euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Oihana Goiriena: "Pablok ez dauka ezkutatzeko ezer" (Argian)

2022/05/22

Hala moduz daudela dio, egunen arabera, batzuetan hobeto, besteetan okerrago. Hala ere, indarra transmititzen du Oihana Goirienak (Gernika, 1975), Poloniako Radom-go espetxean preso duten Pavelen emazteak. Senide eta lagunek hala deitzen baitiote, eta zelan diren kontuak, atxiloketaren albistea zabaldu zenean, oroitzen du Nabarnizen inor gutxi kargutu zela, han ez baitzuen inork Pablo Gonzalez gisa ezagutzen. Gerora bai, herrian elkarretaratzera deitu zuten azkar, baita jendetza batu ere. ARGIAko harpidedun honekin mintzatu gara, eta argi adierazi digu amesgaizto hau berehala amaitzea nahi duela.

Lotura: Argia

Lander Arbelaitz Mitxelena. Zer da dakigun azken informazioa [maiatzak 5]?

Asteazkenean [apirilak 27] bista eduki zuen Pablok, fiskalaren aurrera joan zen deklaratzera, eta hurrengo egunean, bere urtebetetze egunean, abokatuarekin hitz egin nuen. Berak esan zidan ongi ikusi zuela, ezin du bista zer moduz joan zen esan. Orain Pablok abokatuari deitzeko baimena du, guri ez, eta badakit abokatuak zorionak eman zizkiola gure partez. Ez dakit ezer gehiago, berarekin zuzeneko komunikaziorik gabe jarraitzen dugu.

Espioitza egozten diote. Zein dira frogak?

Ofizialki dakigun gauza bakarra da espioitza egozten diotela, Poloniako zigor kodearen 130.1 artikuluan oinarrituta, urte batetik hamar arteko espetxe zigor arriskua duela, eta hiru hilabeteko behin behineko espetxealdia maiatzaren 29 arte duela. Frogei buruz ez dakigu ofizialki ezer. Poloniako aldizkari batzuek, hango ministro batzuek esandakotik abiatuta informazioa atera izan dute. Esan zuten GRU edo Errusiako estatu nagusi militarreko agente izatea egozten ziotela. Hori zeharka dakigu. Poloniako autoritateetatik ez da ezer heldu, ez frogarik ez ezer. Zer kargu leporatzen dizkioten kontsularen bidez dakit. Karta bat heldu zitzaidan Rzeszów eskualdeko epaitegitik, soilik esateko hiru hilabetez edukiko zutela espetxean, ez zuten kargurik aipatu ere egiten, frogak gutxiago.

Zer moduz daramazu zure senarra espioia dela sortu den susmo giro hori? Hedabide batzuk zuri zuzenean galdetzera iritsi dira. Zer pentsatzen duzu une horietan?

Lehen aldiz esan zidatenean, zur eta lur geratu nintzen. Radio Euskadiko kazetari bat izan zen. Ez nion esan pentsatzen nuena, flipatuta geratu nintzen. Ba ez, ez da espioia, zer nahi duzu esatea? Orain ohitu naiz, galdera horri askotan erantzun behar izan diot. Sare sozialak eta abar ez ditut irakurtzen, lantzean behin ingurukoek artikuluren bat edo beste bidaltzen didate, baina ezer txarrik ez. Babesten naute eta minik egin ezin didatena bidaltzen didate; bestelakorik ez dut irakurtzen.

Poloniako zerbitzu sekretuek interrogatu dute. Badakizu zer moduzko tratua eman dioten?

Kontsulak esandakotik dakigunez, bidezko tratua eman diote, ez txarra. Inkomunikazio egoeran ofizialki egon zenean, lehen 48 ordu horietan, zer tratu emango zioten ikaratuta egon ginen. Antza denez, ez da tratu txarrik izan. Eta gero etorri da inkomunikazio aldi ez ofiziala.

Gonzalo Boye bere abokatuaz gain, Poloniako abokatu pribatua du orain...

Bere konfiantzazko abokatua Gonzalo Boye da, baina tira, orain behintzat ez da epaituko duen estatuak jarritako ofiziozko bat.

Noiz fitxatu zuen Boye?

Ukrainiako zerbitzu sekretuek Kieven atxiki zutenean, atxilotu baino lehenago, eta jakin zuenean Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak gure etxera etorri zirela, Gonzalo kontratatu zuen, badaezpada ere.

Zer esaten dizue Boyek?

Denborarekin jolasten ari direla, akats burokratikoen bidez denbora luzatzen, bera Pablorekin harremanetan jartzea atzeratzeko.

Eta zer egin daitekeen? Gonzalok aipatu izan du nazioartean presioa egiteko kanpaina baten beharra.

Ez dakit zehazki zer duen buruan, batez ere mezularitza bidez daukat harremana eta hor ezin da asko sakondu, eta gainera orain giroa nola dagoen ikusita [Boye Pegasusekin zelatatutako CatalanGate eskandaluko zerrendan dago], topera dabil Gonzalo.

Luzatu liteke behin-behineko espetxealdia?

Bai, kontsulak hasieratik esan zidan hiru hilabeteko espetxealdia beteko zuela eta gero normala litzatekeela luzatzea. Laburtzea ez.

Zer espero duzu epaiketatik?

Ez dakit. Nahi nuke Polonia konturatzea hanka sartu dutela eta aske uztea. Baina gauzak dauden bezala ikusita, guda testuinguruarekin, ez naiz fidatzen. Ez dut uste besterik gabe aitortuko dutenik hanka sartu dutela. Baina tira, esperantza mantendu behar da.

Babesgabe sentitzen zaretela esan zenuen elkarrizketa batean. Zer iruditzen zaizu agintarien jarrera?

Espainiako Gobernuak Polonia babestu du Pablo beharrean, eta horrek min handia ematen du. Esan zuten ontzat ematen zituztela Poloniaren ekinbidea eta azalpenak, jakinik bere oinarrizko eskubide asko zapaltzen ari direla, izan familiarekin zuzenean harremana izateko eskubidea eta hasieratik konfiantzazko abokatua izatekoa. Azalpena eta ekinbidea ontzat ematea oso mingarria da. Horrez gain, Pedro Sanchezek esan zuen Pablok eskatu zuela dena sekretuan gordetzeko eta hori ez da egia. Hori Poloniak eskatu zuen hasieran, Pablok ez dauka ezkutatzeko ezer.

Eta Euskal Herriko agintariena?

Eusko Jaurlaritzako kanpo harremanetako idazkaritza nirekin hasieratik jarri zen harremanetan, tratua oso ona izan da. Baina ezin dute gauza handirik egin, kanpo harremanetako eskuduntza ez baita Jaurlaritzarena, Espainiako Estatuarena baizik. Mugatuta daude. Egin ahal izan dutena egin dutela uste dut.

Free Pablo Gonzalez kanpainak kazetari andanaren babesa jaso du.

Bere ezagunek mugitu dute kasua, hedabideek baino gehiago. Babesa adierazi diote bera ezagutzen ez duen jende askok, eta eskertzekoa da. Halere, pixka bat harritzen nau kazetaritza gremio gisa ez eskandalizatzea gertatzen ari denarekin. Abisu bezala har daiteke, eta ez dakit abisu horrek ez ote duen jada eragina izan.

Zein da hurrengo pausoa? Zerbait prestatzen ari zarete?

Epaiketaren zain gaude. Hasi da atzera kontaketa, maiatzaren 29ra arte. Ea zer pasatzen den eta baldintzapean edo aske uzten duten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia