Asteazken honetan, maiatzaren 5ean, goizeko 10:15etan, Buenos Airezko Liburu Azokako Domingo F. Sarmiento Aretoan (pabilioi zurian), "Hizkuntza bat ikasi eta berau irakasten ikastea: euskararen online eskarmentua" izenburuko hitzaldia emango du Jose Franzisko 'Kinku' Zinkunegi HABEko Euskara Munduan programako teknikariak.
Aurkezpena "Hizkuntzen irakaskuntzako 13. Zikloa"ren baitan kokatzen da. FEVAk 2007. urtetik hartzen du hor parte Argentinan Euskaraz programarekin.
2010eko jardunaldien leloa, honakoa: "Eskarmentu arrakastatsuak: baliabide berritzaileak, baliabide berrituak".
Argentinan Euskaraz-ek egin dituen 20 urteotan, irakasleen formakuntzak zenbait fase pasatu ditu, erronkak gaindituz, beharren arabera moldatuz eta egokituz teknologia berriei, distantziei, eskualdeen arteko aldeei eta bateko eta besteko taldeei. Horregatik uste du FEVAk, "Argentinan trebakuntza pedagogikoan eta euskalduntzean bizi izandako eskarmentua kontutan harturik, begirada baliotsua eskaintzen ahal duela hikzuntzen irakaskuntzarako baliabideen erabilerari dagokionez".
FEVAren webgunea: www.fevaonline.org.ar