euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanpoan dauden Nafarren Eguna ospatuko dute heldu den larunbatean Nafarroako Lekunberrin

2016/06/02

Lekunberriko alkate Natalia Azcona, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Espainiako Nafarroako Etxeen Federazioko lehendakari Salvador Torres aurkezpen-ekitaldian (argazkia Nafarroako Gobernua)
Lekunberriko alkate Natalia Azcona, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Espainiako Nafarroako Etxeen Federazioko lehendakari Salvador Torres aurkezpen-ekitaldian (argazkia Nafarroako Gobernua)

PUBLIZITATEA

Lekunberrin ospatuko da aurten Kanpoan dauden Nafarren XXVIII. Eguna. Espainiako Nafar Etxeen Federazioak Nafarroako Gobernuarekin batera urtero antolatzen duen egun osoko ekitaldi honek foru komunitatetik kanpo bizi diren nafarrak gogoratzea eta euren arteko hainbatentzat --bereziki Espainiako estatuan daudenentzat-- biltzeko aukera bat ematea dauka helburu. Data, berez, larunbata bada ere, bezperan, ostiralean, ekitaldi instituzional batzuk antolatu dira Udaletxean eta baita bisita bat ere Plazaolaren geltokira.

Iruñea-Pamplona, Nafarroa. Kanpoan diren Nafarren 28. Egunaren aurkezpena prentsaurrekoan egin zuen joan den asteartean Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok; ondoan zituela Nafarroako Etxeen Federazio Nazionaleko lehendakari Salvador Torres eta Lekunberriko alkate Natalia Azcona.

Ollok azaldu zuenez, topaketa honetan Espainiako geografian zehar sakabanatutako Nafarroako hamahiru etxeetako ordezkariak izatea espero da (honako lekuetan daude: Kantabria, Burgos, Bilbo, Barakaldo, Arrasate, Gasteiz, Logroño, Zaragoza, Valladolid, Madril, Bartzelona, Valentzia eta Sevilla). Eurentzat prestatutako egitarauak ospakizun ugari biltzen ditu. Bezperan, ostiralean, hilaren 3an, Plazaolako geltokirako bisitarekin eta azalpen-bideo bat proiektatuz hasiko dira ekitaldiak; jarraian, Lekunberriko kaleetatik eta inguruko baserrietatik ibilbide bat egingo da, topaketa aurkeztuko da udaletxean eta Nafarroako Etxeen Federazio Nazionalak Lekunberriri omenaldi bat eskainiko dio.

Larunbatean, hilaren 4an, berriz, goizean, bertaratutako guztiei ongietorria egingo zaie udalerriko plazan herriko txistularien doinuekin, eta ondoren udaletxean agintarien harrera egingo da; segizioan, San Juango elizaraino joango dira kanpai-hots artean, eta eliza horretan bertan meza izango da udalerriko abesbatza partaide.

Ongietorria emateko, agurra eta txupinazoa jaurtiko da udaletxeko balkoitik, txistorra eta sagardoa dastatuko dira trikitilarien doinu artean, herri-kiroletako erakustaldi bat egingo da udaletxeko plazan, eta 14:30ean, bazkari herrikoia, frontoian.

Horrekin batera, goizean zehar Astizko kobazuloak bisitatuko dira, eta 11:00ak eta 14:00ak artean, ordu erdiko bisita gidatuak eskainiko dira Lekunberriko turismo-puntu interesgarrienak bisitatzeko. Arratsaldez, dantzaldia egingo da, Orkestra Gizonarekin, eta inguruko dantzen ikuskizun bat eskainiko da. Bi ekitaldi horiekin amaituko dira ospakizunak.

28 edizio

Kanpoan dauden Nafarren Eguna 1989tik ospatzen da, urtero Nafarroako herri diferente batean; larunbateko topaketarekin 28. edizioa beteko du. Orain arte honako herri hauetan bildu dira kanpoan bizi diren nafarrak: Corella (bi aldiz), Lizarra, Erriberri, Zangoza, Tutera, Iruñea, Elizondo, Viana, Irunberri, Azkoien, Erronkari, Tafalla, Lodosa, Agoitz, Los Arcos, Otsagabia, Milagro, Auritz, Fitero, Arguedas, Artaxoa, Funes, Ultzama, Mendabia, Izaba eta Andosilla.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia