Urriaren 9an, ostirala, CUNYko (City University of New York) Bernardo Atxaga Katedraren baitan —Etxepare Euskal Institutuak sustatua—, 2026ko katedradun Oihana Leonet doktoreak "Perspectives on Multilingualism from the Margins" (Eleaniztasunari buruzko ikuspegiak ertzetatik) izeneko ikastaroa emango du. Hitzaldi-mintegi hau publikoari irekita egongo da, gaztelaniaz emango da, eta gaur egungo eraldaketa sozial, politiko eta akademikoak aztertzeko funtsezko ikuspegi gisa landuko du egungo eleaniztasuna, euskal testuingurutik abiatuta. Euskara —historikoki baztertua izan den hizkuntza, gaur egun funtsezko eremu instituzionaletan presente dagoena— lurzoru emankorra da eleaniztasunari buruz hausnartzeko eta hezkuntzari, identitateari, desberdintasunari eta hizkuntza-justiziari lotutako funtsezko gaiak jorratzeko.
Oihana Leonet Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle agregatua da eta Graduondoko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko dekanordea. Eta Donostia Research on Education and Multilingualism (DREAM) taldeko ikertzaile nagusia. Haren ikerketa-lana eleaniztasunean eta hezkuntzan oinarritzen da, eta arreta berezia jartzen du pedagogia eleaniztunetan, kontzientzia metalinguistikoan eta hizkuntza gutxituek hezkuntza-testuinguruetan duten zereginean.
- Mintegiaren ordutegia: 17:30 – 18:30.
- Tokia: CUNY, 4116. gela, LAILAC Student Lounge (365 Fifth Avenue, New York, NY 10016).
Bertaratu nahi baduzu, mesedez, bidali mezu elektroniko bat helbide honetara: lailac@gc.cuny.edu


Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


