euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziako euskal etxeek elkar hobekiago ezagutu eta arlo batzuk elkarrekin koordinatu nahi dituzte

2015/05/08

Rene Sallaber eta Beñat Mandagaran (Paue), David Mugica (Bordele), Pantxoa Challet (Paue), Sebastien Daguerre eta Maryse Lartigue (Paris), atzean Joelle Ihidoy (Paue), Asier Vallejo eta Manu Meaurio (Jaurlaritza) (argazkia EuskalKult
Rene Sallaber eta Beñat Mandagaran (Paue), David Mugica (Bordele), Pantxoa Challet (Paue), Sebastien Daguerre eta Maryse Lartigue (Paris), atzean Joelle Ihidoy (Paue), Asier Vallejo eta Manu Meaurio (Jaurlaritza) (argazkia EuskalKult

PUBLIZITATEA

Bilera egin zuten joan den larunbatean Pauen, Frantzian, Jaurlaritzaren aurrean euskal etxe izaera onartua daukaten hiru euskal elkarteek. Pariseko, Bordeleko eta Paue bereko buruzagi eta ordezkariak goizetik bildu ziren, lehenik eta behin elkarren berri eta bizi dituzten egoeren berri elkarri emateko eta hortik abiatuta balizko ekimen koordinatuak abiatzeko aukera aztertzeko, arlo ekonomikoan bereziki. Goiz amaieran, Jaurlaritzako Asier Vallejoren bisita izan zuten, bilkuraren bigarren zati bati ekinez.

Paue, Frantzia. Pariseko, Bordeleko eta Paueko euskal etxeetako lehendakariak eta heiekin batera euskal elkarte horietako beste zenbait ordezkari ere bildu ziren Paueko Lagun eta Maita euskal etxearen egoitzan hiri biarnesean joan den larunbatean eginiko bilkurara. Gai ekonomikoak bilkurako zati handi bat hartu zuen, elkarren artean eginiko solasaldi eta aurkezpenetan, goizez, eta baita ondoren ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertaratuta, bilkurako bigarren parteari ekin zitzaionean,

Goizeko hamarrak aldera hasi zen saioa, partaideak Bordeleko Eskual Etxearen izenean elkarteko lehendakari David Mugica eta lehendakariorde Bruno Luro izanik; Parisekoaren izenean Sebastien Daguerre lehendakaria eta Maryse Lartigue lehendakariordea; eta Pauetik lehendakari Pantxoa Challet eta honekin Beñat Mandagaran diruzaina, Joelle Ihidoy dantza taldeko buru eta diruzainordea eta Rene Sallaber euskal etxezaina. Eguerdi t'erdiak irian, geratu bezala, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak etorri ziren: Asier Vallejo Itsaso, Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, eta Manu Meaurio bere bulegoko teknikari eta europar gaien kudeatzailea.

Goizeko partean hiru euskal etxeek elkarren berri eman eta jaso eta euren jarduera, aurrekontu eta, oro har, errealitateak mahaigaineratu bazituzten, hortik balizko ekimen amankomunak aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertaraturik gaia ekononomikoa izan zen, iazko eta aurtengo dirulaguntzak, epeak, baldintzak, horren guztiaren informazioa nola helarazi eta antzekoak hizpide hartuta, baita hiru euskal etxe frantsesek heien arteko federazio bat osatzeko aukera ere, gaur egun Argentinarrek FEVA, iparramerikarrek NABO eta uruguaitarrek FIVU daukaten bezala.

Aurten urriaren 5eko astean Gasteizen egingo den Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra ere izan zen solasgai, baita denbora gutxi barru ofizialdu daitekeen beste euskal etxe  frantses baten kasua ere, urratsak emanak baititu bide horretan Marsellan euskaldun talde batek.

Bilkuraren amaieran bertan goizetik zegoen Joseba Etxarri ere mintzatu zen, EuskalKultura.com-en izenean. Euskal etxe bakoitzak egiten dituen ekimenek merezi duten oihartzuna lortzearen garrantziaz hitz egin zuen eta dagoeneko Frantziako euskal etxeekin dituen harremanbide eta kontaktu sendoak findu eta areagotzeaz.

Bilkura arratsaldeko sei t'erdiak irian bukatu zen, garaiz zale zirenek telebistaz ematen zuten rugby partida garrantzitsu bat ikusteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia