euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Boliviako zine jaialditik bueltan, ase-beteta (Aiurri.eus-en)

2019/10/28

Sentsibilizatzeko balio izan dio Arrate Fernandez Itxaso andoaindarrari udan Bolivian bizi izandako esperientziak. Sentsibilizatzeko eta..., asko ikasteko. Hunkituta eta ase-beteta itzuli da bertatik eta Aiurriko irakurleekin elkarbanatu nahi izan du hainbat bizipen.

Aiurri aldizkariaren 547 zenbakian argitaratu den erreportajearen hasiera jarraian. Osorik irakurri nahi duenak, azken aldizkarian aurkituko du.

Lotura: Aiurri.eus

Ainhoa Arozena. Irakasle gisa egiten du lan Arrate Fernandez Itxaso andoaindarrak egun. Arte eszenikoak ere gertu izan ditu beti, bai dantza nola antzerkia. Baina bere pasioa zinemagintza da eta profesionalki arlo horretara jauzi egitea du amets, "bokaziozkoa dut irakaskuntza, baina sorkuntza lantzea gustatzen zait eta trantsizio horretan nabil", dio. Hainbat laburmetraia zuzendu du azken urteotan: Ekintzen ispilu gardena (2003), Arbasoen argi iraunkorra (2005), Maddi eta Patxi (2015) eta Begi ninien koreografia (2018).

Iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuen azken lan hori eta Topaguneako Laburbira zirkuituak hautatu ostean, Euskal Herriko hainbat antzokitan ikusi ahal izan da. 
Zinemarako kolaborazioak ere egin izan ditu, besteak beste, Joxeba Ariznabarretarekin aktore lanetan, Pablo Malorekin argazki zuzendaritzan eta Joxe Mari Goenagarekin produktore bezala.


Orain, dokumental batean buru-belarri ari da lanean, "duela bi urte pasatxo hasi nintzen lanarekin eta dagoeneko elkarrizketa guztiak eginda daude, errodajea ere egina daukagu eta edizio lanean ari gara". Baina joan zen ekainean jaso zuen ustekabeko dei baten ondorioz, bere ibilbidean eten aberats bezain ahaztezina egin du.

Bolivian, epaimahaikide
Izan ere, Boliviatik deitu zioten, XV. Pukañawi Nazioarteko Giza Eskubideen Zine jaialdian epaimahaikide izateko gonbita eginez, eta zalantzarik egin gabe eman zuen baiezkoa. Esperientzia hura bizitu eta gero, indarberrituta ekin dio berriz ere bere bideari. Tartean, Aiurri aldizkariko irakurleekin elkarbanatu nahi izan du Bolivian ikusi eta bizitutakoa, "oinarrizko eskubideak bete gabe dituen herrialde"tik hunkituta eta oso sentsibilizatuta itzuli baita.
Boliviako hegoaldean, Su- cren burutu zen zine jaialdia abuztuaren 12tik 19ra eta, laburmetraien sailean aritu zen epaile lanetan andoaindarra. Egunero, filmak ikustea eta haiek epaitzea izan zen bere zeregina, baita gai ezberdinen inguruko foroetan parte hartzea ere. Aurtengo zine jaialdiak 'Hezkuntza guztiontzat' zuen lelo nagusi eta, besteak beste, haurren egoera izan zuten mintzagai. "Ume asko eskolaratu gabe dago inguru haietan; Hegoamerika guztian milioi umetik gora. Datuak oso altuak dira. Eta eskolara joaten diren umeen artean ere arazo handiak dituzte: bortxatutako haurrak, familia desegituratuetatik etorriak... Babesik handiena eskolan dute haurrek, baina ezin dituzte egun guztia bertan eduki. Eskolan ez dauden umeak, berriz, kalean egoten dira erroskilak saltzen edota etxera eramateko diru eske". 

Egonkortasunik eza
Haurrekin batera, arazoa orokorragoa dela nabarmendu du Arrate Fernandezek, "boliviar askok janari falta dute eta baita lotarako lekua ere. XV. mendeko Espainiaren basakeriaren ondoren, ez dute egonkortasunik lortzen. Korrupzioa, lapurretak, bahiketak, hilketak..., beldurra nagusitzen da eta erne ibili beharra dago. Bizitza eta heriotzaren arteko mugan bizi dira. Kalera atera bai, baina ez dakite bueltan itzuliko ote diren". Egoera horren aurrean, erakundeetatik orain artean ezer gutxi egin dela uste du elkarrizketatuak. "Azken urteetan, Evo Morales, lehen lehendakari indigena dute eta lanean ari dira, baina zailtasun handiekin".

Bolivian bizi diren indigenen komunitateak eta haien hizkuntzak ere mintzagai izan ditu. "Indigenen artean, 36 hizkuntza dauzkate zenbatuta, baina ez dute ofizialtasunik eskuratu eta egunerokotasunean, haietako askok euren hizkuntzaren beharra sentitzen du. Esaterako, medikutara joaten direnean; beren hizkuntzan ezin badute, gaztelaniaz egin beharra baitaukate. Lehenengo eta behin, hizkuntza haiek babestuko dituen elkartea behar dute eta hortik aurrera lanean segi". Indigenen komunitateak defendatzen lan handia eginagatik, hitzarmenik lortzen ez dutela gaineratu du. "Egonaldian zehar, Quechua eta Aimarekin bildu nintzen. Euren arteko gatazkak badituzte, baina batak bestea errespetuz onar zezan gomendatzen nien nik, beraien hizkuntza eta kulturaren balioaz jabe zitezela eta sinergiak bila zitzatela, gatazkak saihesteko". 
Era berean, Hegoamerikaren iragan gogorra hizpidera ekarriz, 50-60 hamarkadetan bizitu zituzten diktadura gogorrak gogoan izan ditu. "Simon Bolivar haientzat Bolivia sortzen lagundu zien iraultzailea da eta inguru haietan, euskaldunen arrastoak agerikoak dira nonahi. Gertuko sentitzen gaituzte euskaldunak eta gure ikuspegi indigena ulertzen dute", azaldu du.

-----

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia