euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

William Douglass: “‘Amerikanuak’-i esker iritsi zen Renoko Programa gaur egun dena izatera” (Argian)

2026/02/23

50 urte bete ziren iaz William Douglassen eta Jon Bilbaoren 'Amerikanuak. Mundu Berriko Euskaldunak' liburua argitaratu zenetik. Urteurrenaren karietara, lehen aldiz euskarazko itzulpena argitaratu du Pamielak, Asun Garikanoren eskutik. "Jonek eta biok ikerketa akademikoa abiarazi besterik ez genuen egin", azaldu digu Douglassek, abenduan berriz ere Euskal Herrira egindako bisitan.

Lotura: Argia

Miel Anjel Elustondo. Nola etorri da Amerikanuak. Euskaldunak Mundu Berrian lanaren edizioa euskaraz?

2014ko udazken-neguko kontuak dira, Gorka Alvarez Aranbururenak. Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitateentzako zuzendaria zen garai hartan, eta 2026an Amerikanuak-en 50. urteurrena izango zela eta liburuaren edizio berri bat egiteko kontua aipatu zidan, eta euskaraz ere aterako zela. Bai atera ere, Asun Garikanok bikain itzulita, esan didatenez. Bestalde, testua berrikusteko proposamena ere egin zidan Gorkak [Alvarez Aranburu], baina ezetz esan nion, ez nintzela liburua errebisatzeko gai, horrek testu berri bat egitea ekarriko zukeela. Amerikanuak klasiko bat dela ere esaten dute batzuek eta besteek, eta nola errebisatu behar du, bada, inork, testu klasiko bat? Eta, posible balitz ere, ez nintzen horretarako pertsona egokia. 

"Jon Bilbaok gauzak egiteko entusiasmo ikaragarria zeukan, ideia mordoa beti"

Zer esan nahi duzu? Sortze beretik, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko buru eta gidari izan zintugun.

Bai, erretiratu nintzen arte. Baina, erretiroa hartuz geroztik, bestelako lanetan jardun dut. Bai, egia da euskaldunei eta diasporari buruzko lanik ere idatzi dudala harrezkero, baina azken lanak adibidez, zeharo bestelakoak izan dira. Bata, kasinoetan girotutako nobela bat izan da; bestea, arrantzari buruzkoa, non nire gogoeta eta bizipenak zurian beltz jarri ditudan. Alegia, euskaldunen eta diasporaren gaiak aspaldi utzi zion nire eguneroko agendako lanetan egoteari.

Liburua berritu ez baduzu ere, oharrik ere egin ez badiozu, epilogo luze bat idatzi diozu, behintzat. 

Bai, horixe egiten asmatu dut. Edo asmatu dudala uste dut, zeren, ezer idazten dugun orduko gertatzen den kasu guztietan bezala, honetan ere irakurleak du azkeneko hitza. Epilogoan, hasteko, Jon Bilbaoren berri ematen dut, Amerikanuak-en egileetakoa izan baitzen, nirekin batera. Biotan bizi den bakarra neu naizenez, ezin egokiagoa iruditu zitzaidan Jonen biografia moduko bat egitea, posible den neurrian, zeren Jonen bizitza guztiz nobeleskoa izan baitzen, handik hona eta hemendik hara… Beti dut gogoan Jon Bilbao, bera gabe ez zatekeelako Amerikanuak izango.

Zenbateraino da liburua Jon Bilbaorena, zenbateraino zurea? Bion izenak dakartza liburuak, baina diziplina ezberdinetakoak zineten…

Horixe da liburuaren indargune nagusietako bat. Jonen diziplina historia zen. Nirea, antropologia soziala. Eta, hain zuzen, biak uztartzen asmatu genuen. Bestalde, Jon diasporako euskalduna zen. Ni, Mendebalde Urruneko semea, baina Etxalarren eta Aulestin ikerketa sendoa egindakoa. Ulertzen nituen hemendik Amerikara joandakoen kausak eta ondorioak. Besteak beste, horrixe buruz egin nituelako doktoretza ikerketak. Kontua da Jon eta biok azal eta mami jardun genuela. Elkar ezagutu orduko, adiskidetasun benetakoa sortu zen bion artean, maitasuna ere bai, nahi baduzu, eta, dudarik gabe, bion lanaren fruitu da Amerikanuak

"‘Amerikanuak’ testu klasiko bat dela esaten dute, eta nola errebisatu behar du, bada, inork, testu klasiko bat?"

Diferenteak zinetela ere esan izan duzu behin baino gehiagotan.

Bai, horixe! Bera ni baino zaharragoa zen, hamabosten bat urte, baina gure harremanean neuk egiten nuen aitarena. Entusiasmo ikaragarria zeukan gauzak egiteko, ideia mordoa zeukan beti, batzuk egiteko modukoak eta, beste batzuk, aldiz, fantasia hutsak. Niri, errealista jokatzea zegokidan. Berak, azeleragailua zapaltzen zuen. Ni, balazta nintzen, galgatzen beti edo gehienean. Oso konbinazio ederra!

Liburua 1975ean argitaratu zenez, jakin nahiko nuke zer erreakzio sortu zuen zeure baitan, atzera eskuetan hartu eta irakurtzean.

Horixe ez da, bada, esaten erraza… Alde batetik, nahiko ondo idatzita dagoela esango nuke. Baina, jakina, 50 urte ere joan dira, eta, bitarte honetan, hainbat lan, artikulu eta liburu publikatu ditut, eta idazle hobea naizela esango nuke. Ez, bakarrik, neure lanak idatzi ditudalako, besterenak ere editatu ditudalako! Hortaz, Gorkak [Alvarez Aranburu] nahi zuen bezala egin izan banu, hainbat zuzenketa egin beharko nituzkeen orri bakoitzean. Inposiblea. Gainera, harrezkero, orduan ezagutzen ez genuen hainbat liburu badirela jakin dugu, oraindik orain Maitena Iragorrik argitaratu duen Manu de la Sotaren Viaje a Idaho 1938 (Idahora bidaia 1938), adibidez. 

Utzidazu Robert Laxalt idazleak Amerikanuak liburuaren sarreran idatzi zuen hura hona aldatzen: “Lan hau ez da kontzebitu behin betikoa izateko, baizik eta nolabaiteko marko orokor baten antzeko izateko, hemendik abiatu eta Mundu Berriko euskaldunei buruzko ikerketak aurrera egin dezan”.

Liburua sinesgarria gertatu zen, eta, are, uste dut liburu honi esker iritsi zela Renoko Euskal Ikasketen Programa gaur egun dena izatera. Markoa jarri zuela, ez da gezurra. Durangoko Azokaren egunetan egindako jardunaldian ere horixe azpimarratu zuen Jon Bilbaok, semeak, Amerikanuak lan fundazionala izan zela, hamaika ikerketa abiarazi zituela. Nahi beste publikatu da Amerikanuak eta gero. Jonek eta biok ikerketa akademikoa abiarazi besterik ez genuen egin.   

Identitateari mami eman nahiz
Amerikanuak liburuaren urteurrenaren harira Durangoko Azokan jardunaldia antolatu zuten, eta hitz egin zutenen artean zen haren euskarazko itzultzaile Asun Garikano. Honelaxe hasi zuen bere mintzaldia: “Liburua itzultzen ari nintzela, ingurukoei zertan ari nintzen esan, eta antzeko komentarioak egiten zizkidaten beti: ‘A, bai, Ameriketako artzainak… Nire amonaren hiru anaia…’. ‘A bai, nire koinata Boisen egon zen…’. Eta nire erantzuna ere berdina zen beti: ‘Hori baino askoz gehiago da Amerikako euskal emigrazioaren historia’. Hau da, jendeak uste du ezagutzen duela gaia. Baina jendeak uste duen baino askoz zabalagoa da euskal emigrazioaren historia. Zer aztertzen da liburu honetan? Bost mendeko euskal emigrazioa bi kontinentetara eta Karibeko Uharteetara. Ez da gutxi! (...) Liburu honetan aztertzen denaren ideia bat izan dezazuen: euskaldunen presentzia Ameriketan Kolonen lehen bidaiarekin hasi zela dio”. 
Elkartu, ondo pasa... eta hezi
Garikanok liburuko sei eszena hautatu zituen –mendeetan barrena euskaldunek Mundu Berrian bizi izandakoak erakusten dizkigutenak, oro har–, ohar argitsuak ere eginda entzuleoi, eta, zazpigarren, pasarte bat –amaierako gogoeta– irakurri zuen. Delako zazpigarren atal hori baino aitzinxeago, berriz, hauxe, Amerikanuak liburuaren euskarazko argitalpenak dakarren amaieraz: “Bill Douglassek epilogo eder bat idatzi du edizio honetarako, Jon Bilbaori egindako omenaldi bat ere badena. Beti intrigatu nauen kontu bat argitzen du. Nola gurutzatu ziren jatorri hain desberdineko bi ikerlari. (…) Epilogoa irakurrita jakingo duzue nola gurutzatu ziren bien bideak eta nola sortu zen liburu honen ernamuina biak Renotik Elkora zihoazela elur erauntsi batek errepidean harrapatu zituenean”. 
Hori esanda, Garikanok zazpigarren pasartera darama irakurlea. Itzultzaileak “Zer-pentsa ematen duen baieztapen bat” titulatu zuen. Eta dio: “Hango elkarteez eta jaialdiez ari direla, entzun zer dioten Douglassek eta Bilbaok: ‘Euskaldunen artean jardueraren bat antolatzen denean, elkartzeari eta ondo pasatzeari ematen zaio garrantzia, eta ez heziketari. Mendebalde Urruneko euskal erakundeak, oso salbuespen gutxirekin, ez dira beste talde etniko batzuen pareko izan hizkuntza ikastaroak, liburutegiak edota hitzaldi zein argitalpenak sustatzeko orduan’. Gauzak hobetuko ziren, noski, 50 urte horietan”. 
Ondorengoei pasatzeko moduko liburua
Hurrena, berriz –eta azken–, hauxe ekarriko du aipura Asun Garikanok Douglassen epilogotik, liburuak AEBetako euskaldunengan izandako eraginaz ari dela. Douglassenak dira, beraz, hitzok: “Uste dut  liburu hau beren identitate etniko bakanaz ohartarazi zituen testu fundazionala izan zela euskal-amerikar askorentzat. Zure ondorengoei pasatzeko moduko liburua, eta haiek hurrengoei, beren euskalduntasunari mami bat emateko”.
Eta Garikanok azken hitza bere: “Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren babesarekin argitaratu da euskarazko bertsio hau. Pozgarria da eta ospatzea merezi du. Baina lanak ez dira bukatu. Ez genuke nahi liburuak balio testimonial hutsa izaterik. Orain bidea egin behar du Unibertsitateetako Historia edo Antropologia edo Soziologia departamentuetara; liburutegietara; institutuetara… Baita mundu osoan barrena beren identitateari eusteko lanean ari diren euskal etxe guztietara ere, aurrerantzean ere liburuak segi dezan bere lana egiten: hango eta hemengo euskaldunen identitateari mami bat ematen”.
Horixe baita gakoa, identitea edukiz betetzea.


hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia