itziarren Semeak taldeak Argentina eta Txilen 'Latin Revolta' izenpean egingo duen birako lehenengo kontzertua, azaroaren 6an, osteguna, Buenos Airesko Pueyrredon aretoan, gaueko 10etan.

Honela aurkezten du taldeak bere burua eta ibilbidea bere webgunean:

Itziarren Semeak: Ska, punk eta reggae banda. RRVren semeak direla ozen aldarrikatu dute hasieratik. Ezin izan zuten lehen lerroan egon 80.hamarkadan, baina beti eraman dute munduari begiratzeko modu hori bihotzean. Iturri hartatik edanda, euren bidea egin nahi dute sinesten dituzten ideiak jai giroan aldarrikatuz.

Taldearen izena, Euskal Herriko kultura musikala ulertzeko ezinbestekoak diren Pantxoa eta Peio bikotearen “Itziarren semea” kantutik hartu zuten. Torturaren kontrako aldarrikapen horrek erakusten du, taldearen filosofia boteretsuen kontra eta zapaldutakoen alde abestea dela.

2006an batu ziren lehen aldiz Mungiako lokaletan. Lehen kontzertua 2007ko apirilean eman zuten Mungiako Gazte Asanbladaren eskutik eta uda horretan hainbat kontzertu eskaini zituzten eskualdeko herriko jai ezberdinetan. Hasierako taldekide berdinek jarraitzen dute (Ibon, Manex, Jebi eta Irkus 2007tik). Kue lehen bateriajoleak 2008an utzi zuen taldea eta 2008tik 2013ra Unai Bergarak astindu ditu danborrak. Asier taldeko lehen tronpetajoleak 2013ra amaieran utzi zuen taldea eta 2014an taldekide berriak gehitu dira ska punk bandara. Orain Alain Egigurenek jotzen du bateria eta haizeetan Patxi eta Mizelen (Xutik) laguntza izan dute taula gainean zein diskoaren grabaketan.

2008ko ekainean lehen diskoa grabatu zuten Ondarroako Santos Records-en. Hamar kantu propio izan ziren. 2010eko otsailean “Bizkaiko Golfoak” diskoa grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Kaki eta Martxel Arkarazo aritu zirelarik teknikari lanetan. Disko honi esker 50 kontzertu baino gehiago emateko aukera izan zuten eta 2011ko martxoa eta apirila artean “Lehen lerroan” izeneko diskaren grabaketa etorri zen, berriro ere Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazaroren gidaritzapean. 2012 hasieran EP berri bat kaleratu zuten “Basque of Brixton” izenburupean eta urte bukaeran, Durangoko azokan, “Dale Candela” lan luzea aurkeztu zuten.

Urte bukaeran Kuban zehar zazpi kontzertuko bira bat burutu zuten eta Irlandan eta Bartzelonan ere izan ziren 2013an. Abenduan bukatu zen Dale Candela Tour, 60 bat kontzertu eskaini ondoren eta amaiera emateko Bilboko Aste Nagusian zuzenean grabaturiko Bizkaiko Golfoak kantaren bideoklipa aurkeztu zuten.

2014an RETOUR bira abiatu zuten otsailean Kalera rock jaialdian. Taldekide berriak gehitu dira proiektura. Ugaotik iritsi den Alain Egigurenek astinduko ditu danborrak oraindik aurrera eta haize sekzioan Xutik taldeko Patxi eta Mizel edo Orkrestrako Fer aritu izan dira taula gainean. 25 kontzertutik gora eskaini dituzte 2014an zehar Ibilaldia eta Herri Urrats bezalako jaialdietan parte hartuz. Andaluzia eta Madrilen ere izan dira taldea ezagutarazten.

Aldi berean, Revolta diskoa prestatu dute urte guztian zehar Kaki Arkarazorekin batera. Urri bukaeran aurkeztu ondoren, azaroan Argentina eta Chilera joango dira Sudaska festibalean parte hartzeko gonbitea jaso ostean. Abenduan berriz, etxean aurkeztuko dute diskoa.

Itziarren Semeak: www.itziarrensemeak.com

informazio gehiago



« Maiatza 2024 »
 
 
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
 
 

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia