euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko txakolingileen erakusleiho bihurtu da New Yorken 2015eko Txikifest jaialdia, bosgarrena

2015/05/27

Lepo zegoen Txikito jatetxeko atzekaldea hilaren 17an, aurtengo Txikifestaz gozatzera joan zen jendetzari esker (Argazkia: Txikifest)
Lepo zegoen Txikito jatetxeko atzekaldea hilaren 17an, aurtengo Txikifestaz gozatzera joan zen jendetzari esker (Argazkia: Txikifest)

PUBLIZITATEA

Bosgarren urtez antolatu dute 2015ean, maiatzaren 17an, Txikifest jaialdia Eder Montero eta Alex Raij sukaldariek. New Yorken duten Txikito jatetxearen eskutik, 450 bat lagun inguru bildu ziren txakolinaz eta kalitatezko jakiez gozatzeko. Ekitaldiak, euskal ardogileak ezagutzera emateko ere balio izan zuen. “Banatzaileak eta ardogileak harremanetan jartzen saiatzen naiz beti, erakustazoka moduko bat da hau”, esan dio Monterok EuskalKultura.com-i. Gastuak garbitu ostean, gainera, MS Hope for a Cure elkarteari emango dizkiote irabazi guztiak, dohaintzan.

New York, AEB. Badu bere lekua egina Texasen (AEB) Getariako jatorrizko izendapena duen Rezabal Txakolindegiak eta, orain, New Yorkeko merkatuan sartzeko beta handia izango du, baldin eta Scott banatzailearekin akordio batera heltzea lortzen badu. Ez da, baina, Txikifest profesionalentzako jaialdia bakarrik, nahiz eta horiek ere hurbildu egiten diren. Horregatik, Monterok eta Raijek buruan dute beti upeltegi berriak gonbidatzea, oraindik ozeanoa zeharkatu ez dituzten horiek bereziki. Lan gogorra da eta, tamalez, ez da beti ondo ateratzen, Talleri Upeltegiarekin (Bizkaiko Txakolina) gertatu izan zaien moduan: inportatzailerik ez baitzuten topatu jaialdiaren aurretik. “Ekartzen ditugun txakolin gehienek badute inportatzailea, baina askok ez. Horretan egin behar dugu indar handiagoa. Baina horretarako estamentu ofizialen laguntza handiagoa behar dugu”, esan du sukaldariak.

Enbaxadore lana egiten dabilela badaki Monterok eta, kantitatean baino, aniztasunean jartzen du indarra, txakolinak aukeratzerako orduan. “Erakargarriagoa da horrela ekitaldia”. Edozelan ere, 700 botila inguru hustu dituzte aurtengo edizioan, “10 edo 15 baino ez ziren zabaldu gabe geratu”. Hamazazpi upeltegi izan ziren bertan: Luiza Ripa, Ameztoi, Xarmant, Gorrondona, Uriondo, Gaintxa, K5, Rezabal, Zudugarai, Ulacia, Berroia, Gorka Izaguirre, Hirultza, Txomin Etxaniz, Adur, Maddy eta Talai berri. “Ezin hobeto atera zen dena”, azpimarratu du.

Jatekoaren garrantzia

Txikifesten erregea txakolina bada ere, jatekoaren garrantziaz kontziente da bilbotarra. Baina ez zen bera sukalde kontuetan ibili zen bakarra, aurten beste zazpi jatetxek parte hartu baitute jaialdian: La Newyorkina, Hanjan, Dirt Candy, Nightingale 9, Co Pizzera / Sullivan St. Bakery, Bar Mateo eta Wild Edibles Seafood Bar. Azken honek, mila ostra baino gehiago eraman zituen eta, bere aldetik, Jabugo pernila eskaini zuen Fermin etxeak.

Kolaborazio guztien artean bat aukeratu behar baldin bada, Monteroren hitzak entzun ostean Please Don’t Tell speakeasyrena –alkohola debekatua zegoen garaietako taberna klandestinoek izen hori zuten AEBetan– izan zela esan behar. Pintxo Punch koktela sortu zuen etxe horrek, txakolinaz gain, tekila zuria, siropea eta pomelo zukuarekin egina. “Ikaragarri ona zen”, esan digu antolatzaileak.

Jaialdi solidarioa

Urtero elkarte desberdin bati ematen diote Txikifesten lortzen duten dirua eta, aurten, gastu guztiak garbitzen dituztenean, 15.000 dolar emateko moduan egongo direla uste du Monterok. Esklerosi anizkoitza ikertzeko lanak bultzatzen dituen MS Hope for a Cure elkarteak jasoko du dirua. Azpimarragarria ere bada musutruke kolaboratzen dutela jatetxe eta upeltegiek, beren produktuengatik ezer kobratu gabe.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia