euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean duzue EuskalKultura.com-en Argazki Galeria berria, hamar urte hauetan bildutako Diasporako irudiekin

2014/10/20

Argazki Galeriaren argazkia. Webgunearen lehen orrialdean dago, albisteen ondoren, beheraino joz scroll eginez
Argazki Galeriaren argazkia. Webgunearen lehen orrialdean dago, albisteen ondoren, beheraino joz scroll eginez

PUBLIZITATEA

Lehenengo pausoa besterik ez da, baina hemen da dagoeneko, sartzen joango garenaren adierazgarri. Agindu bezala, Euskalkultura.com berritzen ari gara, eta atal berri hau aurkeztu nahi duzuegu: Argazki Galeria. Ilusio handia jarri dugu bertan, bertara bildu nahi ditugulako urteotan EuskalKultura.com-en batu ditugun Diasporako argazkiak, euskal etxeen festak eta ekitaldiak, Euskal Asteetan egin ditugun argazki kronikak, zuek bidalitako irudiak eta abar luzea. Material asko dugu eta apurka apurka joango gara sareratzen. Gure asmoa euskal etxe eta elkarte guztien irudiak biltzea da eta zuek horiek ikusi, komentatu eta partekatzea. Ateak irekita dituzue, sartu eta hasi ikusmiratzen, etxean zaudete!

Donostia-San Sebastián. Nobedadeekin gatoz gaur, azkenik! Sarean duzu dagoeneko gure Argazki Galeria berria izango denaren oinarria. Emeki emeki bertan argitaratuko ditugu azken hamahiru urteotan EuskalKultura.com-en eta lehenagotik ere biltzen joan garen irudiak. Diasporari buruz luze eta zabal mintzatu gara webgune honetan, munduko euskal etxeen eta euskaldunen jardueren berri emanez. Orain, horiek guztiak, ikusgai ipiniko dugun argazki artxibo batean bilduko ditugu eta, bide batez, aurpegia eta izena jarriko diegu munduan zehar euskal kultura bizirik mantentzen dutenei, duzuenoi.

Galeria gure portadan aurkituko duzue, behean, albisteen azpian. Bertan galeria nagusi bat eta txikiago batzuk izango dituzue bistan. Goiko partean Argazkiak eta Bideoak ataletara sarbidea dago. Argazkiak atalean munduko euskal etxeen argazkiak eta orohar munduan zehar egiten diren euskal jardueren irudiak bilduko ditugu. Bilaketak herrialdeka, bilatzailean izena jarriz edo etiketak baliatuz egin daitezke.

Astero bilduma gehiago

Astero astero berrituko ditugu portadako galeriak eta bertan sartu eta argazkiak ikusi, komentatu eta partekatzeko gonbitea egin nahi dizuegu. Bidenabar, ezagunen bat ikusten baduzue irudian esaiguzue nor den (argazkit batzuetan izen batzuk falta dira eta). Gure asmoa, gogoa zera da: munduko euskal etxe guztietako irudiak biltzea eta etorkizunerako bertan lanean aritu direnen testigantza uztea.

Esan bezala, apurka apurka ari gara Galeria osatzen, urte hauetan guztietan zuen laguntzarekin bildu dugun artxiboa itzela baita. Bilduma berriak sareratu ahala horien berri emango dizuegu, horrela denok elkarrekin gogoratuko ditugu une haiek, edo elkarrekin ikusiko ditugu jarduera berriak. Aurki Paraguaiko eta Argentinako Euskal Asteetan egongo gara, handik ere makina bat irudi ekarriko ditugu!

Besterik gabe, gonbitea egiten dizuegu Galerian sartu eta ikusmiratzen hasteko. Beta bertsioa besterik ez da, baina sartu, kuxkuxeatu, komentatu..., aurrera beldurrik gabe!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia