euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Larraza: "Euskal Herrian bizi den jendeak ez daki alde egin behar izan dugunon hutsune eta herriminaz"

2015/09/10

Jose Larraza tolosarrak 19 urte daramatza lanean Madrilen. Canal Plus TVko Robinson Txostena saioan ari da gidoilari eta kazetari (argazkia EuskalKultura.com)
Jose Larraza tolosarrak 19 urte daramatza lanean Madrilen. Canal Plus TVko Robinson Txostena saioan ari da gidoilari eta kazetari (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Duela 42 urte Tolosan jaioa, kazetaria da ofizioz eta afizioz. Hemeretzi urte daramatza Madrilen eta Canal Plus TV kateko Informe Robinson (Robinson Txostena) saioko zutabeetakoa da. Programa hasi zenetik ari da hor lanean eta mundu erdia ibilia du bertarako erreportajeak egiten. Zortekoa jotzen du bere burua, maite duen horretan egiten baitu lan.

Joseba Etxarri. Nafarroako Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza, El Pais egunkariko masterretik eta UAM unibertsitatetik pasa eta Zinema Eskolan amaitu zuen dokumentalen zuzendaritza egiten. Karrera segitzen ari zela hasi zen lanean eta lehenengo urratsak Loiolako eta Donostiako Herri Irratietan eman zituen, albistegietan, eta hortik kiroletara igaro zen Canal Plusen hartu zutenean, Madrilera joan eta urtebete geroago. TV Katea horretako Robinson Txostenean, saioa 2007an hasi zenetik darama eta erreportajeak egiten ditu --gidoilari eta kazetari--, kirolaren inguruan, baina gehienetan kirola aitzaki hartuta pertsonen giza alderdia azpimaratuta norberak bere burua gainditu eta aurrera egiteko daukan gaitasuna gailentzeko, indarrak ustez indarrik ez zegoen lekutik aterata helburuak finkatu eta elastikoa izerdituta borrokatzen den jendearen ahalegina nabarmendurik. "Ahalegintzeak egiten du gizakia gizaki, batzuetan lortu ez izan arren, ahalegintzeak beti merezi baitu" esan digu maiz autogainditze kasuen isla ematen duen kazetariak.

Kirol kazetari legez, historia egin duten ekintza eta pertsonaien zuzeneko lekuko izan zara telebista programak ematen dizun aukera prilegiatutik.

-Zorioneko sentitzen dut nire burua pasio dudan arlo honetan egiten dudalako lan, honek aukera eman baitit munduko txapelketetan egoteko, Eurokopetan, maratoi mundialetan, NBAan, beisbol ligetan... eta leku pribilegiatuetan geinera, hitz eginez eta elkarrizketatuz Estatu Batuetan esaterako Larry Bird bezalako saskibaloi pertsonaia mitikoa, edo Haile Gebrselassie etiopiarra bezalako korrikalari handia edo Paolo Maldini italiarra bezalako futbolariak edo Rada Nadal bezalako tenislariak. Aukera hori izatea egiazko pribilegioa da, soldata jasotzea zinez gustukoa duzun zerbait egiteagatik.

Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Robinson Txostena.

-Canal Plusek hilabetero ematen duen saio bat da, erreportaje edo dokumental luzeak eskaintzen ditu mota askotako istorioak islatuz, kirolarekin nolabaiteko harremana daukatenak, baina gehienetan erronka pertsonalei eta norberaren burua gainditzeko ahaleginei lotuak, gaitzei aurre eginez edo, esaterako, kirola aurrerabide bezala, bizitza-kalitate hobea lortzeko akuilu gisa erabiltzen duten jendeen ahalegina plazaratuz. Mundu errekorrak hausten dituzten pertsonen segimendua egitea ahalbidetzen digu, baina euren alderdi humanoena kaleratuz, edo adibidez ahalbidetzen digu batere ezaguna ez den jendea mapan kokatzea, norbaitek kontatu digulako eta pentsatzen dugulako euren autogainditze ahaleginak merezi duela kontatua izatea. Orain , irailaren 24an, esaterako, gazte afrikar baten istorioa kontatuko dugu, 17 urteak arte modurik apalenean Cabo Verdeko irletako batean bizi zena eta azkeneko bost urte hauetan NBAn jokatzera pasatu dena. 2,21 metro luze da, NBAko altuena alegia, eta Walter Tabares du izena. Cabo Verden egon gara berarekin, Estatu Batuetara abiatu aurretik Atlanta Hawks taldeareki jokatzera.

Hamaika pasadizo izango dituu kontatzeko.

-Zinez markatu ninduen, adibidez, Larry Bird pertsonalki ezagutzea, saskibaloiaren historiako figurarik handienetakoa: ez zen izan batere portaera urruneko figura horietakoa, pertsona apal eta superjatorra baizik, oso pertsona hurbila, nabari zen Indianako herri txiki batekoa zela, eta hori ez du galdu, atsegina eta gure baserritarren pareko persona gertuko eta eskuragarria iruditu zitzaidan. Oso hunkigarria izan zen Inaki Ochoa de Olza mendizale nafarrari buruz egin genuen saioa, 2008an Annapurnan izan zuen istripuaren ondotik izugarria izan zen piztu zuen alkartasuna, eliteko hamalau alpinista euren bizitzak arriskuan jarriz laguntzeko biltzea lortu baitzuen. Edo futbola eta Alzheimerrari buruz egin genuen beste saio bat, ikusiz furbola medio gaitz honek jotako pertsona batzuk euren oroimena astindu eta gogora ekartzen zituztela eta gai zirela gogoratzeko duela berrogei urteko euren ekipoen pasadizo eta alineazioak, euren seme-alabak harrituta utziz. Azpiamarratuko nuke baita ere kirol munduko hainbat izen handien apaltasuna, askok pentsa lezaketenaren kontra, jende normalenen portaera baitaukate, Andres Inisesta, Johan Cruyff eta beste izen asko tarteko.

Nola da Madrilen bizitzea?

-Ez nuen nik honela pentsatu baina 19 urte daramatzat dagoeneko Madrilen eta hemen jaio dira alaba, 12 urtekoa, eta 10 urteko semea. Munduan ezagutzen ditudan hiri guztien artean, irekienetako bat dela uste dut. Inor ezagutu gabe iritsi nintzen hona, fakultateko lagun batzuekin, edo ezin naiz batere kexatu egin didan harreraz. Argi eta garvbi behar dut esan gustatuko litzaidakeela Tolosara gehiago joatea eta gehiago egotea amarekin eta familiarekin. Zenbaitetan joaten gara, udan-eta. Emaztea Iruñekoa daukat eta denbora partekatu behar izaten dugu.

Euskaldun asko Madrilgo diasporan?

-Asko daude, bai. Telebistan bertan, gure katean eta besteetan, kazetaritza munduan badaude andana bat... Orain gutxi aipatzen  nuen lagun batzuekin batzuetan, denbora daramazunean etxetik kanpo, han bizitzen segitzen dutenak, batzuk behintzat, joera daukatela zeu erdi kanpotar-edo kontsideratzeko eta hori ez da bidezkoa. Han bizi direnek ez dakite zer sentitzen dugun bizitzako gorabeherek eraginda kanpoan bizitzen bukatu dugunok. Lagun tolosar onak baditut Argentinan, beste bat Txilen, lagun donostiar bat Lurmutur Hirian.. eta ez zenuke pentsatuko herrimina noraino hel daitekeen, zeure herritik urrun egoteak sor dezakeen hutsunea. Ataka horretatik pasatu denak baino ez daki.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia