euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nicolas Echezarreta donostiarrak utzitako legatua da 'San Juan adentro' YouTube kanaleko bideo berriaren gaia

2020/12/15

Egun mahastiak aberastasun diren eremuan, 'San Sebastian' herrixka sortu zuen Nicolas Echezarreta donostiarrak San Juanen
Egun mahastiak aberastasun diren eremuan, 'San Sebastian' herrixka sortu zuen Nicolas Echezarreta donostiarrak San Juanen

PUBLIZITATEA

San Juan, Argentina. San Juan hiriko Eusko Etxeko kide den Eduardo Ochoa da ‘San Juan Adentro’ izeneko YouTube kanaleko arduraduna. Lehenago EuskalKultura.eus-eko orriotan agertu izan dugunez, karia horretara Euskal Herriarekin lotura duten lekuak bisitatzean saiatzen da euskal kutsua duen bertako istorio bat baino gehiago kontatzen. Oraingo bideo honetan Nicolas Echezarretaren historia hartu du abiapuntu eta donostiar honek Andeen magalean utzitako aztarnak erakusten dizkigu.

Buenos Airesko La Vasconia aldizkari ospetsuak jaso zuenez, Nicolas Echezarreta 1870 iritsi zen Argentinara eta zenbait lekutan bizi izan ondoren, San Juan probintzian kokatu, San Juan hiriburuaren 10 km mendebaldera. "Hurrengo urtean Euskariara itzultzen saiatu zen, baina zori apetatsuaren ezbeharrak ukatu egin zioten. Bere herri maitera itzuli ezinik, 1884an ‘Valle del Marquesado’ izeneko landak erosi zituen eta bertan ‘San Sebastian’ izena eman zion herrixka sortu zuen”.

Filmazioan erakusten den bezala, lur eremu ugari utzi zizkion dohaintzan herriari, arrastoa egundaino heldurik, eta eremu horietan Nicolas Echezarreta Merkataritza Eskola, 22 zenbakidun Mendiko Infanteriako Erregimentua eta Betaña Etxea eraikin zituzten.

Bere omenean, gaur egun, herriko etorbide nagusietako batek ‘San Sebastian’ du izena. Etorbidea elizan hasi eta ‘Marquesado’ Klubean bukatzen da. Biak, eliza eta kluba, donostiarrak utzitako lurretan eraiki zituzten. Hauek eta herriarekin eta Echezarretarekin lotura duten beste zenbait bitxikeria kontatzen ditu Ochoak ‘San Juan Adentro’ YouTube kanaleko bideo berrian..


[San Juango Eusko Etxeko Eduardo Ochoak egindako bideoa]

Beste bitxikerien artean, Marquesado Klubeko futbol taldearen bi babesle ‘Navarro’ okindegia eta ‘Bilbao eraikuntzak’ dira.


[Marquesado Klubeko futbol taldeko kamisetak]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia