euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Tribual" garatu du CodeSyntax enpresa gipuzkoarrak: 130.000 galdera dituen mugikorrentzako jokoa

2015/06/17

Tribual jolaseko galdera bat
Tribual jolaseko galdera bat

PUBLIZITATEA

Galdera joko "adiktiboa" da Tribual, CodeSyntax enpresako garatzaileek aditzera eman dutenez. Hilabete batzuk daramatza dagoeneko jokoaren lehen bertsioak Google Play dendan eskuragarri, eta erabiltzaileek 300.000 partida jokatu dituzte dagoeneko. Orain bigarren bertsioa plazaratu dute. Jokoak 130.000 galdera ditu eta bi bertsio daude: eleanitza, Android mugikorrentzako eta euskarazkoa (lehen bertsioa) iOS sistemarako.

Donostia-San Sebastian. CodeSyntax enpresak Tribual izeneko jokoa garatu du, eta interneten aprobak eta garapen tarte baten ostean, bigarren bertsio hobetua kaleratu du dagoeneko. Tribual Trivial estiloko jokoa da, gailu mugikorretan erabiltzeko aproposa. Sarean izan den tarte honetan 2.000 lagunek jaitsi dute, eta ia-ia 300.000 partida jokatu dira.

Mekanika errazeko jokoa da "Tribual, Euskaldunon Tribuaren jokoa", garatzaileek aditzera eman dutenez: "Bost galderako sortak erantzutea da koxka, ahalik eta azkarren. Galdera-sorta berbera 2 lagunei ematen zaie: ondoen (eta bizkorren) erantzuten duenak irabaziko du partida, eta besteak galdu. Emaitza horren arabera banatzen dira partida bakoitzean puntuak, eta horrela osatzen da erabiltzaileen sailkapena".

Galdera kopurua handia da, guztira 130.000, hainbat sailetan sailkatuak: kultura, matematika (batuketak, biderketak, ekuazioak,...), serie logikoak, geografia (munduko tokiak, hizkuntzak, herrialdeak eta hiriburuak,...), zinea eta musika, kirola, natura... Gainera, nahi izanez gero jokalariek 3 tribu tematiko --hau da, galdera-multzo tematikoak-- aukera ditzakete: Matematika (matematikako galderak bakarrik), Geografia (munduko lekuak, Euskal Herriko lekuak, argazkiak...), eta Euskal Literaturari buruzkoa, Susa-Armiarmaren lankidetzarekin sortua.

iOS sistementzako lehen bertsioa (euskarazkoa) eskuratzeko jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia