euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rodolfo Arruabarrena, “Athletic segitzen dut, bere tradizio eta estiloagatik eta Argentinako futbolarekin daukan kontaktuagatik”

2018/10/02

Vasco Arruabarrena, Boca Juniros Klubeko garaian
Vasco Arruabarrena, Boca Juniros Klubeko garaian

PUBLIZITATEA

Ez da zaila asmatzea zergatik jendeak esaten dion ‘Vasco’ izen handiko Rodolfo Arruabarrena futbolariari. Argentinan jaioa, ezizenak, baina, abizenaren jatorria baino gehiago adierazten du. Izan ere, bere euskal jatorriarekiko lotura estua mantendu duen familia batean hazia da Rodolfo; eta aitaren aldetik Arruabarrena den bezala, amaren aldetik ere euskal abizenekoa da, Haristeguy. Gaur egun Qatarren entrenatzaile diharduen futbolari ospetsuarekin kontaktatatzeko aukera izan du EuskalKultura.com-ek eta egun daraman bizitzaz ez ezik, etorkizunean Euskal Herriko klub batekin lan egiteaz mintzatu zaigu 'Vasco'.

Sabrina Otegi. Rodolfo Martín Arruabarrena Buenos Aires probintziako Marcos Paz herrian jaio zen, Argentinako hiriburutik 60 kilometrora. Oso karrera arrakastatsua izan zuen futbolari gisa, bai Argentinako Boca Juniors-en bai Espainiako Villarreal klubean, ibili zen taldeetako bi aipatzearren. Entrenatzaile moduan ere garaipen ugariko bidea segitu du argentinarrak. Boca Juniors Klubarekin Argentinako lehenengo ligako 2015eko Txapelketa irabazi zuen eta baita 2014-15 Kopa Argentinarra ere. Gaur egun Qatar-eko Al Rayyan klubean dabil zuzendari tekniko eta emaitza oso onak ari da lortzen talde arabiarrarekin ere.

Distantzia gorabehera, eguneroko kontaktua mantentzen du Arruabarrenak Marcos Pazeko bere familiarekin; distantzia ere ez da oztopo izan lehenengo Euskal Diasporaren Egunaren oihartzun arrakastatsua bero dugula EuskalKultura.com berarekin solasteko. Kontatu digu, besteak beste, bere gurasoak Marcos Pazeko Zuhaitzaren Herria Euskal Etxeko kide oso aktibo direla.

-Rodolfo Arruabarrena, begi bistan dago zergatik egin zinen ezaguna ‘Vasco’ izengoitiarekin…

Bai, ezizena abizenagatik jarri zidaten; jatorriagatik, baina argentinarrentzat ahoskatzeko zaila izateagatik ere bai: Errazagoa da ‘Vasco’ esatea. Baina jatorriaren indarra ere hor dago. Aitaren familia gipuzkoarra zen. Gure birraitonak emigratu zuen Argentinara, lan bila, hori izan zen behintzat gure amonak kontatu ziguna.. Amaren aldetik ere Haristeguy da gure abizena, Iparraldekoa.

-Izan duzu Euskal Herria bisitatzeko aukerarik? Badaukazu sendirik bertan?

Zortzi urtez Espainiako Ligan jokatu nuenez, bai, izan nintzen eta Euskal Herriko taldekide asko izan nituen. Asko gozatu nuen euskal sukaldaritzaz eta batez ere Euskal Herriko futbol zelaietan bizi zen giroaz, bereziki San Mamesen, zaharrean, berria oraindik ez baitut ezagutzen, baina imajinatzen dut fenomeno bera biziko dela.

Villarrealen izan nintzen urteetan, eskutitz eta opari asko jaso nituen nire abizen bereko hainbat pertsonarengatik. Familiarrak izan gintezkeela esanez idazten zidaten; baina egiari zor, ez nuen inoiz izan aurrez aurre ezagutzeko aukerarik.

-Hala ere Argentinan zure familiak lotura mantentzen du euskal gizataldearekin. Gurasoak Euskal Etxeko ekitaldietako partaide dituzu…

Sendiak urtero hartzen du parte Marcos Pazeko Euskal Etxearen bazkarian eta baita Immigrantearen Jaialdian ere. Neronek ere transmititu dizkiet bi alaba zaharrei euskal kultura eta familiaren historia, beraiek jakinmina handia zutelako. Gazteenekin ez zen gauza bera izan; ez ziren hain interesatuta agertu, nik ere ez nituen interesatuta ikusten eta ez genuen horri buruz hitz egin. Adinaren kontua izan daiteke…

-Futbolera bueltatuz, Argentinako ligan euskal jatorrizko jokalari ugari izan ditugu, badago miresten duzun inor?

Ez, aita da nik miresten dudan pertsona bakarra. Badakit ez futbolean solik, literaturan, telebistan, politikan-eta izen handiko euskal jatorrizko jende ugari dagoela,  baina ez naiz ni idolo ospetsuzale; miresmena, gure aitari izan nion, eta diot, betidanik eta betiko.  

-Gustatuko al litzaizuke Euskal Herriko klub batean lan egitea?

Euskal Herriko kluben artean Bilboko Athletic da gehien gustatzen zaidana. Futbolean daukan tradizioagatik, jokatzeko estiloagatik, eta azken bolada honetan Argentinako futboleko erreferenteekin izan duen harremanagatik. Esango nuke entrenatzaile guztiei gustatuko litzaiekeela Athletic edo Reala bezalako taldeak zuzentzea, eta sekula ezin da jakin zer pasatuko den etorkizunean. Niri, entrenatzaile gisa hazten segitzea dagokit, ikasten segitzea, eta aukera iritsiko balitz, bi talde handi horiek eskatzen duten mailan erantzun dezakedala erakustea.

-Nolakoa da zure gaur egungo bizitza Qatarren?

Al Rayyan Kluba ari naiz zuzentzen eta orain denboraldiaren erdian gaude. ‘Super Copa’ delako txapelketa irabazi dugu eta lehenengo hiru partidak jokatu ondoren oso ondo kokatuta gaude. Pozik nago eta pixkanaka moldatzen ari naiz hemengo kulturara. Bi urte ibilita nago Dubain eta eskarmentu horrek balio dit. Atsegin dut hemengo entrenatzaile esperientzia, irakasle ona baita, asko ari naiz ikasten eta nire onena ateratzen ari naiz.

-Argentinako zerbait botatzen duzu faltan?

Sendia, besterik ez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia