euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Martin de los Andesko euskal ondorengoak Neuquen probintziako lehenengo euskal etxea sortze bidean

2014/10/09

San Martín de los Andesko Euskal Txokoa-ko kideak abuztuko topaketan (argazkia Fotografia del Sur)
San Martín de los Andesko Euskal Txokoa-ko kideak abuztuko topaketan (argazkia Fotografia del Sur)

PUBLIZITATEA

Euskal jatorriko lagun batzuek deiturik, berehala piztu da Andeen magalean, Lacar lakuaren ertzean dagoen San Martin de los Andes herrian, euskal erakundea sortzeko higidura. Proiektua berri berria da, baina hala ere talde eragileak garrantzi handiko urratsak eman ditu dagoeneko: zuzendaritza batzordea hautatu eta dantza klaseak eskaintzen ditu Neuquen probintzia argentinarreko lehenengo euskal etxea bihurtzeko bidean dagoen Euskal Txokoa elkarteak.

San Martín de los Andes, Argentina. Taldearen lehenengo bilera ekainean egin zen, Gustavo Iturralde eta Manuel Bustingorry antolatzaile. Helburua oso argia zen: San Martin de los Andes mendi-herriko patagoniarreko eta inguruko euskal etorkinen ondorengoak biltzea, euskal kultura bultzatzen eta sustatzen hasteko asmoarekin. Eta asmoa berehala bihurtu da errealitate; deialdiak izandako erantzuna ikusita, bilera berriak deitzea erabaki zuten antolatzaileek hilabetero, azken igandean.

“Topaketa hauek, gero eta jendetsuagoak dira," azaldu dio EuskalKultura.com-i Gustavo Iturraldek. "Azkenera, esaterako, berrogei bat lagun etorri dira eta badakigu beste batzuk ezin izan direla etorri kanpoan zeudelako. Elkarretaratzea Amigos de la Naturaleza izeneko kanpinean egin dugu eta erabaki dugu, baita ere, hemendik aurrera ere bertan biltzea, kanpinaren jabeak euskal jatorria dute-eta. Irailaren 28an egindakoan, gainera, euskal menu moduko bat izan genuen. Familia bakoitzari pintxoak ekartzeko eskatu genion, pintxoak egiteko euskal errezeta liburuetatik aterata bazen ere. Eta bazkari ederra izan genuen. (Abuztuko topaketaren argazkiak hemen; irailekoak, hemen).

Baina topaketak ez dira Euskal Txokoa elkartea egiten hasi den ekintza bakarra. Dantza talde bat ere abiatu dute San Martingo euskaldunek: “Mariana Torres eta Virgiña Nuño dantzariek ematen dituzte klaseak Club de Leones-en, horretarako alokatzen dugun areto batean. Gure xedea da gu ordezkatzen gaituen dantza talde bat izatea herriko ekitaldietan aurkeztu ahal izateko”, adierazi digu Iturraldek.

Eta aukerarik ez zaie faltako dantzariei euskal gizataldearen ordezkari izateko; izan ere datorren otsailean, hiriaren sorreraren urteurrenean, udalak antolatutako ekitaldietan hartuko dute parte dantzari gazteek. “Otsailaren 4an izango da festa eta dagoeneko eskatu dugu leku bat bertan partaide izan ahal izateko. Eta saiatuko gara Barilocheko dantzari batzuk ere ekartzen elkarrekin dantzatzeko”, iragarri du Euskal Txokoa-ren bultzatzaileak.

Geroari begira, ideia eta asmo gehiago badituzte San Martin de los Andesko elkarte berriko kideek: “Badakigu jende gehiago hurbilduko dela; eta gure asmoa da gure deialdia zabaltzea ez euskal ondoregoei soilik baizik eta euskal jatorririk ez izan arren, gurekin lan egin nahi duten guztiei. Gure euskal etxeak euskal kultura sustatzeko helburua izango du, baina gizarte lana eta proiektu solidarioak egiteko ere badugu buruan”, azaldu du Gustavo Iturraldek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia