Irailaren 22an, larunbatean, 20:00etan, Iparraldeko Euskal Etxeak Juan Labat pilotariaren izena ipiniko dio egoitzan duten trinketeari. Horrekin batera, Maral euskal-argentinar taldearen errezitaldia izango da Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiarentzako dirua lortzeko. Sarrerak ostiral honetatik aurrera erosi ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, Bernardo de Irigoien 826 helbidean.
Juan Labat Buenos Airesen jaio zen 1912an eta 2002an hil zen. Iparraldeko Euskal Etxean hasi zen pilotan jokatzen eta Vicente del Rio pilotari ezagunarekin eman zituen lehen pausuak. Argentinako txapeldun izan zen hiru aldiz, Hego Amerikako txapeldun 4 aldiz eta Pilotako Mundu Mailako lehen bost txapelketetan zazpi urre irabazi zituen.