euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ofizialtasunaren aldarriari tiraka (Berrian)

2022/06/19

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarria apaldu egin da azken urteotan. Gutxi dira nazioartean lehiatu daitezkeen federazioak, eta gainontzekoen eskariak bide laburra egin du. Futbolarena izan da azken kasu sonatua: UEFAren eta FIFAren ezetza jaso ondotik, bertan goxo egin du federaz

Lotura: Berria

Jon Ander De la Hoz. «Erranahi handia du. Gu Euskal Herrikoak gara, eta euskal herritar moduan parte hartzea da. Kirolari askok ez du aukerarik, eta guk, batzuen borrokaren ondorioz, aukera hori badugu». Karmele Pikabearen hitzak dira; Beti Gazteko (Lesaka, Nafarroa) sokatiralariak izan du aukera nazioartean euskal selekzioarekin bidaiatzeko. Izan ere, sokatirakoa da txapelketa ofizialetan lehiatu daitekeen federazio bakarrenetakoa. Espainiak eta Frantziak talderik ez izateak zabaldu zion zirrikitua.

Haatik, egoera oso bestelakoa da kirol gehienetan: Euskal Herria ezin da ofizialki lehiatu. Zenbait saialdi egin diren arren, kale egin dute gehienetan. Futbolaren kasua izan da azkenaldiko sonatuena. Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasun eskaria egin zien UEFA eta FIFA nazioarteko erakundeei, 2020ko abenduan. Prozesu hori geldituta dago gaur-gaurkoz.

Eskaera hura gertutik ezagutu zuen David Salinas-Armendariz kirol zuzenbidean espezializatutako abokatuak. Eusko Jaurlaritzako abokatua da lanbidez, eta ezer baino lehen, ohartarazi du «iritzi propio eta pertsonala» dela berea. Uste du federazioak «puntu eta bereiz» egin duela azken boladan: «BERRIAn artikulu bat idatzi nuen horren inguruan: Utzikeria zuen izena. Euskal federazioko zuzendaritza berria, [Javier Landeta] presidentea buru duela, baztertu egin da aurreko zuzendaritzak hasitako bidetik. Azaldu ez diren arrazoiengatik, erabaki du KAAra [Kirolaren Arbitraje Auzitegia] ez jotzea. Gaia hiltzen utzi du, Jaurlaritzaren eta federazioaren artean diseinatutako bide orrian agertzen zen azken urratsa egin gabe utzita».

[Ikusi gehiago: Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria: «Bidea egiten ari gara ofizialtasunean»]

Federazioko zuzendaritza aldatu egin zen 2021eko martxoaren 1ean. Landetak hartu zuen Luis Mari Elustondoren tokia. Salinas-Armendarizen iritziz, zuzendaritza berriak erabakiaren arrazoi juridikoak eta aukerazkoak azaldu beharko lituzke federazioaren datorren batzarrean.

Abokatuak berak aletu du Elustondoren garaiko zuzendaritzak egindako bidea: «Eskaeraren eta ezezkoaren ondotik, barne errekurtso bat aurkeztu zen, UEFAko eta FIFAko batzorde betearazleen konpetentziarik eza argudiatuta, eta organo eskudunak erakunde horien kongresuak direla adieraziz. KAAren aurreko irizpenetan oinarritu zen hori».

Horiek horrela, Jaurlaritzak eta garai hartako zuzendaritzak bat egin zuten egoeraren azterketan: «Ulertzen genuen gai horren inguruan KAAra jotzeko aukera genuela, eta aurrerapauso bat zela hori. Federazioa —Jaurlaritzaren eskutik betiere— UEFAren eta FIFAren kongresuetara joan ahalko zen, bere eskaera bertan egin ahal izateko, historia azaldu eta helburuak aletu. Bada, badirudi egungo federazioak iritzia aldatu duela».

Ofizialtasuna lortzeko bidean, kirol bakoitzak ditu bere oztopoak, bere bideak, eta bere aukerak. Kasuistika zabal horri buruz mintzatu da Patxi Gaztelumendi, Gu ere bai! ofizialtasunaren aldeko taldearen izenean: «Maila ezberdinetako urratsak egin dira, eta konpromisoak ere maila ezberdinetan hartu dira. Aukerak ere kirolez kirol aldatzen dira. Ez dira asko ezagutzen, baina badira nazioartean onartutakoak, normaltasunez lehiatzen direnak. Adibidez, eredugarria da Euskal Herriko federazioak mundu mailako [lur gaineko] sokatira txapelketa antolatu zuela Getxon, eta ofizialki lehiatu zela han. Horretarako, borroka luzea egin dute nazioartean».

-48 federazio daude EAEn
-Eskaera egina dutenak. Hiru.
-Eskaera egitekotan direnak. Zazpi.
-Eskaera egin gabe daudenak. 32.

TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioak 2014an onartu zuen Euskal Herria eskubide osoko kide gisa. Urte hartan bertan estreinatu ziren talde ofizialak Castlebarren (Irlanda) eta Wisconsinen (AEB) jokatutako txapelketetan. Ordea, urte askoko lanaren ondorio izan zen hori, Pikabeak adierazi duenez: «Gu ailegatu aitzinetik egon zen borroka handi bat selekzioa lortzeko bidean. Sakanako emakumeen kasua da. Gu haien ondotik hasi ginen, baina badakigu lan handia egin zutela».

Orain baino lehen, sokatiralariek aldarri ugari egin dituzte ofizialtasun eske. Hego Euskal Herrikoen kasuan, Espainiako selekzioaren izenean lehiatu ziren 1980 eta 1990 bitartean. Aurrez, Euskal Herriak 1978an eskatu zuen estreinakoz TWIF erakundearen onarpena, baina ez zuen halakorik lortu. Ordutik aurrera, kirolariek zenbait ekintza egin zituzten, nazioarteko txapelketak baliatuta. 1988an, Suedian bigarren sailkatu ondotik, nazioarteko federazioari eskatu zioten podiumean Espainiako bandera ez haizatzeko eta ereserkirik ez jartzeko.

Alabaina, sona berezia izan zuen 2001ean Akitako (Japonia) Munduko Txapelketan jazotakoak: TWIFek Espainiako ikurrak onartzeko eskea egin arren, Sakanako emakumezko tiratzaileak ikurrina haizatu zuten urrezko domina jasotzeko ekitaldian. Txapelketatik kanporatu zituzten. Halaber, Goiherriko (Erandio, Bizkaia) tiratzaileek soka askatu zuten 2004ko txapelketako finalean, eta, ondorioz, galdu.

[Ikusi gehiago: Politikaren alorra ere, joko zelai]

Egoerak gogortzera egin zuen ondoren. 2005ean, TWIFek dokumentu bat sinarazi zien euskal tiratzaileei: «Domina irabaziz gero, onartzen dut podiumera igotzea, eta Espainiako bandera eta ereserkia errespetatzea». Euskal Herriko klubek uko egin zioten horri, aho batez, eta nazioarteko txapelketetan lehiatzeari utzi zioten. Hala dio Isaac Izurieta orduko presidenteak TWIFeko Co Coren presidenteari helarazitako gutunak: «Zuk ezarritako baldintzak betetzea bermatu ezin dudanez, eta gure interesa Euskal Herria ordezkatzea denez, jakinarazten dizut uko egiten diogula Espainiaren izenean lehiatzeari, eta baita TWIFeko kide izateari ere».

Hala, euskal herritarrak nazioarteko txapelketatik kanpo aritu ziren 2005 eta 2008 bitartean. Gaztelumendik esan duenez, «planto egin behar izan zuten, baina, orain, mundu mailan lehiatzen ari dira, bai beren klubekin, baita euskal selekzioaren izenean ere».

2008an egin zen lehen urrats ofiziala, Irlandako ordezkaritzak TWIFen ardura hartu ondotik. Onetsi zuten Others [besteak, ingelesez] izendapenarekin parte hartzea, Espainiako ikurrik gabe. Gero, Auzitegi Konstituzionalak 2012an emandako ebazpenak zabaldu zuen ofizialtasunerako aukera, eta 2014an ailegatu zen behin betiko urratsa: Eusko Jaurlaritzak sokatirarentzat beren-beregi prestatutako txosten juridikoari ameto eman zion CSD Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak, eta uztailaren 2an ofizialdu zen selekzioa, TWIF nazioarteko federazioan sartu eta Espainiarekiko lotura oro hautsiz.

Sokatira, aitzindari

Orduz geroztik, sokatira «modu naturalean» ari da nazioartean lehiatzen, Pikabearen esanetan. Bide hori jorratu nahian ari dira euskal kirolari asko, eta, oro har, jarrera eraikitzailea da. Hala azaldu du Gaztelumendik, Gu ere bai taldeko kideak: «Ofizialtasunaren aldarrikapena guztiekin egiteko borondatea dugu, eta hala agertu diegu bildu garen klubetako zuzendaritzei eta harremana dugun hainbat diziplinatako kirolariei. Jaurlaritzarekin ere harreman zabala, gardena eta iraunkorra izan dugu hasieratik, eta hainbat bilkura egin ditugu Jon Redondok [Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak] gidatzen duen sailarekin».

Sail hori izan zen, halaber, futboleko federazioaren galdea hauspotu zuten eragileetako bat. Gaztelumendiren esanetan, hiru inflexio puntu azpimarratu behar dira gai horretan. Lehendabizikoa, 2018an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako klubek Durangon (Bizkaia) egindako batzarrean onartutakoa: «Aho batez onartu zuten FIFAn eta UEFAn ofizialtasuna aldarrikatu eta defendatu behar zela».

Horrek piztu zuen apur bat ofizialtasunaren gaia. Esaterako, orduan sortu zuten Gu ere bai! egitasmoa. Gaztelumendik adierazi du «indar batuketa hori ordezkatu nahi» izan zuela, eta 2020ko eskaera ere ekarri du hizpidera: «Batez ere, Jaurlaritzak bultzatu zuen. Aurretik, Costa Ricaren aurkako partida jokatu zen Eibarko Ipuruan, eta ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egin zen. Guk sinadura bilketa eta mobilizazio batzuk egin genituen, eskaera UEFAra eta FIFAra eraman zedin. Oihartzuna izan zuen, eta Elustondok kudeatutako zuzendaritzak egin zuen.Gure ustez, berandu, dena esaten hasita».

Elustondoren aroa igarota, Landetaren agintaldian lehortea nagusitu da. Jokamolde horrekin kritiko mintzatu da Gu ere bai-ko ordezkaria: «[Federazioko hauteskunde] Kanpainan, urratsak egiteko borondatea aurkeztu zuten bi hautagaiek [Landetak, eta Koikili Lertxundik], baina Landetaren federazioak hutsaren hurrengoa egin du, eta aukerak bazterrean utzi ditu». Gaineratu du presidentearekin biltzeko abagunerik ez dutela izan, eta ezin izan dituztela azaldu beren proposamenak, iritziak eta ikuspegiak aurrez aurre.

Salinas-Armendarizek, berriz, «azalpenak emateko beharra» azpimarratu du. Legelariak dio Landetak «batzarraren aurrean» aletu behar dituela xehetasunak: «Gogoratu behar da federazioaren batzarra subiranoa dela, eta Durangon onartu zuela UEFAra eta FIFAra jotzea eta bere eskura zituen lege bide guztiak agortzea. Agindu horrek indarrean segitzen du, eta hori bete den ala ez zuzendaritza berriak azaldu beharko du. Agindua indarrean dago, eta presidentea eta zuzendaritza lotzen ditu, batzarrak bestelako akordiorik egiten ez duen artean». Salinas-Armendarizen arabera, akordio hori «subiranoa da, eta indarrean dago. Beraz, zuzendaritzari dagokio urrats guztiak gauzatzea. Baita nazioarteko kirol epaitegira jotzea ere, horretarako baitago».

Eragileen adostasuna

Oro har, selekzioen ofizialtasunaren gaian nolabaiteko adostasuna dago eragileen artean. Ipuruako aldarriaren kasuan —pankarta bat atera zuten gizonezko futbol selekzioko jokalariek—, nola beste ekitaldietan egindako deiadarrek onespen zabala izan dute, Gaztelumendiren esanetan. Euskal Herriko emakumezkoen taldeak Venezuelaren eta Argentinaren aurkako neurketetan Zubietan egindakoa jarri du adibide: «Realeko eta federazioko arduradunek, jokalariek, entrenatzaileek... Guztiek begi onez ikusi zuten aldarria egitea». Gu ere bai! taldeko kideak gehitu du gauza bera gertatu dela beste kiroletan ere. Kasurako, eskubaloiko nazioarteko lehiaketan, edota errugbi inklusiboko txapelketetan: «Uste dugu horrek lan egiteko modu bat erakutsi duela, eta guri geuri ere erakutsi digu. Jarri gaitu harremanetan hainbat kirolari eta erakunderekin, eta aberastu egin gaitu».

Hala, Gaztelumendik azaldu du harremana jarraitua dela, konfiantzan oinarritutakoa, eta ez dela manifestuetara mugatzen. Horretan sakontzeko, Gu ere bai! taldeak Euskal Selekzioen Mahai Zabal eta Nazionala osatzea proposatu du: «Ordezkaritza behar dute erakundeek, klubek, kirolariek, eta eragile sozialek ere behar dute hitza. Uste dugu orain artean apartean utzi direla eragile sozialak, zaleak eta selekzioen alde dauden herri mugimenduak. Bide guztiak dira behar-beharrezkoak: instituzionala, juridikoa, nazioartekoa, kirol arlokoa. Maila sozialean ere bultzatu beharra dago, eta horretarako aurkeztu ginen orain bi urte».

Izan ere, «ofizialtasunaren eta euskal kirolaren alde» ari da Gu ere bai!. Nork bere herriaren izenean jokatzea baita kirolariek historikoki izan duten desira bat. Pikabeak badaki zer den hori: «Egokitu zaigu Munduko Txapelketan aritzea, eta oso hunkigarria da gure herria ordezkatzea. Hagitz polita da hori egitea».



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia