Hiriko Eusko Kultur Etxea-Casa de la Cultura Vasca erakundeak (Eusketxe delakoak) antolaturik irailean zehar eskainiko den Alboka Tailerraren aitzin-solas gisa, euskal musika tradizionalari buruzko hiru hitzaldi emango dira Buenos Aires-ko Mexiko 1880 euskal helbidean abuztuaren 20, 25 eta 28an (ikus agendan egun bakoitza), gaur azkena beraz.
Gaurkoari dagokionez, gaur osteguna, abuztuak 28, Mauro Telletxeak hitzaldia emango du "Alboka, errepertorio tradizionala eta egungoa" gaitzat harturik aipatu euskal egoitzan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Sarrera libre eta kitorik.
Alboka Tailerrari buruz, astero gauzatuko da irailaren 6tik aurrera Mexiko 1880-ko euskal egoitzan, larunbatero hain zuzen, 11etatik 11:30ak arte, Mauro Telletxearen eskutik. Mauro Telletxea, alboka jole eta tresnagilea da eta Bizkaiko Ibon Koteronekin ikasi zuen. Koteron albokalari ezagunak, bere aldetik, Leon Bilbao albokalari historikoa izan zuen maisu.
Tailerrak, berriz, bost pesoko prezioa dauka hileko Eusko Kultur Etxeko eta barnealdeko Euskal Etxeetako bazkideentzat, eta 20koa bazkide ez direnentzat, eta aldez aurretik izena ematea eskatzen du. Hori egiteko edota xehetasun gehiago galdegiteko --hitzaldiei buruz zein tailerrari buruz-- zuzendu bulego orduetan Mexiko 1880ra, astelehenetatik ostiraletara arratsaldeko hiruretatik zazpietara, edo telefonoz 4381-4611 zenbakira; edo idatzi bestela helbide honetara: eusketxe@ciudad.com.ar.