euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Panpi Ladutxe hil da: Triste daude pilotalekuak (Berrian)

2021/12/02

Panpi Ladutxe pilotari ohia hil da, 66 urterekin. Hura izan zen ezkerparetan txapel bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria. Prestatzaile izan zen gero, baita kantari eta telebista aurkezle ere

Lotura: Berria

Julen Etxeberria. Pilota munduak kolpe gogorra hartu du: Panpi Ladutxe trinketeko eta ezkerparetako pilotari handi izandakoa hil zen atzo (Azkaine, Lapurdi, 1955-Baiona, 2021). Minbizia zuen, eta hainbat egun zeramatzan Baionako ospitalean. Han zendu zen. 66 urte zituen.

Ladutxek ibilbide luze eta oparoa egin zuen. Lehenbizi, pilotari gisa. Hura izan zen ezkerparetan txapel bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria. Hogei urtez izan zen profesional, eta erretiroa hartuta, prestatzaile gisa aritu zen, ezkerparetan eta trinketean. Iaz, Pilotarien Biltzarreko presidente hautatu zuten; erakunde horren helburua da Ipar Euskal Herrian pilota sustatzea eta horretan lanean jardun dutenak omentzea. Merezi zuen, lan eskerga egin baitu zeregin horretan.

Abeslaria izateagatik ere bilakatu zen ospetsu: 1995ean Aitari diskoa argitaratu zuen; 2002an, Chansons du Pays Basque; eta 2012an, Orhoit. Kantutik bizi izan zen azken urteetan. Haren hitzetan, garai batean «urtean 120 bat emanaldi» eskaintzen zituen. Telebistan ere aritu zen, ETB1en, esatari, aurkezle eta aktore gisa.

Jaioterrian eman zituen lehen pilotakadak, haren gurasoek eraikitako trinketean. Ez zen kasualitatea, haren aita, Joseph, pilotari handia izan baitzen: bederatzi aldiz izan zen binakako txapeldun. Aitak palaz jokatu nahi zutenei alokatzen zien trinketea, eta horrek sutan jartzen zuen semea. Han egon nahi zuen beti. Orduak eta orduak sartzen zituen bertan.

Berezkoari eta trinketean egindako ordu mordoari esker, azkar nabarmendu zen, eta txapelketak irabazten hasi zen. Oso gazte egin zen profesional, eta 1973an lehenbiziko txapela irabazi zuen, 17 urterekin. Urtebete geroago, munduko txapeldun izan zen Montevideon. Bueltan, beste hiru txapel irabazi zituen. Aurrelaria zen, baina atzean ere aritu zen, Frantziako Federazioak hala behartuta, haren arerioei abantaila emateko.

1977an, herriko trinketean jokatzeko desafioa bota zion Jose Ignacio Retegiri. Retegi I.ak sei aldiz irabazia zuen buruz buruko txapela ezkerparetan. Baina trinketean, Ladutxe zen nagusi, eta irabazi egin zion. Haren jokoaren maila ikusita, Retegi I.ak xaxatu egin zuen ezkerparetan has zedin. Baita enpresek ere. Hark ere bazuen aspalditik probatzeko gogoa, eta baiezkoa eman zuen. Baina, lehenbizi, horretarako prestatu beharra zuen: erronka oso handia zen, aurretik inork egin gabekoa. «Hemen dena egiten nuen: ezkerrez atera, eskuinez jo... Han ez nintzen deusik», zioen.

1981ean egin zuen debuta, Haron (Errioxa, Espainia), Hirugarren Mailan. Kostatu zitzaion hasieran, baina poliki-poliki, neurria hartu zion. Egungo jokamoldea zuen: airea, bolea eta gantxoa. Errematatzaile petoa zen. Horri esker, mailaz igotzen joan zen, nagusiekin jokatzera iritsi arte.

1987an jo zuen goia, Joxean Tolosarekin binakakoa irabazita. 22-14 hartu zituzten mendean Martin Alustiza eta Ladis Galarza, Donostian. Txapela jantzita, mugarria ezarri zuen Ladutxek: Ipar Euskal Herriko pilotari bakar bat ere ez zen txapeldun izan ezkerparetan. Horregatik, hark esana da partida hori zuela kutunena. Bi urte geroago, berriz izan zen txapeldun Tolosarekin: 22-18 nagusitu zitzaizkien Julian Retegiri eta Fernando Arretxeri. Hori eginda, arantza atera zuen, urtebete lehenago, hark eta Jose Martin Martirikorenak galdu egin baitzuten finalean Retegi II.aren eta Inaxio Errandonearen kontra.

Samina pilota munduan

«Min eta tristura handia dut. Banekien gaixorik zegoela, baina izugarria izan da kolpea. Oso harreman estua genuen. Niretzat, lagun bat baino gehiago zen. Oso alaia zen, eta bihotz handikoa». Tolosarena da aitormena (Amezketa, Gipuzkoa, 1955), Ladutxeren heriotzaren berri izan eta gutxira. Makina bat partida jokatu zuten elkarrekin, eta haren lorpen handienetan Tolosa izan zuen ondoan. «Momentu oso politak bizi izan genituen, frontoian eta frontoitik kanpo. Bi txapel irabazi genituen elkarrekin, baina, niretzat, horren gainetik dago elkarren artean sortu zen harreman estu eta polita. Lagun handi bat joan zait».

Hitz bakarrarekin definitu du Ladutxe pilotaria: «Artista zen. Aurrelari harrigarria zen, jenio bat, pilotazalea berehala harrapatzen duten horietakoa». Haren ustez, «sekulako meritua» du egin zuenak. «Oso-oso zaila da trinketetik ezkerparetara pasatzea eta ondo moldatzea. Gogoratzen dut nola kontatzen zidan hasieran kantxa erdian jartzen zela, uste baitzuen pareta ukitu eta gero pilota harengana joango zela. Hasieran, kosta egin zitzaion, baina inoiz ez zuen etsi, eta lanaren poderioz, lortu zuen ezkerparetan ere pilotari handia izatea».

1994an hartu zuen erretiroa Ladutxek, baina pilotari lotuta jarraitu zuen. Haren ondotik Ipar Euskal Herriak emandako ezkerparetako bi pilotari onenen prestatzailea izan zen: Yves Salaberri Xala-rena eta Sebastien Gonzalezena. Haiek hartu zioten lekukoa: Xalak lau txapel irabazi zituen, eta Gonzalezek, bat. Ezkerparetan ez ezik, trinketean ere aritu zen prestatzaile gisa. Makina bat trinketlari pasatu zen haren eskuetatik.

«Tristuraz» hartu zuen berria Gonzalezek (Azkaine, 1977). «Hagitz ongi pasatu nuen harekin aritu nintzenean, eta asko lagundu zidan. Pena handia da». Bi Ladutxe ezagutu zituen hark: «Txikitan, hura pilotari zenean, gure idoloa zen; gero, harekin lan egin nuen, eta asko lagundu zidan, hobetu nezan. Asko zekien pilotaz».

Nolako prestatzailea zen galdetuta, «gogorra» zela azaldu du, baina berehala gehitu du «gogorra» izan beharra zuela lana «serioski» egiteko. «Lan horrek saria izan zuen gero».

Ladutxek esana zuen heriotzari baino gehiago «eritasunari» ziola beldurra, eta, horregatik, momentua» ahalik eta hobekien» bizi behar zela. «Umiltasunez beti, baina alai eta pozik bizitzea oso garrantzitsua da. Kantatzea eta dantzatzea terapia onak dira ongi bizitzeko». Hala gogoratuko dute denek: alai, pozik eta kantari.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia