Miel Anjel Elustondo. Nola etorri da Amerikanuak. Euskaldunak Mundu Berrian lanaren edizioa euskaraz?
2014ko udazken-neguko kontuak dira, Gorka Alvarez Aranbururenak. Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitateentzako zuzendaria zen garai hartan, eta 2026an Amerikanuak-en 50. urteurrena izango zela eta liburuaren edizio berri bat egiteko kontua aipatu zidan, eta euskaraz ere aterako zela. Bai atera ere, Asun Garikanok bikain itzulita, esan didatenez. Bestalde, testua berrikusteko proposamena ere egin zidan Gorkak [Alvarez Aranburu], baina ezetz esan nion, ez nintzela liburua errebisatzeko gai, horrek testu berri bat egitea ekarriko zukeela. Amerikanuak klasiko bat dela ere esaten dute batzuek eta besteek, eta nola errebisatu behar du, bada, inork, testu klasiko bat? Eta, posible balitz ere, ez nintzen horretarako pertsona egokia.
"Jon Bilbaok gauzak egiteko entusiasmo ikaragarria zeukan, ideia mordoa beti"
Zer esan nahi duzu? Sortze beretik, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko buru eta gidari izan zintugun.
Bai, erretiratu nintzen arte. Baina, erretiroa hartuz geroztik, bestelako lanetan jardun dut. Bai, egia da euskaldunei eta diasporari buruzko lanik ere idatzi dudala harrezkero, baina azken lanak adibidez, zeharo bestelakoak izan dira. Bata, kasinoetan girotutako nobela bat izan da; bestea, arrantzari buruzkoa, non nire gogoeta eta bizipenak zurian beltz jarri ditudan. Alegia, euskaldunen eta diasporaren gaiak aspaldi utzi zion nire eguneroko agendako lanetan egoteari.
Liburua berritu ez baduzu ere, oharrik ere egin ez badiozu, epilogo luze bat idatzi diozu, behintzat.
Bai, horixe egiten asmatu dut. Edo asmatu dudala uste dut, zeren, ezer idazten dugun orduko gertatzen den kasu guztietan bezala, honetan ere irakurleak du azkeneko hitza. Epilogoan, hasteko, Jon Bilbaoren berri ematen dut, Amerikanuak-en egileetakoa izan baitzen, nirekin batera. Biotan bizi den bakarra neu naizenez, ezin egokiagoa iruditu zitzaidan Jonen biografia moduko bat egitea, posible den neurrian, zeren Jonen bizitza guztiz nobeleskoa izan baitzen, handik hona eta hemendik hara… Beti dut gogoan Jon Bilbao, bera gabe ez zatekeelako Amerikanuak izango.
Zenbateraino da liburua Jon Bilbaorena, zenbateraino zurea? Bion izenak dakartza liburuak, baina diziplina ezberdinetakoak zineten…
Horixe da liburuaren indargune nagusietako bat. Jonen diziplina historia zen. Nirea, antropologia soziala. Eta, hain zuzen, biak uztartzen asmatu genuen. Bestalde, Jon diasporako euskalduna zen. Ni, Mendebalde Urruneko semea, baina Etxalarren eta Aulestin ikerketa sendoa egindakoa. Ulertzen nituen hemendik Amerikara joandakoen kausak eta ondorioak. Besteak beste, horrixe buruz egin nituelako doktoretza ikerketak. Kontua da Jon eta biok azal eta mami jardun genuela. Elkar ezagutu orduko, adiskidetasun benetakoa sortu zen bion artean, maitasuna ere bai, nahi baduzu, eta, dudarik gabe, bion lanaren fruitu da Amerikanuak.
"‘Amerikanuak’ testu klasiko bat dela esaten dute, eta nola errebisatu behar du, bada, inork, testu klasiko bat?"
Diferenteak zinetela ere esan izan duzu behin baino gehiagotan.
Bai, horixe! Bera ni baino zaharragoa zen, hamabosten bat urte, baina gure harremanean neuk egiten nuen aitarena. Entusiasmo ikaragarria zeukan gauzak egiteko, ideia mordoa zeukan beti, batzuk egiteko modukoak eta, beste batzuk, aldiz, fantasia hutsak. Niri, errealista jokatzea zegokidan. Berak, azeleragailua zapaltzen zuen. Ni, balazta nintzen, galgatzen beti edo gehienean. Oso konbinazio ederra!
Liburua 1975ean argitaratu zenez, jakin nahiko nuke zer erreakzio sortu zuen zeure baitan, atzera eskuetan hartu eta irakurtzean.
Horixe ez da, bada, esaten erraza… Alde batetik, nahiko ondo idatzita dagoela esango nuke. Baina, jakina, 50 urte ere joan dira, eta, bitarte honetan, hainbat lan, artikulu eta liburu publikatu ditut, eta idazle hobea naizela esango nuke. Ez, bakarrik, neure lanak idatzi ditudalako, besterenak ere editatu ditudalako! Hortaz, Gorkak [Alvarez Aranburu] nahi zuen bezala egin izan banu, hainbat zuzenketa egin beharko nituzkeen orri bakoitzean. Inposiblea. Gainera, harrezkero, orduan ezagutzen ez genuen hainbat liburu badirela jakin dugu, oraindik orain Maitena Iragorrik argitaratu duen Manu de la Sotaren Viaje a Idaho 1938 (Idahora bidaia 1938), adibidez.
Utzidazu Robert Laxalt idazleak Amerikanuak liburuaren sarreran idatzi zuen hura hona aldatzen: “Lan hau ez da kontzebitu behin betikoa izateko, baizik eta nolabaiteko marko orokor baten antzeko izateko, hemendik abiatu eta Mundu Berriko euskaldunei buruzko ikerketak aurrera egin dezan”.
Liburua sinesgarria gertatu zen, eta, are, uste dut liburu honi esker iritsi zela Renoko Euskal Ikasketen Programa gaur egun dena izatera. Markoa jarri zuela, ez da gezurra. Durangoko Azokaren egunetan egindako jardunaldian ere horixe azpimarratu zuen Jon Bilbaok, semeak, Amerikanuak lan fundazionala izan zela, hamaika ikerketa abiarazi zituela. Nahi beste publikatu da Amerikanuak eta gero. Jonek eta biok ikerketa akademikoa abiarazi besterik ez genuen egin.
Horixe baita gakoa, identitea edukiz betetzea.
Send to a friend
Add comment


