euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marian Elorzak Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetako arloaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Legebiltzarrean

2017/02/15

Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorza, Europar Gaietarako zuzendari Mikel Anton eta Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria
Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorza, Europar Gaietarako zuzendari Mikel Anton eta Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria

PUBLIZITATEA

Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, datozen urteetarako Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako arloaren ildo nagusiak aurkeztu ditu atzo Legebiltzarreko Europar Gaien eta Kanpo-Harremanetako Batzordearen aurrean. Kanpo-agenda, Basque Country 2020 Estrategiaren eguneratzeak —nazioarteko testuinguru berrira egokitzeko— eta jarduerak ardazteko "aukera-lurraldeak” leheneratzeak markatuko dute.

Vitoria-Gasteiz. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Eusko Jaurlaritzaren datozen lau urteetarako kanpo-agenda markatuko duten ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo asteartea Eusko Legebiltzarreko Europako Gaien eta Kanpo Harremanetarako Batzordeak. Elorzak bere idazkaritzaren ildo nagusiak zerrendatu zituen, besteak beste, Nazioartekotzeko 2020 Basque Country Esparru Estrategia eguneratzea, mugaz gaindiko harremanetan sakontzea, diplomatikoekiko harremanak estutu eta nazioarteko bazkide-sarea zabaltzea. Elorzaren aldamenean egon ziren Europako Gaietarako zuzendari Mikel Anton eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria, Gorka Álvarez Aranburu. 


Marian Elorzaren joan den astearteko agerraldiaren bideo osoa (2h 18' 40'')

Bertan esan zuenez, Euskadi bezalako herrialde txiki batek estrategia komun baten inguruan “borondateak eta ekimenak bateratzea” eskatzen du: Basque Country estrategia eguneratua; munduan aurkezpen-txartel gisa balioko duen marka partekatu bat (Basque Country); eta jarduketak fokalizatzeko “aukera-lurraldeak” definituko dituen leheneratze geografikoa. 

Europa 

Elorzak adierazi zuen Euskadik “pertsonak ardatz dituen” Europar Batasun (EB) sozialean sinesten duela, eta gaur egungo EBa sorrarazi zuten balioak berreskuratzearen alde agertu zen: askatasunaren, demokraziaren, justizia sozialaren eta elkartasunaren babes azaldu duen. Ildo horretatik, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako titularrak bi mugarri nagusi azpimarratu zituen: Europar Batasunaren sorrera ekarri zuen Erromako Itunaren 60. urteurrena datorren martxoan; eta EBaren etorkizunaren inguruan EBako Kontseiluko eta Eskualdeetako Komiteko presidenteek zabaldutako gogoeta-prozesua. 

Azaldutakoaren arabera, Euskadik bi mugarri horiek baliatuko ditu Europaren eraikuntzaren inguruko eztabaida eta gogoeta sustatzeko, eta EBaren etorkizunari buruz euskal ikuspegia bilduko duen dokumentua prestatuko du. 

Eusko Jaurlaritzak Euskadiren presentzia aldarrikatzen jarraitu zuen, bere eskuduntzako eta intereseko gaiak erabakiko diren foroetan. Horregatik, Europako mota guztietako sare, ekimen eta programatan euskal agente publikoen eta pribatuen presentzia areagotu nahi du; era horretan, Euskadi-Basque Country ahotsa hainbat lekutan entzun ahal izateko. Horretarako, Jaurlaritzak proiektuen sustatzaileei aholkularitza eta babes pertsonalizatua eskainiko die, batez ere espezializazio adimenduneko estrategia-arloetan, smart-cities delakoetan, Horizon 2020-an edo Europarako inbertsio estrategikoen funtsean. 

Azkenik, Kanpo Harremanetako idazkariak, azken hilabeteetan, Akitania-Euskadi Euroeskualdeak jasan duen eraldaketa —Nafarroak bat egin ondoren— azpimarratu du. Horri esker, duela 17 urte eten zen “hiruko” elkarlanari berriro heldu ahal izan zaio. Datorren matxoan Euroeskualdeak lehen batzarra egingo duela iragarri du. Bertan hiru erakundeek hartuko dute parte. 

Nazioarteko Harremanak 

Europaren esparrutik kanpo, Marian Elorzak esan zuen datozen lau urteetan, Euskadik jada akordioak badituen nazioarteko erakundeekin (NBE, PNUD, UNESCO) erlazioak sakontzen eta beste erakunde batzuekin akordioak lortzen lan egingo duela. 

Gainera, eta esan zuenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Garapen Iraunkorreko Helburuak abiarazteko Basque Country 2030 Agenda osatzea aurreikusi du. Gizateriaren arazo nagusiei aurre egiteko Nazio Batuek finkatutako 17 helburu dira. Euskal ibilbide-orri honetan, Eusko Jaurlaritzak NBEak alderatu eta baliozkotu ditzan nahi dituen ebaluazio-mekanismoak eta konpromiso zehatzak bilduko dira. 

Marian Elorzak nazioarteko bazkide-sarea zabaldu nahi duela esan du bai Euskadirekin interes amankomunak dituzten gobernuekin baita lidergoko posizioa dutenekin ere. Gaur egun, Bavaria, Flandria, Akiitania, Jiangsú eta Querétarok osatzen dute sare hau eta laister Quebec ere kide izatea aurreikusten da. Gogoratu du Euskadik 76 herrialdetan SPRIren bulegoak eta erakunde-ordezkaritzak dituela, eta nazioarteko 75 saretan hartzen duela parte. Gainera, mundu osoko 25 herrialdetan Euskal Etxeak daude, eta 41 herrialdek kontsuletxeak dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan. 

“Diasporen” arteko elkarrekintza 

Azkenik, Kanpo Harremanetako idazkariak azken urteetan sortutako “diaspora berria” aipatu zuen. Diaspora hau ez dator bat “betirako” emigratzearen antzinako eskemarekin. Orain mugitzeko beste modu batzuk nagusitzen dira eta, kasu askotan, etxera itzultzeko aukera zabalik egoten da. Horregatik, datozen urteei begira, Eusko Jaurlaritzaren helburu izango da diaspora heterogeneo honen beharrei erantzutea, eta “diaspora” diferenteen arteko elkarrekintza sustatzea, bere dinamismoaz baliatuz, Basque Country marka munduan proiektatzeko. 

Ildo horretatik, Marian Elorzak esan zuen Eusko Jaurlaritzak euskal etxeen sarearekin harremanak estutzen jarraituko duela; euskal etxe berriak zabaltzea sustatuko duela; baita Eusko Jaurlaritzak berak iazko uztailean aurkeztu zuen Basque Global Network sare soziala sustatzen jarraituko duela.  Azaldu zuenaren arabera, on line tresna horren bitartez, atzerrian dauden euskal komunitateko pertsonek proiektuak partekatzen dituzte, eztabaidatzen dituzte, elkarri laguntzen diote eta elkarrekin dihardute, “Euskadi mundu osora zabaltzen laguntzen duen euskal komunitate birtual bat” osatuz. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia