Lehenengoa argitaratu zenetik 18 urte igaro ondoren, kalean da Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia
29/06/2005
Ibon Sarasolak zuzendu du Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia osatu duen taldea
PUBLICIDAD
Koldo Mitxelena zenak 1970an abiatutako lana da Orotariko Euskal Hiztegia, maisu errenteriarra hil zela Ibon Sarasolak lekukoa harturik 1987an argitaratzen hasi eta azken 18 urteotan zehar ia liburukia-urteko abiaduraz plazaratzen joan dena. 'Ut-Zuz' letren arteko hitzen edukia duen azken liburukia kaleratu da orain. Guztira, 16 liburukik osatzen dute argitaratzen amaitu den Orotariko Euskal Hiztegia, 125.987 sarreraduna, 14.028 orrialdetan banaturik.Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) osatu du, argitaratu berri duen azken liburukiarekin, hamaseigarrena. Guztira, Koldo Mitxelenak duela 18 urte hasitako hiztegi honek 125.987 sarrera jasotzen ditu. Sarrera horietariko bakoitzak definizio bat eskaintzen du, euskal literaturan hitzak izan duen erabileraren adibideak eta aurretik argitaratutako informazio lexikografikoa.
Euskaltzaindiak 70. hamarkadan ekin zion Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuari. Resurreccion Maria Azkueren hiztegia agortuta zegoela-eta hura berrargitaratzeko enkargua eman zioten Koldo Mitxelenari, baina euskaltzain errenteriarrak bildutako materiala proiektu berri bat egiteko lain zela ikusi zuen. 1.979an Mitxelenak Ibon Sarasolari materiala prestatzeko laguntza eskatu zion, eta bi euskaltzaleen kolaborazio honetatik sortu zen OEHaren proiektua.
Hiztegiaren oinarria Bernat Etxepareren garaitik (1545) 1970 bitartean argitaraturiko 300 bat euskal literatur lan dira. Guztira 5.800.000 hitzek osaturiko testuak, 125.987 sarrera eta 14.028 orrialde jasotzen ditu OEHak 16 liburukitan. Hiztegia osatuta, hurrengo urratsa digitaldu eta internet bidez eskuragarri jartzea izango omen da, arduradunen esanetan.