euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ruper Ordorika Argentinatik: 'Euskal Herritik kanpo euskaldunak ikusteak asko hunkitzen nau'

2009/05/08

Ruper Ordorika Dani Perez gitarrajolearekin Buenos Airesen kantari, bertako Euskaltzaleak-ek antolatutako emanaldian (argazkia EuskalKultura.com)
Ruper Ordorika Dani Perez gitarrajolearekin Buenos Airesen kantari, bertako Euskaltzaleak-ek antolatutako emanaldian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hego Ameriketan da Ruper Ordorika, Pamiela Argitaletxearen eskutik, eta Buenos Aires, Montevideo, Bahía Blanca eta Rosarion aritu da honez gero. Ezagutzen zuen lehenagotik Diaspora, Kubako eta Estatu Batuetako euskaldunekin kontaktuan, baina harritu egin da Buenos Airesen, itzulian bisitatu duen lehenengo hirian, bizitutako giroarekin. “Hemen aurkitu dudan berotasuna eta oihartzuna ez da normala izaten; honek esan nahi du argi dagoela, nire ustez, badagoela hemen dinamika bat, badituzuela euskara klaseak... Euskal presentzia handia nabaritzen dut”.

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. Lehenengo aldia du kantari oñatiarrak Argentinan. Argentina, ordea, munduan euskaldunik edo euskaldunen ondorengorik gehien duen nazioa da, eta oñatiarra erabat murgildu "gure" artera. Diasporari buruz zer pentsatzen duen galdetutakoan, luze eta zabal ematen du arrapostua: “Beste mundu bat agertzen da hor, eta ni asko hunkitzen nau Euskal Herritik kanpo euskaldunak ikusteak. Gainera, oso jende ona ezagutu izan dut. Gaurko kontzertuaren ostean --Buenos Airesko ‘Plaza Defensa’ Kultua Etxean eman zuen kontzertuaz ari da-- gizon euskaldun bat etorri zait. Hemendik berrogeita hamar kilometrotara bizi omen da. Esan diote nik abesten nuela eta etorri egin da, gizon heldua, mutikotan Argentinara etorritakoa eta Oñatikoa eta nire auzokoa dela esan dit, ni bizi naizen kale ondokoa zen. Holako gauzek zer pentsatu handia ematen didate. Diasporaz ez daukat iritzi bakarra, iruditzen zait indartu egiten duela askotan euskalduntasunari buruz dugun iritzia".

"Han, Euskal Herrian, maiz kontraesan handia sentitzen duzu zenbait egoeratan, eta hona etorri eta gauza batzuk ikusteak batzuetan indarra ematen dizu. Niretzat musikak daukan gauza onena hau da, hona etorri ahal izatea eta hemen bizi izan ditudan baldintza hauetan kantatzea, jendea adi-adi zegoen, ez dakit, egia esateko, espero nuena baino askoz gehiago jaso dut”. “Beste alde batetik, -- segitzen du kantariak-- ikurretan gelditzen den jende asko ere ezagutzen duzu Diasporan, baina badakigu hola dela, hola izan da beti.”

-Nola sortu zen Argentinara eta Uruguaira etortzeko proiektua?

Urtetan ibili naiz hona etortzeko. Dani Perezekin abesten dut, eta ni berarekin daramatzat... ez dakit, sei edo zazpi urte. Buenos Aireskoa da bera. Askotan jotzen dugu elkarrekin eta hori dela eta askotan hitz egiten genuen bidaiari buruz. Nik banekien hango beste musikari batzuk etortzen zirela hona, Eusko Jaurlaritzaren laguntza batzuk hartuta, baina ez nuen asmatzen nola egin. Orain gertatu dena da Pamiela Argitaletxeak ekimen hau izan zuela, 'Siete poetas vascos', zazpi euskal poeten bilduma hau Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztea, eta baita Xamarren liburua ere, eta ideia polita zen halako zerbait egitea.. Nik baditut zenbat kantu, Bernardo Atxagaren eta Joseba Sarrionandiaren letrekin, eta Luigi Anselmirena ere kantatzen dut bat. Eta idazle hauek liburuan horretan daude. Horrela sortu zen hona etortzea, aspaldiko asmo bat gauzatzeko aukera emanez. Han, gure unibertsoan, askotan agertzen dira Argentina, Buenos Aires... Baita musikan ere, tangoarekin. Hemen agian turistifikatuegia dago, baina nik oso hurbiletik jarraitzen dut. Banuen, beraz, hurbiltasun sentipen hori... Bestalde, Dani Perezekin hona etortzea, argentinar batekin hemen jotzea gauza bitxia da.

-Iritsi berri gisa, Argentinaz hartutako lehenengo inpresioa eskatuko dizugu.

Oso denbora gutxi daramat hemen. Ezer esatekotan, iruditu zait badagoela pesimismo handi bat, batez ere jende helduengan, hemengo egoeragatik. Horixe antzeman diet behintzat bildu naizenei. Agian nire inpresioa azalekoa da, ez baitaukat inongo probarik, baina hemen zeinbat jende ondo bizi dela ematen du, hau da, gizarte honetan diruarekin oso ondo biziko dela jendea, eta aldi berean, munduko beste leku askotan bezala, klase ertaina desagertzen ari dela susma nezake eta muturretako gizarte batera joateko arriskua. Baina zer esan dezaket, oso gutxi ikusi baitut. Kontraste handiak ikusten dira hirian. Eraikin oso polita eta ondoan batere zaindu gabeko arkitektura politeko etxe bat. Baina ezin dezaket gauza handirik esan, ez baitut denbora larregirik izan dena ikusteko.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia