Azaroaren 27tik abenduaren 2ra, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe idazleek, Etxepare Institutuak lagunduta, haien liburuak aurkeztuko dituzte Guadalajarako Liburu Azokan, eta euskal literatura bultzatzeko zenbait ekitalditan hartuko dute parte, bai Guadalajaran bai Mexiko DFen: hitzaldietan, mahai-inguruetan, topaketetan...
Etxepare Institutuak eta idazleek euskal literaturaren stand-ean egongo dira Guadalajarako Azokan. Ekintza hauek iragarri dituzte, Guadalajaran zein Mexiko Hirian:
- Azaroaren 27an eta 28an Guadalajarako bigarren hezkuntzako lau ikastetxetan izango dira, bertako ikasleekin euskal literaturaz mintzatzeko, ECOS de la FIL izeneko programan.
- Azaroaren 27an Guadalajarako Casa ITESO Clavigero kulturgunean egingo den “Literatura y violencia: la cara vasca y la mexicana” mahai-inguruan parte hartuko dute, mexikar adituekin eta Etxepareko Euskararen Hedapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregirekin batera.
- Azaroaren 28an, euskal literatura eta gure errealitate politikoari buruz jardungo dira Guadalajarako azokan “Literatura vasca y conflicto político” mahai-inguruan.
- Abenduaren 1an, Mexiko DFen, 'Gasteiz' liburu-dendan, “Literatura vasca después de Gernika” mahai-inguruan parte hartuko dute eta bertako euskal kulturazaleekin bilduko dira bi unibertsitatetan: UNAM, Universidad Autónoma de México-n eta Universidad Iberoamericana Ciudad de México-n.
-Berria, Etxepareko web orrian: http://www.etxepareinstitutua.net/2012/11/etxeparek-euskal-literatura-sustatuko-du-mexikon