euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

11 Avenue Marceau: indarrezko lapurreta baten istorioa (SabinoArana.eus-en)

2022/06/28

Frankistek Frantziako Gobernuari etengabeko presioa egin zioten eraikinaren titulartasuna eskuratzeko, eta 1951ko ekainaren 28an, eraikina husteko agindu zuten Frantziako agintariek.

Lotura: Sabino Arana Fundazioa

71 urte bete dira gaur Eusko Jaurlaritza bota zutenetik erbestean zeukan Parisko egoitzatik. Euzko Alderdi Jeltzaleak –1937an erosi zuen eraikina alderdiak– urte hauetan guztietan eskatu dio Espainiako Gobernuari gaur egun Cervantes Institutuak darabilen eraikin historiko hori itzul diezaiola.

2010ean, Eduardo Jauregik DEIA egunkarian argitaratutako erreportajean osorik irakur daitekeen istorioaren laburpena honako hau da:

1937ko urtearen hasieran, Rafael Pikabea EAJko diputatu eta Parisko euskal ordezkariak Marceau etorbideko 11. zenbakiko higiezina alokatu zuen, bertan Euzkadiko Gobernuak Frantziako hiriburuan zuen ordezkaritzaren bulegoak egokitzeko eta Euzko Deya aldizkari ofiziala bertatik idazteko.

Handik hilabete gutxira, eraikina erosi zen Ameriketako euskaldunen diruari esker, EAJren eskariz, eta hark Eusko Jaurlaritzari eman zion, erbesteko egoitza nagusia izan zedin.

Alemanek Paris okupatu zutenean, Bigarren Mundu Gerran, espainiar errepublikazaleen ondasun guztiak espainiar estatuaren jabetzatzat aldarrikatu zituzten agintari frankisten esku utzi zen eraikina, 1941. urtean, eraikin hori Espainiako Errepublikaren ondasuna ez zen arren.

1944ko abuztuan, Paris askatu baino egun batzuk lehenago (hil horren 20an), frankistek presaka alde egin zuten Marceau etorbideko eraikinetik. Erretiratze hori aprobetxatuta, euskal talde batek, Leclerc jeneralaren armadako soldaduekin batera, Parisko Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikina berreskuratu zuen. Eta gerra amaituta, Eusko Jaurlaritzak han ezarri zuen egoitza berriro. Hala ere, frankistek Frantziako Gobernuari etengabeko presioa egin zioten eraikinaren titulartasuna eskuratzeko, eta 1951ko ekainaren 28an, eraikina husteko agindu zuten Frantziako agintariek.

Euskal ordezkaritzako kideek beste ordezkaritza batera joan behar izan zuten, hain zuzen ere, Rue Singer karrikara.

Jose Antonio Agirrek honela gogorarazi zuen: “Protesta egiten dut gure Herriaren izenean, erabaki honek erbestean pairatu duen minik handiena eragin diolako, batez ere, askatasunaren eta demokraziaren aldeko ekinean, oinazeak eta sakrifizioak elkarrekin nozitu ditugun lagunek hartu dutelako erabakia, baina guk geuk aipaturiko kausa horiekiko leial izaten jarraituko dugu”.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia