euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Juan Garai konkistatzailearen “aurpegia zuritzea” leporatu dio EH Bilduk Urduñako Udalari (Argian)

2025/06/16

2025. urtean konkistatzaile baten omenezko monumentu bat egitea "lekuz kanpo" dagoela adierazi dute oposizioko kideek.

Lotura: Argia

Iragan ostiralean inauguratu zuten Juan Garai konkistatzaile urduñarraren omenezko monumentua Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak, Tomás Hernanik eta Aitor Condek, Satlantisko CEOak eta CTOak, Iker Santocildes Urduñako alkateak eta Maria Jesús Pozas Pozas Historian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakasle seniorrak.

Horren harira, EH Bilduk oharra plazaratu du, Garaik Ameriketako jatorrizko herrien kontra egindako "praktika arbuiagarriak" gaitzesteko eta EAJk bere omenezko monumentua jarri izana salatzeko.

Azaldu dutenez, gaur egun, "mundu osoan ari dira kolonizazioa goratzen duten irudiak ezabatzen", bai Latinoamerikan kolonizatzaileen estatuak eraitsiz, eta baita Europan eta Euskal Herrian ere hainbat ekimen egin dituzte, konnotazio kolonialak dituzten kaleen izenak ezabatzeko.

Monumentuaren eta Satlantis enpresa bizkaitarrak urtarrilean konkistatzailearen abizena daraman satelite bat espaziora jaurti izanaren arteko lotura nabarmendu du oposizioko taldeak, bai eta korporazio hori armagintzaren sektorean ere diharduela azaleratu ere. 

Era berean, monumentua egitera bideratutako 26.000 euroen jatorriari zein diru kopuru zehatzari buruzko informazio argirik ez dutela ere azaldu dute. 

Oharrean, kritiko azaldu dira EH Bilduko kideak: "Zergatik zuritu behar dugu konkistatzaile honen aurpegia? Hau al da urduñarrok nahi duguna? Iraganarekin kritikoak izan behar dugu, orain arte kontatu dena zalantzan jarri, eta historia berrirakurri: azken finean, egia, erreparazioa eta justizia eskatu, besterik ez".



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia