euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzaren Diasporarako taldea Madrilen izan da, hiriko euskal lekuak bisitatuz eta bertako euskal elkarteekin bilduz

2017/05/09

PUBLIZITATEA

Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako taldea, duela hiru hilabete eskas bertako arduradun den Gorka Alvarez Aranburu buru, Madrilen izan da joan den asteburuan, euskaldunekin zerikusia daukaten bertako lekuetako batzuk bisitatzeko eta hiriko euskal elkarteetako ordezkariekin biltzeko. Bisita oso interesgarritzat jo dute. Madril eta bertako euskal bizitza bereziki ongi ezagutzen ditu Gorka Alvarezek, zortzi urtez bizi izan baitzen Madrilen, elkarte hauetako batzuetako kide izanez.

Madril, Espainia. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo ordezkaritzako pertsonalak lagunduta, Gasteiztik hurbildutako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza ekipoko kideek zenbait bilera izan dituzte, besteak beste Euskal Etxeko ordezkariekin, Euskal Herrian Sorturiko eta Jatorrizkoen Erret Elkartearenekin, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gorteko Ordezkaritzarenekin eta Txoko Zar Elkarte Gastronomikoarenekin. 

Halaber, euskal ordezkaritzak “Plataforma Salvemos el Frontón Beti Jai” delakoaren eskutik ezagutu ditu pilotaleku enblematiko hori salbatu eta mantentzeko Madrilen egin diren ekimen guztiak, eta egiten ari diren sendotze eta errekuperatze lanak bisitatu ditu, Madrileko Udalaren Ondare Saileko agintariek eta obraren arduradunek lagunduta. 

Beti Jai pilotalekua bakarra da bere ezaugarrietan mundu osoan, eta kultura ondasun izendatuta dago monumentuen sailean. 1893an hasi ziren eraikitzen Marqués de Riscal kaleko 7an eta 10.800 metro koadroko azalera eraikia du. 4.000 ikusleentzako harmailak zituen, burdin landuzko balkoitxodun lau solairutan. Eraikinean hainbat estilo nabari dira –eklektrizismoa edo neomudejarra, esaterako–, baita barneko burdinazko egitura ere. Oso aurreratuta daude zaharberritze lanak, eraikinari emango zaion azken erabilpena erabaki gabe badago ere. 

Bisita programa barneko parte izan ziren baita ere Reina Sofía-ko “Piedad y terror en Picasso. El camino a Guernica” erakusketa ikustea eta bisita Senatura.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia