Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak urtero urria hasieran antolatzen duen Kilometroak (aurten Iruran izango dena) jaiarekin bat egin nahiz, Cañuelasko Danak Bat Euskal Etxeak "10K-Kilometroak" jaia antolatu du irailaren 21erako. Ibilaldia 10etan hasiko da eta hiriko erdigunetik barrena izango da. Bi gune izango ditu, hasieran eta bukaeran eta euskal dantzak, kantak, jokuak, musika eta gastronomia izango dira bertan. Cañuelasko Udalak interes munizipaleko ekitaldia izendatu du. Izen emateaz Lobense Atletismo Elkartea arduratuko da eta 10 kilometroko ibilbidean zehar musika banda batek girotuko du eguna.