Txileko Euskal Delegazioaren eta Valparaisoko Eusko-Etxearen arteko lankidetzaren bitartez irailaren 8an eta 15ean Euskal Zinemaren II. Erakustaldia gauzatuko da Valparaison.
Lehenik, irailaren 8an, Raul de la Fuente iruindarraren "Nomadak TX" dokumentala eskainiko da ikusgai. Harkaitz Martinez eta Igor Otxoa txalapartariek zenbait kultura ezberdinetan barrena izandako esperientziaren fruitua da dokumental hau. Indiako, Poloniako, Mongoliako eta Saharako kulturetan barneratuko dira eta txalapartaren doinuak eta erritmoak kulturak hurbiltzeko duen ahalmenaz gozatzeko aukera ekarriko dute. Film honek sari ugari irabazi ditu hainbat herrialdetako lehiaketetan.
Hurrengo asteko astelehenean, hilak 15, Alberto J. Gorritiberea zuzendariaren "Eutsi!" filmaren txanda izango da. Txikitako lagun eta txirrindularitzaren zale amorratu diren bi lagunen istorioa kontatzen da bertan. Bi urteko lan gatazka baten ondorioz, bi lagunek Frantziako Tourrean ikusten dute aukera paregabea beren aldarrikapenak egiteko. Euskal aktore ezagunek dihardute filman: Anjel Alkain, Asier Hormaza, Oihana Maritorena eta Kandido Urangak, besteak beste.
Emanaldiak arratseko zazpiak eta laurdenetan izango dira.
Valparaisoko Euskal Etxearen webgunea: www.euskoetxea.cl.