euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Miren Egaña, irakaslea, hizkuntzalaria eta etnografoa: «Haizearen kontra aritu naiz betidanik» (Berrian)

2020/02/23

Ibilbide luzea eta oparoa egin du hezkuntzan eta ikerkuntzan, askotan garaian garaiko baldintzen, arduradunen eta erabakien kontrakarrean. Eta bakardadean. Giza zientziekiko axolagabekeria salatu du.

Lotura: Berria

Jakes Goikoetxea. 1936ko gerraren ondorioak jasan zituen Donostiako familia bateko alaba: aita preso, ama Habana ontzian Ingalaterrara...; amak, Maria Dolores Goiak, etxean bertan sortu zuen garai hartako lehen ikastoletako bat; bera ere andereño izan zen ikastola hartan; irakasle eta filologia erromaniko ikasketak; Ipar Euskal Herrira joan-etorri asko, pastoralak eta maskaradak ikustera, «hemen inor mugitzen ez zenean»; Derioko ikastaroetan bizkaiera ikasten eta irakasten; Euskal Herrian egin ziren lehen oposizioetan, 1980an, batxilergoko Euskara katedradun; etnografo; euskaldunek Labradorren eta Ternuan utzitako arrastoen ikertzaile; ikertzaile bat bere bakardadean; eta 26 urtez euskara eta gaztelania irakasle institutuetan, gehienak etxe ondoko Zubiri-Manteon, 2006an erretiroa hartu zuen arte, 42 urtez irakasle izan eta gero. Hori guztia eta gehiago da Miren Egaña (Donostia, 1946). Ahoan bilorik gabe hitz egin du, Zurriolako hondartzan hausten diren olatuen doinua lagun, estudioko liburu eta oroigarri ugariak entzule.

Noizbait pentsatu al duzu zure memoriak idaztea?

Ez, ez dut pentsatu. Amak 1951n sortu zuen etxean ikastola, eta xehetasun batzuk idatziak ditut ordenagailuan. Gure mundua oso txikia zen. Umetan ghetto batean bizi ginen Donostiako euskaldunok. Udako arratsaldeetan amarekin Gazteluko Ingelesen Hilerrira joaten ginen, beste ama euskaldun batzuekin topatzera, beste haur euskaldun batzuekin jolastera. Ghetto baten modukoa zen, euskaldunok euskaldunekin hitz egin ahal izateko.

Emakume, euskaldun, lehenengo emakume katedraduna, ikerketan bakarrenetakoa...

Haizearen kontra aritu naiz betidanik. Bakar, erabat anormala sentitu naiz. Institutuko lankideek klaseak bukatu, hurrengoak prestatu eta kito; nik, hori guztia egin, eta etxean ikertzen jarraitzen nuen. Euskara katedradun gehiagok ere egiten zuten: Patri Urkizuk, Alfontso Irigoienek, Xabier Kintanak... Euskaldunok anormal hutsak ginen, edo herri honek behar zuen norbaitek lan hori egitea. Gizarteak ez zigun kasurik egin, niri behintzat ez.

Bazenuen emakume kontzientzia bakardade hartan?

Ikerketa lanetan agian sentitzen nuen gizonen mundu batean nengoela, bestela ez. Ikastolen mundua emakumeena izan zen garai batean. Ama irakaslea izan zen, eta ni ere bai, eta goi mailako ikasketak egin nituen ikastolan lan egiten nuen aldi berean.

Betidanik salatu izan duzu oso bakarrik eta baliabiderik gabe aritu zarela. Zein baldintzatan?

Ikerketak neure kabuz egin izan ditut. Eusko Jaurlaritzatik 1992an jaso nuen laguntza, Ameriketa eta Euskaldunak programa antolatu zuenean. Labradorko eta Ternuako mapetan euskal izenen zein arrasto geratu ziren aztertu nahi nuen. Artean argitaratua zuten Piarres Etxeberriren Itxasoko nabigazionekoa. Hura hartu, errepide mapa bat hartu eta Ternuari itzulia eman nion, liburuari jarraituz. 600.000 pezetako beka bat eman zidaten [3.600 euro]. Etxe bat alokatu behar nuen, alabei neronek ordaindu nien bidaia eta uda osoa pasatu nuen Ottawako artxiboetan, Aitzpea [Leizaola] alaba zaharrena lagun nuela; beste alaba, Usue, etxean geratzen zen. Luzapena eskatu nion Jaurlaritzari, eta erdiaren erdia eman zidaten. Gerora bueltatu nintzen Kanadara, nire kontura. 'Hau zer da?', galdetzen duzu.

Gero zer eta Jaurlaritzak behartu ninduen lan hura gaztelaniaz egitera. Telefonoz deitu zuten, gaztelaniaz egin behar nuela esateko. Asko frustratu ninduen. Sinesten nuen gobernu berri hartan, 1992a zen.

Zientzia goratu egiten da, jainkotu ere bai, baina gorespen eta oihartzun horretatik kanpo geratu ohi dira giza zientziak, humanitateak. Zure ikerketa arloa, etnografia, esaterako.

Desagertuta daude. Unibertsitatean baldin bazaude, agian baliabideak edukiko dituzu; baina gure moduko bakarlariei desagertu zaizkigu bide guztiak. Baita argitaratzekoak ere. Eusko Ikaskuntzak bazituen lanak argitaratzeko aldizkari batzuk, baina desagertu dira. Hamasei ikerketa lerro desagerrarazi dituzte. Ez dago ikerketa lerrorik, ez dago sailik, ez dago argitaratzeko modurik. Niri orain Kanadan argitaratzen dizkidate lanak, ingelesez edo frantsesez.

Eta etnografia lanak egin nahi dituenak, zer aukera ditu?

Beste bide batzuk aurkitu behar ditu. Ni Aranzadikoa naiz, eta badirudi Aranzadik orain argitalpen lerro bat zabalduko duela. Lehen ere Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa argitaratu zigun. Espero dut Kanadako toponimiaren inguruan bildu ditudan guztiak hor liburuki gisa argitaratzea. Bestela, ordenagailuan geratuko dira.

Labradorri eta Ternuari buruzko ikerketak egiten jarraitzen duzu. Sarritan joaten zara Kanadara.

1985ean joan nintzen lehen aldiz Labradorrera, lehen euskal espedizioan. Azkena iaz, Canada Before Canada [Kanada Kanada baino lehen] kongresura, Montrealera. Kanada sortu aurretik, bertako biztanleek harremana izan zuten bikingoekin, euskaldunekin, bretoiekin, normandiarrekin... Ordena horretan azaltzen dute. Harreman horiek nolakoak izan ziren aztertzea nahi zuten. Frantsesek asko idatzi dute horri buruz. Guk Esteban Garibai daukagu, baina ez du inork aipatzen. XVI. mendekoa da, eta frantziarrek baino lehen hitz egin zuen Kanadako indiarrez. Azaltzen du indiarrek, «arrazoimenik gabe», oso azkar ikasten zutela euskara. Gainera, kexatzen da gure herrian [Euskal Herrian] bizi zirenek indiarrek baino askoz ere errazago ikasiko luketela, nahiko balute, baina ez zutela nahi. Garibaik 1571. urtean argitaratu zuen hori. Jakin behar zuten Kanadan.

Oraindik badago zer ikertua euskaldunek Ternuan eta Labradorren utzi zuten arrastoaz?

Bai. Indusketak egin dituzte aztarnak aurkitzen diren lekuetan, eta indiarrenak ez diren zeramika piezak azaldu dira. Euskaldunek eramandakoak. Euskaldunen arrastoak dauden aztarnategietan indiarrenak ere aurkitu dituzte, eta horrek esan nahi du harremana zutela. Oso garrantzitsua da.

Euskal Herria itsasoari begira bizi izan da mende askotan. Hala ere, itsas ondareari bizkarra ematen al zaio?

Hori aldatu da duela urte batzuetatik, Labradorko Red Bayn San Juan baleontzia agertu zenetik. Geroztik, hamalau aurkitu dituzte. Ari da aldatzen, baina egia da bizkarra emanda bizi izan garela.

Sarritan joaten al zara Albaola itsas kultur faktoriara?

Bai, baina udaz geroztik ez naiz izan. San Juan-en barrura sartzera joan nahi dut. Zirraragarria da ontzia nola dagoen ikustea. Lotura handia izan dut ontziarekin, ezagutzen nuen Kanadan ikerketa egiten aritu zen taldea. Udan etxera etorri zen ontzia aurkitu zuen Robert Grenier itsas arkeologoa, eta harekin joan nintzen.

Zer sentimendu eragiten dizu Albaola egiten ari den lanak?

Oso ondo iruditzen zait. 1985ean Kanadan egon ginenean aukera izan genuen San Juan-en soka bat eta ontziaren beste zenbait zati, 1565ekoak, ikusteko. Uretan zeuzkaten, ez zituztelako manipulatu nahi. Kupelak eta hildako bat ere ikusi genituen. Albaolakoak San Juan ontzia egiten hastea ikaragarria iruditu zitzaidan.

Hezkuntza eta euskara uztartu dituzu zure lan ibilbidean. Umeekin hasi zinen amaren ikastolan. Institutuetan, nerabeekin, egin dituzu urte gehienak.

Autonomia izan baino lehenagoko urteak ziren. Bizi nintekeen irakasle gisa, oso gaizki ordainduta, baina pentsatzen nuen handik gutxira lizentziatuak beharko zirela. Horregatik ikasi nuen filologia erromanikoa eta horregatik hartu nuen institutuetako bidea.

Alde batetik, pentsatzen nuen ikastolek bere egingo zituztela ikastetxe publikoak, bertan jendea sartuz, baina ez zen hori gertatu. Bestetik, nire kalkuluetan ez zen sartzen gero gertatu zen gauza bat: gizonezko askok seminarioa utzi zuten, eta hedatzen ari ziren euskal lerroko postuak hartu zituzten. Ardura postuetan sartu ziren, gainera. Nik lizentzia bat neukan, baina maistra zirenak hortxe gelditu ziren. Herri honek eman zien lehentasuna gizon horiei, emakumeei eman beharrean. Emakumeak izan ziren ikastolak beren bizkar gainean hartu zituztenak, inoren laguntzarik gabe; baina etorri ziren gizonak, eta hartu zituzten lanpostuak.

Urte askotan lan egin duzu nerabeekin. Inoiz sentitu al zara haiekin lekuz edo garaiz kanpo?

Bai, urtetik urtera gehiago. Gure garaian nahiko erraza zen eskolak ematea, ikasleek oraindik errespetatzen zutelako irakaslea. Orain ez. Erretiratu nintzenean, lankideei esan nien pena ematen zidatela, zer zetorkien ikusita. Ikasleentzat dena da inposizioa.

Zubiri-Manteoko giroa euskalduna zen?

D ereduak genituen, eta A eredu anekdotiko bat, 12-13 ikaslerekin; baina bat-batean Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen lanbide heziketarekin lotu behar genuela. Lanbide heziketako irakasleei ez zieten euskararik eskatzen, eta gure institutura etorri ziren gehienek ez zekiten. Urtebetean institutua erdaldundu zuten. Orain ikusten ditut ikasle horiek pasatzen, eta inork ez du euskaraz egiten. Lehen batzuek egiten zuten. Hau zer da? Zer ari gara lortzen? Sekulako dezepzioa izan zen. Bi mundu erabat desberdin lotu zituzten.

Minduta zaude, euskararen aldeko egitasmoetan aintzat hartzen ez zintuztetelako.

Euskal munduko edozer gauza zegoen guregandik kanpo. Saiatzen ginen sartzen, baina niri antolatzaileen erabateko blokeoa tokatu zait. Esaterako, Korrikan parte hartzeko, Anoetako Bai Euskarari ekinaldian... Nahi eta ezin. Topatu genuen hesi bat eskola publikoa zenaren kontra, nahiz eta publiko hori euskaraz aritu. Kanpoan uzten gintuzten.

Zure gain sentitu al duzu gizarteak hezkuntzari eskatzen dizkion gauza guztiak?

Eskatu ez, exijitu baizik. Badirudi gurasoek ez dutela obligaziorik seme-alabekiko. Uste dut oso erraz uzten zaizkiola arazo pila bat eskolari. Hori ez da bidezkoa, irakasleak ez baitira hezitzaileak. Hezi behar dute zerbait, baina irakatsi egin behar dute. Gurasoek hezi behar dituzte seme-alabak, eta ikusten da ez dela egiten.

Horri lotuta, uste dut egin zela akats bat, konpondu ez dena. Ikastetxeetan bakea egon zedin, kendu egin zituzten aretoak, eta ikastetxe berrietan ez zituzten egin. Ikasleek batzarrak egitea eta eztabaidatzea ere ikasteko modu bat da, eta hori desagerrarazi zuen Jaurlaritzak. Jada ez dago lekurik ikasleak eztabaidatzen trebatzeko. Irakaskuntzan falta da eztabaidatzen jakitea. Ez da ikasten.

Ikasleek estimatu eta maitatu al zaituzte?

Gerora ikusten ari naiz, kalean agurtzen nautenean. Askoren izenak ahaztuak ditut, aldatu dira eta maiz ez ditut ezagutzen, baina, hala ere, etortzen dira agurtzera, eta horrek poza ematen dit.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia