euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbatean bukatuko da San Frantziskoko BCC euskal etxearen XVII. golf txapelketan izena emateko epea

2014/09/09

Annamarie Etcheverria Coleman-ek sortu du txapelketako logoa
Annamarie Etcheverria Coleman-ek sortu du txapelketako logoa

PUBLIZITATEA

Heldu den larunbatean, hilak 13, izango da San Frantziskoko Basque Cultural Center euskal etxeak antolatutako XVII. golf txapelketan izena emateko azken eguna. Irailak 27an jokatuko da norgehiagoka San Mateo inguruan dagoen Poplar Creek golf zelaian. “Aurreko urteetan legez, 30 eta 40 lagun artean espero ditugu”, Alain Camou antolatzaileak Euskalkultura.com-i esan bezala.

San Frantzisko, AEB. 125 dolar pagatuta, txapelketan parte hartu eta Basque Cultural Centeren afaltzeko aukera izango dute jokalariek. Orduan banatuko dituzte sariak: 100 dolar kolpe gutxien behar izan dituenarentzat, 50 dolar jaurtiketa luzeena egin duenarentzat, 50 dolar kolpe onena egin duen jokalariarentzat eta beste 100 dolar jokalari guztien puntuaketak pareko jartzen dituen ordenagailu programa batek aukeratutako parte hartzailearentzat. “Lagun batek programatu zuen bereziki iaioak ez diren jokalariak parte har dezaten animatzeko. Horren bitartez onenek bakarrik ez baitute saria jasoko”, Camouren berbetan, BCCren jatetxean edo golfarekin harremana duten negozioetan erabili ahal izateko opari txartelak izan daitezke sariok edo zuzenean dirua, antolakuntzak ez du erabaki oraindik.

Goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00etan bukatzea espero dute. “Bost ordu irauten ditu txapelketak normalean”, esan du antolatzaileak. Dozena bat parte hartzaile daude ziurtatuta dagoeneko baina 30-40 artean espero dituzte. “Txapelketa irekia da, edonork har dezake parte, ez Euskal Etxeko kideek soilik”.

Txapelketarekin batera, hainbat ekimen laguntzeko diru bilketa antolatu nahiko luke Camouk. Dagoeneko “sei edo zazpi” urtetan egin ahal izan du hori baina aurten ezinezko gertatu zaio “txapelketa eta diru bilketaren atzean egotea lan gehiegi delako. Benetan nahiko nukeena da norbait txapelketa antola zezan nik diru bilketa lan egin ahal izateko”. Aurretik antolatutako diru bilketei esker American Liver Foundation, South San Francisco Boys and Girls Club eta Multiple Sclerosis Association of America elkarteak lagundu ahal izan dituzte, beste hainbaten artean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia